Nafarroako Unibertsitate Publikoko Informatika Ingeniaritzako lizentziaturaren 5. ikasmailako hiru ikaslek begi zolitasuneko joko bat sortu dute, eta bada modua jada Google Play plataformatik doan jaisteko. Jokoaren izena “Guess The Shot” da, eta Igor Trébol Araiz, Cedric Marco Detchart eta Juan Cerrón Gonzálezek asmatu dute "Ordenagailu sareei buruzko aplikazioak" irakasgaian. Eduardo Magañak ematen du irakasgai hori. Nota gorena lortu zuten lanagatik.
“Guess The Shot” jokoa oinarritzen da erabiltzaileen trebetasunean beren adiskideen argazkiei antzemateko ahalik eta denbora tarte txikienean. Aplikazio honetako jokalariek kontu bat sortu eta argazki bat bidali behar diote erregistratutako beste erabiltzaile bati. Jokoak berak eskainitako irudietako bat aukeratuko da edo, bestela, sakelako telefonoarekin egingo da. Argazkia jasotzen duenak argazkian agertzen den elementuren baten izena asmatu behar du, baina, erantzuna ematea zailago egiteko, irudia lausotzen duten iragazki batzuk ezartzeko aukera ematen du aplikazioak.
Argazkiaren beheko aldean hutsik dagoen laukitxo bat agertzen da, asmatu beharreko hitzaren hizki kopurua daukana, eta zenbat eta denbora gutxiago behar izan zuzen erantzuteko, orduan eta puntu gehiago jasotzen dira. Nolanahi ere, jokalariek komodinen laguntza dute, eta haietara pantaila honetatik bertatik sartzen da. Lehenengo komodinak argazkia segundo batez iragazkirik gabe ikusteko aukera ematen du, eta bigarren komodina, berriz, asmatu beharreko hitzaren hizki bat edo bi leku zuzenean jartzean datza.
“Guess The Shot”-en lortzen diren puntuak sailkapen batean gehitzen dira, eta aste bakoitzean hobekien sailkatu direnak edo sailkapen nagusian hobekien sailkatuta daudenak agertzen dira. Horrez gain, joko hau diseinatu dutenek hainbat maila sortu dituzte, eta mailaz igotzeko aukera dago puntuen truke. Mailaz igotzen den heinean, jokoaren trikimailu batzuk agerian jartzen dira. Iragazki berriak ere eskuratzen dira puntuen truke. Orain arte 200dik gora lagunek sortu dute kontu bat eta hasi dira jokatzen aplikazio honekin. Android tabletetarako bertsio bat ere badauka.
Joko honen hiru egileek badute esperientzia web orrialdeak garatzen. Aurreko ikasturtean, "Bide baten historiak" Nafarroan Santiago Bidearen Nafarroako webgunea diseinatu zuen ikasle talde batean aritu ziren. Webguneak Santiago Bideak Nafarroan duen ibiltarteari buruzko informazio geolokalizatua ematen du. "Informazio sistemen kudeaketa" irakasgaian egin zen lan hau. Elisa Guallartek eta Jesús Villadangosek Informatika Ingeniaritzako laugarren ikasmailan ematen dute irakasgai hau.
Talde laneko bi esperientzia hauei esker erronka profesional berriak izango dituzte Igor Trébol, Cedric Marco eta Juan Cerrónek ekainean ikasketak amaitzen dituztenean.