Joan eduki nagusira

zoom Asier Alejok jokoa erakusten du Android tableta batean.

Asier Alejok jokoa erakusten du Android tableta batean.

Asier Alejo Siles Nafarroako Unibertsitate Publikoko Informatikako Ingeniaritza Teknikoko tituludun bat da, eta joko interaktibo bat sortu du Android gailu mugikorretarako, haurrei laguntzen diena euroak erabiltzen eguneroko bizitzaren egoeretan. Joko honen diseinua Asier Alejok egindako Ikasketen Amaierako Lana da, eta horrekin lortu zuen Informatikako Ingeniaritza Teknikoko titulua. Lanaren zuzendaria José Javier Astrain Escola da, NUPeko Matematika eta Informatika Ingeniaritza Saileko irakaslea. Lanak kalifikaziorik handiena lortu zuen. Asier Alejok sortutako jokoaren izena "Dirua zenbatzen ikastea" da, eta doan jaits daiteke Google Play plataformatik.

Proiektuaren ideia sortu zen ikustean desgaitasun intelektuala daukaten pertsonek billeteak eta txanponak erabiltzeko dauzkaten zailtasunak. Jokoa diseinatzeko garaian, aintzat hartu ziren Down sindromea daukaten pertsonak, diruaren balio praktikoaz ez konturatzea gizartean integratzeko oztopoa zaielako. Asier Alejok aitortzen duenez, lanaren azken emaitzaren ondorioa da bestelako erabiltzaileek ere erabil dezaketela, batez ere sei eta hamar urte arteko haurrak.

Asier Alejok ederki asko daki zer nolako arazoak dituzten haurrek dirua erabiltzeko, asteburuetan okindegi batean lan egiten baitu. "Haur asko litxarreriak erostera etortzen dira, eta ez dakite diru aski daukaten erosi dutena ordaintzeko, eta horregatik, batzuetan, itxaroteko esan behar diet, diru xehea itzultzen diedan artean", dio Alejok. Alejo, aurten, Nafarroako Unibertsitate Publikoan Informatika Ingeniaritzako Graduko 4. ikasmaila egiten ari da.

Alejok egin duen azterketaren arabera, Down sindromea daukaten pertsonek eta haurrek daukaten zailtasunik handiena txanponak eta billeteak bereiztea da, edo jakitea produktu bat eros dezaketen txanpon-kopuru jakin batekin, hau da, gauza hori erosteko aski dirua daukaten jakitea, eta produktua erosi eta gero "atzerako dirua" kalkulatzea, produktuaren salneurria ordaintzeko eman duten dirua baino merkeagoa denean.


Txanponak identifikatzea eta atzerako dirua kalkulatzea


Asier Alejok diseinatu duen jokoaren helburua da haurrek ikusiz eta interaktiboki ikas dezaten txanponak eta billeteak identifikatzen, ordainketa zehatzak egiten alegiazko erosketa batean, diruaren balioa ezagutzen eta erosi eta gero, jaso behar den atzerako diruaren kalkulu matematikoa egiten. Jokoak erabiltzaileak gidatzen ditu aplikazioaren barruko ahotsaren grabazioen eta animazioen bidez. Gainera, asmatuz gero, erabiltzaileak saria dauka, eta azken mailara iristen denean diru gehiago edukiko du gauzak erosteko.

Sal-erosketak egiazko produktuekin egiten dira, denda birtual baten jabearen aurrean, edo gero diru xehea itzultzen duen makina automatiko baten aurrean. Erabiltzaileak billeteak eta txanponak kutxa erregistratzaile batera arrastaka eraman, edo makina automatikoaren zirrikituan jarri behar ditu. Honek haurren parte hartzea bultzatzen du.

Orain arte, "Dirua zenbatzen ikastea" jokoa 550 aldiz baino gehiagotan jaitsi da. Egileak aplikazioa hobetzen joateko eta berrikuntzak sartzeko asmoa dauka. Berrikuntza horietako batzuk erabiltzaileek proposatzen dituzte. Bestalde, Asier Alejok asmoa du desgaitasun intelektuala daukaten pertsonekin lan egiten duten elkarteekin harremanetan jartzeko, aplikazio hau erabiltzeko aukera eskaintzeko. Era berean, uste du jokoa erabilgarria dela ikastetxeetan, txanponak eta billeteak erabiltzen erakusteko.