Jaione Etxeberria Andueza Matematikan lizentziaduna da, eta gaixotasunen irudikapen kartografikoari buruzko bere doktoretza tesia defendatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Eremu geografikoen arabera dauden heriotza (edo intzidentzia) arriskuak kalkulatzeko erabilitako eredu batzuk balioetsi ditu sakon bere tesian. Azaldu duenez, "aurreikuspenak ematen dituzten estatistika tresnak oso erabilgarriak izan daitezke gizartearentzat eta osasunera bideratutako ekonomia baliabideen banaketa hobetzen lagun dezakete".
Bere tesian proposatutako metodologiaren bidez lortzen dira minbiziaren heriotza arriskuen eta kasuen aurreikuspenak hainbat eremutan. Bere lanean Espainiako 50 probintziatako minbizi-erregistroetan lortutako 1975-2008 aldiko prostata minbiziaren heriotza datuak erabili ditu, eta 2009-2011 aldirako heriotza aurreikuspenak ematen ditu. Oro har, estatistika-ereduek espazio-parametro bat dute, gaixotasunen eredu geografikoak deskribatzen dituena; denbora-parametro bat, gaixotasun batek denboran zehar izan duen bilakaeraren aztertzen duena; eta, batzuetan, espazio-denbora elkarreragineko hirugarren parametro bat, aurreko biak konbinatzen dituena. “Beste proposamen batzuekin alderatuta, tesi honetan garatutako espazio-denbora elkarreragineko estatistika-eredua da aukerarik onena hainbat eremutarako arriskuen aurreikuspenak eta aurreikuspen-tarteak egiteko”, esan du.
Etxeberriak azpimarratu du estatistika-prozedurak oso erabilgarriak direla hainbat eskualdetako edo osasun-arloetako heriotza edo intzidentzia arriskuen aurreikuspenak emateko. “Minbiziaren kostu osoak —aipatu du— eragin handia du osasun arloko aurrekontuetan eta gizartean oro har. Minbiziaren prebentziora bideratutako baliabideen banaketa orain arte erabilgarri dauden hilkortasun kalkuluetan oinarrituta dago, baina zifra horiek berandu datoz, minbizi-erregistroak eguneratzea konplexua baita. Horregatik, estatistika tresnak eta ereduak oso interesgarriak dira analisi hori egiteko”.
Gaixotasunen mapa
Tesia “disease-mapping” edo gaixotasunen irudikapen kartografikoa izenaz ezagutzen den estatistikaren esparruan sartzen da. Azterketa horien bidez gaixotasun baten edo batzuen banaketa geografikoa edo espazio-ereduak ezagutu nahi dira, eta, hala, gaixotasun horien kausa izan litezkeen arrisku faktoreak identifikatu. “Ikerketak eskualdeen arabera duen interesaren zioa da, batzuetan, banakako faktoreak ez direla aski gaixotasun baten kausak azaltzeko, eta, horrenbestez, bizilekuaren testuinguru faktoreak ere kontuan hartu behar dira”.
Ohiko moduan, gaixotasun baten heriotza-tasa edo intzidentzia aztertzen den mapetan irudikatzen dira heriotza tasa estandarizatuaren arrazoiak (SMR ingelesezko sigletan) edo intzidentzia estandarizatuaren arrazoiak (SIR) deiturikoak. “Neurri klasiko hauek —azaldu du Jaione Etxeberriak— oso ez-egonkorrak dira, batez ere gaixotasun arraroak aztertzen direnean edo eremu ez oso jendeztatuak direnean, eta litekeena da gaixotasunaren benetako portaera desitxuratzea neurri horiek mapa batean irudikatzen direnean. Horregatik, azken hogei urteetan estatistika-eredu ugari proposatu dira, eremu bakoitzean hiltzeko edo gaixotzeko arriskuaren kalkuluak hobetzen laguntzen dutenak”.
Bere tesian bi prozedura edo test agertzen dira, halaber, elkarreragina espazio-denbora eredu batean sartzea balioesteko modua ematen dutenak. Prozedura hauen emaitzak azaltzeko, Espainiako 50 probintziatan, 1996tik 2005era arteko aldian erregistratutako entzefalo minbiziaren heriotza-tasari buruzko datuak erabili dira.
María Dolores Ugarte eta Tomás Goicoa NUPeko Estatistika eta Ikerketa Operatiboa Saileko irakasleek zuzendu dute Jaione Etxeberriaren ikerketa lana, “Space-time disease mapping: modelling and forecasting”, eta kalifikazio handiena lortu du: gai cum laude. Etxeberria Matematikan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun irakasle laguntzaile aritzen da NUPen eta elkarlanean aritzen da Nafarroako Osasun Publikoko Institutuan-CIBERESP (Epidemiologiako eta Osasun Publikoko Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroa). Ikertzaile gisa, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatutako bi proiektutan parte hartu du, hamaika artikuluren egilekidea da zientzia-aldizkarietan eta hogeita bost aurkezpen egin ditu nazioko eta nazioarteko biltzarretan.