Nafarroako Unibertsitate Publikoak astearte honetan, urtarrilaren 22an, I. Prestakuntza Jardunaldia antolatu du Ikaskuntza Zerbitzua (IKZ)ri buruz, izan ere, ikaskuntza akademikoa eta komunitateari zerbitzua uztartzen dituen irakaskuntza metodologia baita. Jardunaldia NUPeko irakasle-ikertzaileei zuzenduta dago, goizeko 9:00etatik aurrera emango da Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan, eta Eloísa Ramírez Vaquero Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordeak inauguratuko du.
Ikaskuntza Zerbitzua ikasketa akademikoei esanahi sozial handiagoa eman nahi dien prestakuntza proposamen bat da, unibertsitateko titulazio guztietan curriculum edukiak garatzeko aukera ematen duena. Dakarren berrikuntza da ikasleen prestakuntza akademikoa inguruaren egiazko beharren testuinguruan eratzen dela eta, horrela, ikasleen prestakuntzan laguntzen dela, hiritar aktibo gisa jarduteko prestatzen baitira.
Gizarte eta Kultura Proiekziorako Errektoreordetzaren Gizarte Ekintzarako Unitateak antolatu du jardunaldia, eta xedea da irakaskuntza metodologia hau ezagutzera ematea irakasle-ikertzaileei eta unibertsitatean bere ezarpena sustatzea. Programan Ikaskuntza Zerbitzua zer den azalduko duten hitzaldiak eta Lehen Hezkuntzako ikastegietan eta unibertsitateetan abian jarri diren hainbat esperientzia ezagutzera emango dituen ponentziak biltzen dira. Ikaskuntza Zerbitzuaren kontzeptua aurkeztuko dutenak Miquel Martínez eta Josep María Puig dira, Bartzelonako Unibertsitateko Hezkuntzaren Teorian katedradunak biak.
Esperientziak NUPen
Jardunaldi honetan azalduko diren ekintza gehienak Nafarroako Unibertsitate Publikotik sustatu dira. Zehazki, Reyes Berruezo Hezkuntzaren Teoria eta Historiako katedradunak, eta Joaquín Sevilla Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasleak, txosten bat aurkeztuko dute eta desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko NUPen garatutako teknologiei buruz mintzatuko dira. Bestalde, Alberto Enrique Nekazaritza Ingeniarien Eskolako zuzendariak praktiketako etxaldean abian jarri diren Ikaskuntza Zerbitzuko hainbat esperientzia azalduko ditu.
"Zopa beroa: Paris 365 Jantokia" ekimenean parte hartzen du NUPek, eta Javier Erro Soziologia Saileko irakasleak eta Eliana Alemán Gizakia Herritar Fundazioaren proiektuen koordinatzaileak aurkeztuko dute ekimena. Nafarroako Unibertsitate Publikoak sustatutako mota honetako beste esperientzia bat da Urretxindorra Proiektua, egoera ahulean dauden Lehen Hezkuntzako haurrei ikasleek laguntzea xede duena. Proiektu hau Natalia Tajadura NUPeko Berdintasun Unitatearen kudeaketariak aurkeztuko du. Saioaren parte hau ixteko, Mutiloako ikastegi publikoan eta Gizarte Lan komunitarioan sustatutako IKZ esperientziak azalduko dira.
Programa amaitzeko, María Rosa Tarradellas Gironako Unibertsitateko Ikasleen, Lankidetza eta Berdintasunerako errektoreordeak hitzaldi bat emango du "IKz-aren instituzionalizazioa unibertsitateetan" gaiari buruz. Jardunaldiaren itxieraren buru izango da Jesús María Pintor Irakaskuntza Antolatzeko errektoreordea. Jardunaldien programa osoa http://www1.unavarra.es/actualidad/congresos helbidean dago kontsultatzeko.