Francisco Medina Herrera Soziologian lizentziadunak doktoretza tesia defenditu du, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta eskolako jazarpena eta bortxaren arazoa aztertu du, Nafarroako Derrigorrezko Bigarren Hekzuntzan. Ikerketa lan honetan jazartzaileen soslaia aztertzen da, eta ikasle bat biktima bihur dezaketen arrisku-faktoreak identifikatzen dira. Francisco Medinaren doktoretza tesiaren izenburua da "Eskola jazarpena eta bortxa Nafarroako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan". Teodoro Hernández Frutos Soziologia irakasleak zuzendu du, eta lortu duen kalifikazioa gai cum laude izan da.
Ikerketa Nafarroa osoko 19 ikastetxeko 732 ikasleren lagin baten gainean egindako azterketaren emaitza da. Ikastetxe horietako zenbait ikasketa-bururen lekukotasunak ere biltzen dira. Ikerketa bigarren hezkuntzako ikasleak hartu ditu aintzat, hezkuntza-ziklo honen hasiera gertatzen baita nerabezaroan sartzea, eta aldi honetan zenbait jokabide, indarkeria kasu, areagotzen baitira.
Medinak bere tesian azaltzen duenez, eskola jazarpena eskoletan eta ikasleen artean gertatzen den bortxa bat da. Ez dagokio bakarrik eraso fisikoari, baizik eta xaxatzea eta larderiazko jokabideen agerpenari ere, ahozko tratu txarra eta bazterketa lagun dituztela. Eskola jazarpenean beti dago botere-desberdintasun bat, denbora aldi luze bat irauten duena eta behin eta berriz agertzen dena.
Tesiak teknologia berrien kausaz sortu diren eskola jazarpenaren fenomeno berriak ere kontuan hartzen ditu, ziberbullina, kasurako. Gizarteak balioak sortzeko garaian jokatzen duen papera kontuan hartzen du, baita ere. Alde horretatik, Medinak nabarmendu du bortxaren eraginpean maiz egoten diren gazteek aukera gehiago daukatela erasokorrak agertzeko beren ikaskideekin, eta indarkeria gatazkak konpontzeko modu egokitzat hartzeko.
Ikerketak identifikatzen ditu, halaber, zeintzuk diren eskola jazarpenean eragina daukaten aldaerak, eta horien artean honako hauek aipatzen ditu: familia, gizarte klasea, egoitza-ingurua, komunikabideen eragina, immigrazioa, generoa, adina edo ezaugarri fisikoak.
Komunikabideei dagokienez, batez ere telebista nabarmentzen du. Telebistan agertzen dira, maiz, baliorik gabeko jokabideak, eta indarkeria justifikatzen da sozialki, helburu bat lortzeko bitarteko bezala, Francisco Medinak bere tesian agertzen duen bezala.
Eragina daukan beste faktore bat immigrazioa da. Ikasle hauek desberdinak izateak ekar dezake beren aurkako eraso xenofoboak gertatzea, baina gutxiagotasunezko egoera hau iraultzea litekeena da, baita ere, eta orduan haiek, frustrazioari irtenbidea emateko, erasotzaile bihurtzen dira.
Arrisku faktoreak
Francisco Medinak zeukan helburuetako bat, ikerketa honetan, hauxe zen: jakitea zeintzuk diren gazte hauek jazartzaile bihurtzen dituen arrisku faktoreak. Hau oso garrantzizkoa da, bere ustez, aurreikuspeneko estrategiak prestatzeko. Jazartzailearen soslaia honako hau da: lorpen akademiko gutxikoa da, sutsua da izaeraz, ez du ikasten esperientziatik eta zigorretik, ez dauka erru-sentimendurik, nabarmendu nahi da besteen errespetua irabazteko eta bera bezala jokatzen duten adiskideen laguntza bilatzen du.
Jazartzaileek beren biktimak baino indar fisiko handiagoa edukitzen dute, eta horretaz baliatzen dira besteak larderiatzeko. Ez zaie ikastea interesatzen, eta ez dira kezkatzen beren jokabide txarrak beren etorkizunari eta beren kalifikazioei eragiten badie. Beren izaera sutsua dela-eta, indarkeria-aurrekariak izaten dituzte, eta ez dira besteen tokian jartzeko gai izaten, beren enpatia-faltarengatik.
Lan honen egilearen arabera, erasotzaileak besteen errespetua eta aitortza irabazi nahi du, uste duelako bere jokabideari esker ezagunagoa izango dela bere ikaskideen artean, baita garrantzizkoagoa ere. Gainera, bere adiskideek antzera jokatzen dute, edo jokabide antisozialen bat izaten dute. Taldea, batzuetan, biktimizazio-prozesuen inguruan sortzen da, eta prozesu horrek indartzen du taldearen jokabidea eta nortasuna.
Medinak azaltzen du nerabeek garrantzia handia ematen diotela berdinen arteko talde bateko kide izateari, eta taldeak bortxazko jokabideak hartzen baditu, taldeko kideek bat egiten dutela jokabide horrekin onartuak direla sentitzeko.
Azkenik, doktoretza tesiak ikasle bat jazarpenaren biktima bihur dezaketen arrisku faktoreak identifikatzen ditu. Generoari dagokionez, mutilek gehiago pairatzen dute jazarpena neskek baino. Biktimak itxurazko ahultasunen bat, edo bestelako akatsen bat eduki ohi du. Honek taldeko gainerakoengandik bereizten du, eta aitzakia izaten da erasotzaileak bere aurka aritzeko.
Jazarpenaren biktimak ikasle onak izaten dira. Ikaskideetako batzuek "pelota" batzuk direla uste dute, eta horregatik xaxatzen dituzte, beren jokabidea aldarazteko. Ikerketak nabarmentzen du, baita ere, biktimak segurtasun handirik gabeko pertsonak direla, erasoei ez dietenak erantzuten; erasotzaileek ahultasun hori aprobetxatzen dute, hain zuzen. Azkenik, adiskide gutxi izateak ere garrantzia dauka jazartzaileen biktima izateko, orduan aukera gutxiago daukatelako laguntza jasotzeko.
Francisco Medina Herrera Nafarroako Unibertsitate Publikoko lizentziaduna da. NUPeko zenbait taldek egindako ikerketa-proiektu batzuetan parte hartu izan du, honako hauetan esaterako: "Nafarroako familiaren bilakaera diziplinarteko ikuspegi batetik (XVI-XX mendeak)" edo "DBHn eskolatutako etorkinen integrazioa Nafarroako gizartean". NUPen 2010. urtean egin zen Espainiako X. Soziologia Biltzarraren antolamenduan lagundu zuen.