Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Unibertsitate Proiekzioko Errektoreordetzaren bidez, Graduko ikasleen espedienteetan kredituen aitorpena lortzeko modua ematen duten unibertsitate zabalpeneko jardueren zerrenda eguneratu du. Europako Unibertsitate Eremura egokitutako graduko lehen ikasleek 2012-2013 ikasturtean titulua lortuko dutelako egin da eguneratzea, eta nahitaezkoa zen aipatu zerrendan sartzea bigarren seihileko honetara arte egindako eta aurreikusitako jarduera guztiak, zegokionean aurreikusi ez zirenak.

Unibertsitate Zabalpeneko Jardueretan Parte Hartzeagatik Kredituen Aitorpena Arautzen duen Arautegia 2010eko maiatzaren 14ko Gobernu Kontseiluan onetsi zen. Testuaren eranskinean zehazten dira Nafarroako Unibertsitate Publikoak arautegia onetsi bitartean antolatutako unibertsitate zabalpeneko jarduera guztiak. Hori da orain eguneratu den eranskina.

Unibertsitate zabalpenerako jarduerak dira, arautegi honi dagokionez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatu eta ikasleei pertsona gisa garatzen laguntzen dieten jarduerak hainbat arlotan, hala nola kirola, kultura, hizkuntzen ikaskuntza eta unibertsitate komunitatearekiko eta gizartearekiko konpromisoa. Kategoria honetan sartuko dira, halaber, Unibertsitate zabalpenaren arloan eskumenduna den errektoreordetzak ikasturte bakoitzerako zehazten dituen beste jarduerak bai errektoreordetza honek eskatuta eta bai ikastegiek edo eskolek aurretik hala eskatuta.

6 kreditu gehienez ere

Aipatu arautegiarekin bat etorriz, Graduko ikasleek egiten ari diren ikasketa plan osoan 6 ECTS kreditu lortuko dituzte gehienez ere, unibertsitate zabalpeneko jardueretan parte hartzeagatik. Ikasketa Planak ezarritako aukerako irakasgaien kreditu kopurutik kenduko da aitortutako kreditu kopurua. Eguneratu berri den zerrendako jarduera bakoitzean agertzen da aitortutako kreditu kopurua: kreditu 1etik 6 kreditura artekoa da, jarduera motaren arabera.

Unibertsitate zabalpeneko jarduerengatik gehienez ere lortuko diren 6 kreditu horiei ez zaie zenbakizko kalifikaziorik emango eta Gradu tituluaren ikasketa-espediente espedientearen batez bestekoa kalkulatzeko ere ez dira kontuan hartuko. "Aitortutako jarduera" gisa agertzen dira espedientean.