Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Idoia San Martín, Javier Marcos, Iñigo De la Parra, Miguel García, Luis Marroyo, Pablo Sanchis eta Alfredo Ursúa NUPeko ikertzaileak

Ezkerretik eskuinera, Idoia San Martín, Javier Marcos, Iñigo De la Parra, Miguel García, Luis Marroyo, Pablo Sanchis eta Alfredo Ursúa NUPeko ikertzaileak

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) zenbait ikertzaile datozen hiru urteetan 7 herrialdetako hainbat instituziorekin batera lanean arituko den taldeko kideak dira, bi xede dituen proiektu batean: energia fotovoltaikoaren kupoa % 30era arte areagotzea Europan, eta sistema fotovoltaikoen eraginkortasun energetikoa areagotzea % 9an, jatorri honetako kilowatt-orduaren (kWh) prezioa murrizteko.

“PV CROPS” (PhotoVoltaic cost reduction, Reliability, Operational performance, Prediction and Simulation) proiektua Europar Batasunaren Zazpigarren Programa Esparruak finantzatuta dago (Energia gaiaren inguruko) ikerketa, garapen teknologikoa eta demostrazio ekintzetarako. Guztira ia 6 milioi euroko aurrekontua dauka, eta horietatik, 4 milioitik gora Europar Batzordeak ematen ditu. Lehen lan bilera joan den hilabetean egin zen Madrilen eta, NUPeko proiektuaren arduradun gisa, bertan egon zen Luis Marroyo Palomo Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakaslea. Proiektua osatzen duten hamar lan-multzoetatik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek zortzitan parte hartuko dute, eta haietako biren buru izango dira.

Luis Marroyo irakasleaz gainera, hauek osatuko dute taldea: Pablos Sanchis, Jesús López, Idoia San Martín, Alfredo Ursúa, Miguel García, Javier Marcos, Eugenio Gubía eta Iñigo de la Parra, NUPeko INGEPER ikerketa taldeko kideak (Ingeniaritza Elektrikoan, Potentziazko Elektronikan eta Energia Berriztagarrietan). Parte hartzen duten entitateak dira: Instituto de Energía Solar institutua, Madrileko Unibertsitate Politeknikokoa (UPM), proiektua koordinatzen duena; ACCIONA ENERGÍA (Espainia), INGETEAM (Espainia), RTONE (Frantzia), AMPERE (Frantzia), SunSwith (Belgika) eta REDT (Ingalaterra) enpresak; UPM (Espainia), NUP (Espainia), Évora (Portugal) unibertsitateak; Dublin Institute of Technology institutua (Irlanda), CLSENSES zentro teknologikoa (Bulgaria) eta marokoar energia elektrikoaren merkaturatzailea (Marokoko ONE: Office National de l’Electricité).

Bi xede

Lehen xedea da Europan mota honetako energia % 30era arte sartzeko aukera ematen duten aurrerapen zientifiko-teknologikoak garatzea, bai instalazioen bidez bai teilatu gaineko sistemen bidez. Horretarako, sistema horien bidez sortutako potentzia gorabeherak minimizatzeko lan egingo da, hamar minututan % 10etik beherakoak izan arte eta, horrela, sarearen egonkortasuna ziurtatzeko. Luis Marroyok azaltzen duenez "murrizketa hori lortu nahi da dimentsionatu eta kokatze jarraibideen bidez, eta ioi litioko bateriak eta vanadioko bateriak erabiliz biltzeko elementu gisa".

Bestalde, parte-hartzaileek lan egingo dute sistema fotovoltaikoen eraginkortasun energetikoa % 9an areagotzeko, jatorri honetako kilowatt-orduaren (kWh) prezioa murrizteko xedez, "izan ere, hori mugarri bat da teknologia honen garapenean, ohiko energia iturriekin lehiakorra izatera irits dadin". Ildo honetan, proiektuak tresnak garatuko ditu bai sistema fotovoltaikoen diseinu optimizatua lortzeko, bai horiekin jarduteko eta mantentze automatizatua izateko. Gainera, horiek ebaluatzeko behar diren zehaztasun teknikoak definituko dira.

EBren logoa