Joan eduki nagusira

Gaixotasunei aurrea hartzeko ariketa fisikoko programak diseinatzea da “Ariketa fisikoa osasuna da: hura agintzea gaixotasunean eta zahartzean” izeneko ikastaroaren helburu nagusia. Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatu du, eta apirilaren 26 eta 27an emango da Osasun Ikasketen Eskolan. Aztertuko diren gaiak dira gainpisua, obesitatea eta diabetesa, zahartzea eta ahultasuna, minbizia, osteoporosia, depresioa, etab. Medikuntzaren, osasunaren eta kirolaren arloetan jarduten duten profesionalei zuzenduak dauden jardunaldi hauek osasunaren eremuko eta ariketa fisikoaren eremuko espezialistek emango dituzte.

Mikel Izquierdo fisioterapian katedradunak eta ikastaroaren irakaskuntza koordinatzaileak jardunaldi hauen garrantzia nabarmentzen du “bertan mintzatuko eta eztabaidatuko delako ariketa fisikoak dituen onura garrantzitsuez hainbat gaixotasunen aurrean, esaterako kardiopatiak, hipertentsioa, minbizia, depresioa eta ahultasuna”. Azaltzen duenez, sedentarismoa bi osasun arazo handirekin lotua dago: alde batetik, gaixotasun kronikoen aurrerapen azkarra ahalbidetzen du, esaterako, infartua edo bularraldeko angina, obesitatea eta diabetesa, poliki-poliki garatzen direnak, eta urte batzuren buruan gaixotasun gisa azaltzen direnak; bestetik, artikulazioen mugikortasunaren eta giharren indarraren galera azkarra dakar, eta horrek pertsona sedentarioen bizi kalitatea okertzen du zahartzarora iristean.

Hondatze hori saihesteko modu hoberena da ariketa fisikoa, gizabanako bakoitzari egokitua, egitea maiztasunez” —azaltzen du—. Ikuspuntu praktiko batetik, dauden arrisku faktoreei aurrea hartzeko eta haien tratamendurako funtsezkoak diren ariketa fisikoko programak diseinatzeko behar den informazioa aurkezten da eguneratze profesionaleko ikastaro honetan. Ariketa fisikoak babesten dituen gaixotasun garrantzitsuenak dira bihotzarekin, odol-hodiekin, liseriketa aparatuarekin, eta gantzen, gluzidoen eta kaltzioaren funtzionamendu-asaldureklin lotuta daudenak.

Jardunaldiak Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolan (Barañaingo etorbidea, z/g) emango dira eta izena emateko kuota 60 eurokoa da; hala ere, badira 20 eta 30 euroko beherapenak profesionalentzat, ikasleentzat eta ikasle ohientzat. Ikaspostu kopurua mugatua da eta izena emateko epea heldu den apirilaren 20an bukatuko da. Interesa dutenek ikastaroari buruzko informazio osoa daukate ikusgai NUPen www.unavarra.es webgunean.