Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko hainbat irakaslek 162 irakaskuntza egonaldi egin dituzte guztira azken hamar urteotan Europako zenbait unibertsitatetan Erasmus programaren bidez. Ekimen honek aukera ematen die irakasle-ikertzaileei egonaldi laburrak egiteko beren espezialitateko gaiari buruzko eskolak ematen dituzten Europako goi mailako hezkuntza instituzioetan. Ematen den irakaskuntza harrerako unibertsitatearen titulu ofizialetako ikasketa programan sartu behar da.

Irakaskuntza mugikortasuneko Erasmus programaren xedea da pedagogia metodoei buruzko trebetasunak eta esperientzien trukaketa sustatzea eta unibertsitateak animatzea eskaintzen dituzten titulazioen edukien aniztasuna zabaltzera eta aberastera. Era berean, programa honek bidea ematen du mugikortasun programa baten onuradun ezin izan diren ikasleek Europako beste herrialdeetako goi mailako hezkuntza instituzioetako irakasleen ezagupenez eta esperientziaz baliatzeko.

Irakasleek beren egonaldietan garatzen duten jarduerak ez du gehieneko mugarik; hala ere, nahitaezkoa da gutxienez bost eskola ordu ematea. Egonaldiaren gehienezko iraupena sei astekoa da, hala ere, bidaia gastuetarako eta mantenurako ematen diren bekak astebetekoak dira gehienez ere.


Hitzarmenak 24 herrialdetako zenbait unibertsitaterekin


Nafarroako Unibertsitate Publikoak hainbat hitzarmen ditu sinatuta egonaldi horiek garatzeko Erasmus programan sartzen diren 150 instituzio baino gehiagorekin 24 herrialdetan. Alemania, Italia, Frantzia eta Portugal dira NUPeko irakasle-ikertzaile gehien jaso dituzten herrialdeak urte hauetan. Hitzarmenak dauzkaten beste herrialde batzuk dira Turkia, Suitza, Finlandia, Eslovenia, Austria eta baltiar errepublikak.

Irakasle-ikertzaileen egonaldi kopuruei dagokienez, 2003-04 ikasturteko 11 eta 2010-11 ikasturteko 22en artekoa da. Mota honetako irakaskuntza ematen duten irakasleak Unibertsitateko sail guztietakoak dira. Europako unibertsitateekin hitzarmenak sinatuta dauzkaten fakultateak Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea eta Zientzia Juridikoena dira.

NUPek urtero egiten du beketarako deialdia programa honetan parte hartzen duten irakasleentzat. Ikasturte honetan 16 beketarako deialdia egin zen, eta horiei beste sei gehitu behar zaizkie, hilabete honen amaieran bukatzen den ohiz kanpoko deialdian. Beken esleipendunak hautatzeko, lehentasuna ematen zaie oraindik programan parte hartu ez duten irakasleei.