Nafarroako Unibertsitate Publikoak topaketa bat egingo du ostegun honetan, martxoaren 14an. Bertan, abokatuek aholkulari fiskalek eta ekonomialariek aztertuko dituzte Iruzur Fiskalaren aurkako Zerga-neurrien Foru Legeak dakartzan berrikuntzak. Zientzia Juridikoen Fakultateak eta Aholkulari Fiskalen Espainiako Elkarteak (AFEE-AEDAF) antolatu dute topaketa, Gurbitzak eraikineko Nicolas de Oresme aretoan izango dena. Topaketaren programa osoa ondoko helbide honetan dago ikusgai: http://www.unavarra.es/actualidad/congresos. Izen-emateak beste helbide honetan egin daitezke: www.aedaf.es (deialdiak).
Fernando de la Hucha Celadorrek, NUPeko Finantza eta Zerga Zuzenbideko katedradunak, aurkeztuko du topaketa, 16:30ean. Bera da topaketa profesional honen zuzendaria, arlo honetako irakaslea den Jugo López Lópezekin batera. Ondoren, bi saio izango dira. Lehenaren izenburua "Zerga-behartuak, preskripzioa eta kautelazko neurriak" izango da. Hizlariak José Javier Zabaleta Zúñiga, Francisco Javier Garde Garde eta Fernando de la Hucha izango dira. Lehena Nafarroako Zerga Ogasuneko Zerga Zerbitzuko zuzendaria da, eta bigarrena abokatua, ekonomialaria eta AFEEko kidea da.
Bigarren saioaren izenburua "Atzerriko ondasunen eta eskubideen gainean informazioa emateko beharra" da. Hizlariak Manuel Arana Soret, Jorge Santos Hernández eta Hugo López izango dira. Lehena Nafarroako Zerga Ogasuneko Planifikazio eta Kontroleko zuzendaria da, bigarrena aholkulari fiskala eta AFEEko kidea, eta hirugarrena Finantza eta Zerga Zuzenbideko irakaslea.
Nafarroako Gobernuak 2012ko urrian onetsi zuen Iruzur Fiskalaren aurkako Zerga-neurrien Foru Legearen proiektua, eta joan den astean bukatu zen tramitazioa Parlamentuan, Ekonomia, Ogasuna, Industria et Enpleguko Batzordeak bere irizpena onetsi zuenean. Proiektuak zehapenak handiagotzen ditu eta hamar urtera arte luzatzen du Foru Ogasunak zorrak erreklamatzeko daukan epea. Gainera, neurri berriak jarri dira, zerga-zorrak ordainduko direla bermatzeko, eta ez-ordaintzeak galarazteko ondoretza-prozesuetan, hartzekodunen konkurtsoetan eta enpresa-desegiteetan. Arau berriak honako kautelazko neurri hau biltzen du: zerga amnistia dakarren edozein erabaki onetsi ahal izateko, beharrezkoa izango dela Parlamentuan gehiengo absolutua izatea.
Azkenik, lege berriak finkatzen du Nafarroako pertsona fisikoek eta juridikoek atzerrian dauzkaten ondasunak (higigaiak eta higiezinak) eta eskubideak aitortu behar dituztela, eta zehapen-erregimen berezi bat ezartzen du, 10.000 euroko gutxieneko isunarekin.