Joan eduki nagusira

zoom José Alenza

José Alenza

José Francisco Alenza García Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoak gaur aurkeztu du Zuzenbidea zarataren aurka liburua. Hainbat prestakuntza- eta lanbide-esparru dituen aditu talde batekin lankidetzan liburua idatzi eta bere zuzendaritza eraman du. Aditu horien artean daude irakasleak, abokatuak eta epaileak. Thomson-Reutersek argitaratu du liburua, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Juridikoen Fakultateak eta Nafarroako Parlamentuak 2011ko azaroaren 9 eta 10ean egindako jardunaldi batzuetan sortu zen liburua egiteko ideia.

Zarataren arazoaren aurrean Zuzenbideak duen egitekoa aztertzen du lanak. José Francisco Alenzak aurkezpen-ekitaldian esan du "borroka luze eta nekagarri" horretan hainbat fronte eta estrategia erabili dituela Zuzenbideak zarataren aurka. Hasieran nor bere kabuz aritzen zen inmisio gogaikarrien aurkako borrokan eta auzo harremanen bidez eta jarduera baimenaren kontrol administratiboaren bidez egiten zen. Herritarren atsekabea eta botere publikoen sentsibilizazioa areagotzen ziren heinean, ordea, pixkanaka ikusi zen neurri horiek ez zirela aski.

Bigarren aldi batean –aipatu du Alenzak-, zarata ateratzen zuten iturrien aurka zuzendutako dispositibo zuzenagoak ezarri ziren, bai eta homologazio betekizunak ezarri eta zarata sortzen zuten iturri nagusien zarata maila mugatu ere (ibilgailuak, hegazkinak, makineria, etxetresnak, etab.).

Horrek ez zuenez giroko zarata jasangarri bat bermatzen, ikuspegi berri bat hartu zen, kutsadura akustikoa osorik hartuko zuen ikuspegi bat. Kutsadura akustiko osoa balioesteko eta bere kartografia egiteko tresna berriak ezartzean datza estrategia berria. Tresna berri horiei esker, kalitate akustikoko helburuak ezartzeko beharrezkoa den informazioa lortzen da eta giroko zarata gutxiagotzeko beste neurri batzuk hartzen dira.

Zaratari buruzko europar zuzentaraua

Europar Parlamentuak emandako 2002/49/CE Zuzentarauak eta Kontseiluak ekainaren 25ean emandakoak, giroko zarataren balioespenari eta kudeaketari buruzkoak, eta bere transposizio arauak, Zaratari buruzko 2003ko azaroaren 17ko 37/2003 Legeak bultzatu zuten estrategia berri hori. Arau horiek daude zaratari buruzko arau multzoaren buru. Arau multzo hori oso sakabanatua eta arlo askotan banatua dago, eta arau eta printzipio oso desberdinek osatzen dute (arlo konstituzionalekoak, arlo zibilekoak, zigor arlokoak, lan arlokoak, administrazio arlokoak, etab).

Liburua ez da "Zuzenbidea zarataren aurka" jardunaldietako txostenen bilduma hutsa, baizik eta hizlarien azterlanei beste ikuspegi eta ikuspuntu batzuk gehitu zitzaizkien, zuzenbideak zarataren aurka erabiltzen dituen erantzun mota desberdinei buruzko ikuspegi oso eta diziplinarteko bat eskaintzeko.

Liburuak hiru atal dauzka. Lehenengoa sarrera da, eta gai orokorrak aztertzen ditu, hala nola zarataren kontzeptu juridikoa, zarata arautzen duen arau multzoaren ezaugarriak eta kutsadura mota berezi honek kaltetutako ondasunak eta eskubideak.

Bigarren atalak hiru kapitulu dauzka, eta gai hau aztertzen du: Zarataren Legeak ezarritako tresna juridikoak kalitate akustikoaren, giroko zaratari aurrea hartzearen eta dagokion zehapen-araubidearen eremuetan.

Hirugarren atalak, era orokorrean tutoretza juridikoa zarataren aurrean izenburua duenak, tutoretza hori lortzeko dauden teknika juridikoen multzo osoa aztertzen du: arlo konstituzionala, arlo zibila eta auzo harremanak, zigor arloa eta lan arloa. Zaratak administrazioarekiko auzien jurisdikzioan nolako tratamendua duen aztertzen du atal horretako azken kapituluak.

José Francisco Alenzaren testuez gain –bereak dira bi kapitulu–, aditu talde heterogeneo baten kolaborazioak ere biltzen ditu, zarataren gaiari buruzko azterketa osatzeko. Profesional hauek dira: Francisco Javier Fernández Urzainqui, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Penaleko Salako epailea; Francisco Javier Pueyo Calleja, auzitegi bereko epailea eta administrazioarekiko auzien arloan aditua; Leticia Jericó Ojer, Raquel Luquin Bergareche eta Beatriz Rodríguez Sanz De Galdeano Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak; Ángel Mª Ruiz De Apodaca Espinosa, Nafarroako Unibertsitateko irakaslea; Catalina Ruiz-Rico Ruiz, Jaéngo Unibertsitatekoa; eta Ana Clara Villanueva Latorre abokatua eta Administrazio Zuzenbideko irakasle elkartua NUPen.