Joan eduki nagusira

zoom Íñigo Lasa Uzcudun

Íñigo Lasa Uzcudun

Iñigo Lasa Uzcudun Nafarroako Unibertsitate Publikoko mikrobiologia katedraduna eta Agrobioteknologia Institutuko zuzendaria (zentro honen titulartasuna CSIC-ek, NUPek eta Nafarroako Gobernuak partekatzen dute) izendatu dute Ikerketa Proiektuen Azpizuzendaritza Orokorreko kudeatzaile, Bioteknologiaren arloan. Ekonomia eta Lehiakortasunaren Ministerioaren Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Zuzendaritza Nagusiak egin du izendapena. Bere funtzioen artean, I+G+b Plan Nazionalaren laguntzak jaso nahi dituzten ikerketa proiektuak eta baliabideak kudeatzea egongo da.

Iñigo Lasa Bioteknologiaren arloko kudeatzailea izango da, lanaldi partzialean, Iruñean garatzen dituen irakaslana eta ikerketa ez dituelako alde batera utziko. Ikerketa Proiektuen Azpizuzendaritza Orokorraren lan nagusia jarduera-programak eta planak aurrera eramatea da, Espainian egiten den ikerketa zientifikoa eta teknikoa finantzatzeko. Zehatzago esanda, Ekonomia Ministerioak urtero hainbat deialdi jartzen ditu abian ikerketa proiektuak finantzatzeko. Sistema teknologiko eta zientifikoko eragileek (unibertsitateek, ikerketa institutuek, ikerketa zentroek, eta abarrek) beren proiektuak aurkezten dituzte deialdi horietan, lehiatzeko.

Lasa Uzcudun Biologia Zientzietan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean (1983-1988). Bakterio termofiloetan manipulazio genetikoa garatzeko tresnei buruzko doktoretza tesia egin zuen, Severo Ochoa Biologia Molekularreko zentroan (1992). Ondoren, Pariseko Pasteur Institutuan doktoretza ondoko egonaldi bat burutu zuen. Gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Mikrobiologia irakasle titularra izendatu zuten (1998), non Ikerketa Agrobioteknologikoaren taldeko arduraduna baita. ANEPek izendatu du talde hau nazioarteko bikaintasun taldea. 2010ean urte sabatikoaren aldi bat egin zuen Cold Spring Harborreko (AEB) laborategietan.

Ikerketa-lerro bat abiatu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, mikrobio-biofilmen eratze-prozesuak ezaugarritzeko. Biofilmak mikroorganismo-komunitateak dira, gainazal geldoei edo ehun biziei atxikiak hazten direnak, eta bakterioek berek sintetizatu duten zelulaz kanpoko matrize batez inguratuta daudenak. Hauxe da bakterioak naturan hazteko berezko modua. Nahiz eta biofilmak egotea ona izan daitekeen (ur-hondakinak tratatzeko liseritzaileak, mukosen kolonizazioa, errizosfera), gehienetan kaltegarriak dira (tutueriak ixten dute, elikadura-industrian kutsakorrak dira, ehunetan eta medikuntza-inplanteetan infekzio kronikoak sortzen dituzte).

Iñigo Lasa ANEPeko (Ebaluazioko eta Prospektibako Agentzia Nazionala) Biomedikuntza arloko atxikia izan da, Molecular Microbiology aldizkariaren editorial board-eko kidea eta Agence Nationale de la Recherche-ko (Frantzia) ebaluazio-paneletako kidea. Ikerketa-proiektuen aztertzailea da Europako hainbat agentziatan. Bere lanari esker 82 argitalpen zientifiko sortu dira (PubMed), 3.300 aipu izan dituztenak, 31ko h indizearekin.