Joan eduki nagusira

Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialeko Katedrak (COIIN) otsailaren 14an, ostegunean, aurkeztuko du Nafarroako Unibertsitate Publikoan Fuentes Dutor Fundazioa beka. Beka honek hamabosgarren edizioa bete du, industria-ingeniariei zuzenduta dago eta bere helburua da esparru horrekin lotutako proiektu, azterketa edo ikerketa bat egitea, edo ikasketak duela hiru urte baino lehenago amaitu ez dituzten gazte ingeniarien hobekuntza zientifikoa edo teknologikoa sustatzea.

Katedrak NUP eta COIIN ditu kide, eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskolako ekitaldi-aretoan, Haginak eraikinean, 19:30ean, egingo den ekitaldi batean aurkeztuko ditu beka honen oinarriak. Halaber, hamahirugarren deialdiko irabazlean emaitzen berri emango da. Sergio Garcíak irabazi zuen aipatu deialdia "Motosporten aplikatutako ibilgailuen dinamikako software baten garapena" izeneko lanarekin.

Bekak urte bateko iraupena du 2013ko apirilaren 1etik kontatzen hasita, eta irabazleak 7.800 euro gordin jasoko ditu. Dirua hilero ordainduko da. Eskaerak aurkezteko epea irekita dago eta otsailaren 28an bukatuko da. Deialdiaren oinarriak hemen daude: www.coiina.com.

Bekaren esleipenaz arduratuko den batzordeak, beste kontu batzuen artean, balioetsiko ditu aurkeztutako proiektuaren edo azterketaren edukia, eskatzailearen ikasketa-espedientea, hizkuntzen ezagutza edo aurkezten duen beste edozein dokumentazio; hala nola, egindako beste lan edo ikasketa batzuk, edo ikasketen amaierako proiektuak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialak urrian sortu zuten Katedra industria ingeniaritzaren arloetan jakintza sorrarazteko xedez, unibertsitateko ikasleei eta arloko profesionalei zuzendutako prestakuntza eta ikerketa jardueren bidez.

Bi erakundeek sinatutako hitzarmenaren xedea da ikerkuntza aurreratua sortzea, mundu akademikoa eta enpresen mundua modu egokian integratzen laguntzen duena, unibertsitateko ikasleen eta sektore honetako profesionalen prestakuntza praktikoa mesedetzen duena, eta unibertsitate zabalpeneko jarduerak (kultura, kirol eta gizarte arloetakoak) laguntzen dituena.