Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitateko Eztabaida Ligaren XII. edizioa martxoaren 13 eta 14an egingo da. Edizio honetan parte hartzen duten taldeek galdera honen inguruan eztabaidatu beharko dute: "Soberan daude udalak eta diputazioak Espainian?". Irabazleak aukera izango du Unibertsitatearen ordezkaria izateko Santanderren G-9 Taldeko V. Eztabaida Ligan, Kantabriako Unibertsitatean apirilaren 18 eta 19an. Txapelketa honetan izena emateko epea zabalik dago eta datorren martxoaren 8an bukatuko da. Lehiaketaren oinarriak eta izena emateko inprimakia http://www1.unavarra.es/cultura/ helbidetik jaitsi.

NUPeko Unibertsitateko Eztabaida Liga Unibertsitate Proiekzioko Errektoreordetzak antolatzen du eta Nafarroako Parlamentuaren lankidetza dauka. Hamabigarren edizio honetan garaile gelditzen denak 700 euroko saria izango du, bigarrenak 500ekoa eta hirugarrenak 300ekoa. Gainera, txapelketan Joaquín Pascal saria emango diote hizlari hoberenari.

NUPek, ikasleen partaidetza sustatzeko txapelketa honetan, abian jarri du kanpaina bat bideo laburren bidez, eta horietan jendaurrean mintzatzera eta beren argudioak defendatzera animatzen zaie. Spotak liburutegian, jantokietan eta ikasgelategiko kafetegian egin dira eta horiek egiten parte hartu dute NUPeko Antzerki Taldeko kideek. http://www.youtube.com/upna helbidean daude ikusgai.

 


Ideien alderaketa jendaurrean


Eztabaidetan parte hartzen duten taldeek aurkako jarrerak defendituko dituzte: talde batek aldeko jarrera izango du eta eta beste taldeak aurkakoa, baina defenditu behar duten jarrera zozketaz erabakiko da eztabaida egin baino minutu batzuk lehenago. Eztabaidak 34 minutuko iraupena izango du. Talde bakoitzak hasierako azalpena egiteko txanda izango du (4 minutu), bi txanda eztabaidarako (5 minutu bakoitzean) eta 3 minutu ondorioak azaltzeko.

Puntuak ematerakoan, epaimahaiak hainbat alderdi hartuko ditu kontuan, esaterako, argudioen aniztasuna, ebidentzien zorroztasuna, eztabaidaren galderari erantzuna ematea, ahotsa zein isiluneak menderatzea, naturaltasuna eta adierazgarritasuna, ikusizko kontaktua, hasiera liluragarriak, argudio zehaztuak, bukaera irmoak, hizkera askotarikoa eta egokia, hitza ematea, txandak egoki erabiltzea, erantzunen arintasuna eta taldearen jokaera.

Talde bakoitza lau edo bost kidek osatuko dute. Horietako bat kapitain gisa arituko da, bi hizlari gisa eta gainerakoak ikertzaile arituko dira. Gainera, aukeran, taldeek tutorea edukiko dute, gaien prestaketan laguntzeko eta zalantzak argitzeko. Tutore hori ez da ezinbestean unibertsitateko kidea izan behar, baina eztabaidak egiten ari direnean, ezin izango du taldearekin inolako harremanik izan.

Ekimen honen helburua da Unibertsitateko ikasleen artean jendaurreko elkarrizketa eta ideien alderaketa sustatzea, betiere, elkarbizitzan trebatzeko eta norberak dituen trebetasunak garatzeko. Hortaz, eztabaida egin aurretik, parte-hartzaileek prestakuntza jasoko dute oratoriako zenbait adituren eskutik. Gainera, torneo honetan parte hartzen duten ikasle guztiek hautaketa libreko kreditu bat edo ECTS kreditu bat jasoko dute. Bestalde, irabazten duen taldeko kideek hautaketa libreko 2 kreditu edo 2 ECTS kreditu jasoko dute.