Basoko BHIko Eva Jiménez Siebert ikasleak irabazi du joan den astean Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin zen 49. Matematika Olinpiadaren eskualdeko fasea. NUPeko Matematika Saileko irakasle batzuek prestatu zituzten probak. Horietan Nafarroako Bigarren Hezkuntzako hainbat ikastetxetako ikasleek parte hartu zuten (28 mutilek eta 22 neskak).
Iruñeko San Ignacio ikastetxeko Álvaro Echeverría Cabodevilla gelditu da bigarrena eta Iruñeko El Huerto ikastetxeko Álvaro Carceller Oñate izan da hirugarrena.
Fase honetako lehen hiru sailkatuek aukera edukiko dute nazioko fasean parte hartzeko. Hau Bilbon izango da, apirilaren 3tik 6ra. Irabazleak lortu du, halaber, Espainiako Matematika Erret Elkartearen diploma-egiaztagiri bat, eta urtebeteko bakzide-ikasleren kuota bat. Honek eskubidea ematen dio erakunde horrek argitaratzen duen "La Gaceta" aldizkaria jasotzeko urtebetez, besteak beste.
Goizez eta arratsaldez egin diren probetan, ikasleek matematikako sei problema ebatzi behar izan dituzte. Olinpiadako antolatzaileek izendatutako epaimahaiak ebaluatuko ditu erantzunak. Ezin izan da kalkulagailua erabili proban; bai, ordea, marrazketako tresnak, hala nola erregela eta konpasa.
Urriko, azaroko eta abenduko lau larunbatetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoan prestaketa-saio batzuk egin ziren. Luis Ezquerro Marín katedraduna eta Gustavo Ochoa Lezáun eta Daniel Lasaosa Medarde irakasleak arduratu ziren saio horietaz. Saio hauek segida edukiko dute, Bilboko apirileko proban parte hartuko duten ikasleentzat.
Gogorarazi behar da fase nazionalean lehen sailkatzen direnek aukera izango dutela Nazioarteko 54. Matematika Olinpiadan Espainiako ordezkari izango den taldeko kide izateko, Santa Martan (Colombia), 2013ko uztailean. Halaber, Iberoamerikako 28. Matematika Olinpiadara joateko aukera izango dute; Panaman egingo da 2013ko irailean.
Lehiaketaren helburuak
Matematika Olinpiadak ikasle gazteen arteko lehiaketak dira. Lehiaketa horien helburu nagusia da Matematikaren azterketa sustatu eta zientzia hartan gazte talentudunak garatzea. Lehiaketak hiru fase ditu (tokikoa edo eskualdekoa, nazionala eta nazioartekoa), hurrenez hurren, geroz eta zailtasun handiagoa dutenak. Ez da eduki behar Matematikako ezagutza berezirik fase guztietako problemetan; aitzitik, bilatzen dena da ikaslea arrazoitzeko gaitasunaz baliatzea haiek ebazteko, alegia, egoera berriei aurre egiteko trebetasunaz, bai eta nolabaiteko asmamen (“ideia zoriontsu” izen ez oso zuzenaz ezagutu ohi dena) horretatik pixka bat izatea ere.