Joan eduki nagusira

zoom Gabriel Davidovek bere saria jasotzen du

Gabriel Davidovek bere saria jasotzen du

Tesiak 3 minututan lehiaketaren irabazleei sariak emateko ekitaldia egin zen atzo Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Lehen edizio honetan, irabazleak Gabriel Davidov, Nerea Flores eta Jorge Piedrafita izan dira. Ekitaldian 60 pertsona baino gehiago egon ziren, eta Xurxo Mariño neurozientzialariak emandako zabalkunde mintzaldi bat eman zuen: "Bidaia adimenaren makinara".

Diruzko sariaz aparte, irabazleek diploma bana eta zientzia-zabalkundeko liburu sorta bana jaso zituzten. Liburuok Unibertsitateak Laetoli argitaletxearekin batera argitaratzen duen "Las dos culturas" bildumakoak ziren. Alfonso Carlosena Ikerketako errektoreordea izan zen ekitaldiko burua. Eskerrak eman zituen, "lehiaketako parte-hartzaileek jarri dituzten kemena eta gogoengatik". Adierazi zuenez, "prestaketa aldian dauden ikertzaileek bereganatuago daukate zientzia ezagutza zabaltzeko beharra, publiko zabalak uler dezan", eta bereganatze honek eragingo du "datorren ikerketa-belaunaldia, segurutik, gurea baino askoz hobea izan dadin".

zoom Xurxo Mariño hitzaldia ematen ari denean

Xurxo Mariño hitzaldia ematen ari denean

Lehiaketaren helburua da ikertzaileei ikusaraztea zer garrantzizkoak diren komunikazioa eta zientzia zabalkundea. Horretarako, espezializatu gabeko ikus-entzuleei azaldu behar diete beren ikerketaren garapena, eta 3 minutura mugatutako parte-hartze baten eta hizkera erraz eta ulergarri baten bidez egin behar dute. Lehiaketaren lehenengo edizio honetan 41 lehiakide aurkeztu dira, hiru kategoriatan: doktoretza tesiak, master amaierako lanak eta ikasketen amaierako proiektuak. Gabriel Davidov Pardok irabazi du Doktoretza Tesi baten komunikazio hoberenari saria, “Mahats haziaren antioxidatzaileak zure eguneroko dietan” izeneko bere azalpenarekin. 1.000 euro eta diploma jaso zituen. Nerea Floresek irabazi zuen Master amaierako lan baten komunikazio onenaren saria, "Erruki Etxeko egoiliarren soslaiaren bilakaera" azalpenarekin. 500 euro eta diploma jaso zituen. Bere aldetik, Jorge Piedrafitak irabazi zuen Ikasketen amaierako proiektu baten komunikazio oneraren saria, "Boliviako komunitate bakandu batentzako sorkuntza elektrikoa" izeneko azalpenarekin. Honek ere 500 euro eta diploma jaso zituen. Irabazleen mintzaldien bideoak ikusgai daude lehiaketaren web-orrialdean: http://www1.unavarra.es/t3m

NUPeko Ikerketako Errektoreordetzak sustatu du lehiaketa Kultura Zientifikoaren Unitatearekin, Komunikazio Zerbitzuarekin eta Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiarekin batera, eta (FECYT) Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazioaren finantzabidea dauka. Alfonso Carlosena García Ikerketarako errektoreordea izan zen lehen edizio honetako epaimahaiko burua, eta beste lau kide hauek izan ziren epaimahaiko partaideak: José Miguel Múgica Grijalba eta Joaquín Sevilla Moroder NUPeko ikertzaileak, Javier Armentia, Iruñeko Planetarioko koordinatzailea, eta Milagros Vidondo, Onda Ceroko kazetaria.

80.000 milioi neurona

Sari-emate ekitaldi honetan, Xurxo Mariño biologo, neurozientzialaria eta zabaltzaileak "Bidaia adimenaren makinara" hitzaldia eman zuen. Joaquín Sevilla irakasleak egin zuen aurkezpenean azaldu zuen moduan, "Zabalkundearen ekosisteman, Xurxo aski pertsonaia ez ohikoa da: zabalkundea egiten du, baina diziplinaren ezagutza sakonetik". Hori baieztatu zuten mintzaldia entzun zutenek. Ordubetez, Mariñok entzefaloaren funtzionamenduaren berri eman zuen, eta "adimenaren makinaren" zenbait ezaugarri eta trebetasun azaldu zituen. Adibidez, jaiotzen garenean 80.000 milioi neurona dauzkagu, eta segundo bakoitzean bat galtzen dugu; neurona batek 10.000 konexio egiten dituela, batez beste, beste zelula batzuekin, eta neuronak elkarrekin komunikatzen direla "txinpart elektrikoen" bidez, informazio kode binario baten arabera.

zoom Xurxo Mariño (ezk.), Alfonso Carlosena eta Joaquín Sevilla

Xurxo Mariño (ezk.), Alfonso Carlosena eta Joaquín Sevilla

Bere mintzaldian gure buruak nola funtzionatzen duen hartu zuen aintzat, funtzionamendua entzefaloan dauzkagun milaka milioi neuronen jardueraren emaitza delarik. "Esna gaudenean —gogoratu zuen—, entzefaloak zentzumenen informazioa eta oroimenean gordeta daukaguna erabiltzen du, eta inguruko munduaren irudi bat sortzen du; irudi hori, neurri handi batean, asmatua da. Gure neuronen jarduera elektrikoak eta kimikoak sortutako errealitate birtual batean bizi gara". Mintzaldia eta gero, bideo bat eman zen, bere ikerketa taldeak A Coruñako Unibertsitatean egiten duen probetako bat: elkarrekin komunikatzen ari diren neuronen soinu-erregistro bat.

Xurxo Mariño biologoa eta Biologia Zientzietan doktorea da Santiagoko Unibertsitatean (1998) eta Medikuntza Saileko irakaslea A Coruñako Unibertsitatean. Neurofisiologian espezializatua dago eta burmuinaren eta nerbio sistemaren hainbat alderdi ikertzen jarduten du. Lan horri esker ezagutu ahal izan ditu neuronen propietate elektrikoak, beren artean ezartzen dituzten sareak eta beren konputazio mekanismoak. Hainbat aldizkari espezializatutan argitaratu ditu neurozientzari buruzko bere ikerketa-lanak, eta Massachusetts Institute of Technology (MIT) institutuarekin lankidetzan ibili da.

Zientziaren zabalkundeak eta zientziaren eta humanitatearen arteko interakzioak kezkatuta, ezagutza zientifikoa zabaltzeko jarduera asko egiten ditu. Hainbat liburu argitaratu ditu; berriena, “Neurociencia para Julia” izan da, NUPek argitaratua Laetoli argitaletxearekin batera. Culturagalega.org atariko ADN ataleko eta Naukas.es atariko kolaboratzailea da; Galiziatik zehar "Kafe-antzerki zientifikoak" antolatzen ditu, zientzia tabernetara eramanez; eta zientzia zabalkundeko beste hainbat jarduera ere egiten ditu, esaterako “Discurshows” direlakoak –erdiz hitzaldia, erdiz antzerkia–, edo TVGko "Conexions" programako zientziari eta teknologiari buruzko "bakarrizketak". 2011. urtean “I Certamen FECYT de Comunicación Científica” lehiaketako Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen.