Joan eduki nagusira

Gobernu Kontseiluak Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen kanpoko praktiken arautegia onetsi du, eremu honetako errealitatea 1707/2011 Errege Dekretuarekin bat etorrarazteko. Izan ere, dekretu honek ondoren aipatzen diren gorabeherak garatzen eta zehazten ditu: praktiken helburuak, erakunde laguntzaileak, praktikak nortzuk egin behar dituzten, betebeharrak, tutoretzak, lankidetza hitzarmenak eta abar.

Kanpoko praktikak prestakuntza-jarduerak dira, unibertsitateko ikasleek egiten dituztenak, Unibertsitateak gainbegiratuta eta, hala badagokio, ebaluatuta. Beren helburua da ikasleek aplika eta osa ditzaten prestakuntza akademikoan lortu dituzten ezagutzak, jardun profesionala erraztuko dieten gaitasunak eskuratzeko eta enplegua lortzeko aukera emanez, eta bakoitzaren ekintzailetasuna sustatzeko.

Bi praktika mota bereizten dira: Ikasketa Planeko parte diren praktika curriculumekoak, eta curriculumekoak ez direnak, 1707/2011 Errege Dekretuak arautzen dituenak, hau da, beren prestakuntza aldian ikasleek borondatez egiten ahal dituztenak.

Arautegiak praktiken iraupena eta ordutegiak arautzen ditu, bateragarriak izan daitezen jardun akademikoarekin, eta zehazten du nork egin behar dituen praktikak, eta zer baldintza bete behar dituen. Praktikak egiteko, Unibertsitateak erakunde laguntzaileekin lankidetza-hitzarmenak izenpetuko ditu. Erakunde hauek nazioko eta nazioarteko enpresak, instituzioak eta entitate publikoak eta pribatuak dira. Dagoeneko, NUPek 1.700 hitzarmen inguru sinatuta dauzka, izaera desberdineko praktikak egiteko.

Halaber, desgaitasuna duten ikasleek praktikak egin ahal izan ditzaten erraztuko du, aukera berdintasuna bermatuko duten giza baliabideak eta baliabide material eta teknologikoak jarriz.

Unibertsitateak kanpoko praktiken eskaintza, zabalkundea, eskaera eta esleipena egiteko prozedurak ezarriko ditu, aldez aurretik finkatu diren irizpide objektiboei jarraikiz, eta gardentasun, publizitate, irisgarritasun unibertsalaren eta aukeren berdintasuneko printzipioak beti bermatuz. Curriculumekoak diren praktiken kasuan, ikastegiak -fakultateak eta eskolak- izango dira prozedurak ezartzeko ardura edukiko dutenak, praktika batzordearen bidez. Gainera, Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren lankidetza ere edukiko dute.