Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak gradu ikasketen barruan atzerriko hizkuntza baten ezagutza mailak arautzen dituen arautegia onetsi du Europako Kontseiluaren Hizkuntzetarako Erreferentziako Europako Esparru Komuna: ikaskuntza, ikasketak eta ebaluazioak (HEEEK) izeneko dokumentuarekin bat etorriz. Arautegiak gaitasuna egiaztatzeko onartutako bideak eta administrazio prozedura aplikagarria ezartzen ditu.

Arautegi hau unibertsitateko ikasketa ofizialak arautzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 EDtik eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko gradu ikasketak arautzen dituzten arauetatik eratortzen da. Arau berriek xedatzen dute, graduatu titulua lortzeko, ikasleek HEEEKren B1 mailaren baliokidea edo handiagoa den hizkuntza gaitasuna frogatu beharko duela ingelesez, frantsesez, alemanez edo italieraz.

Hizkuntza gaitasuna hainbat bidetatik lortzeko aukera dago: onartutako titulu edo ziurtagiri ofizial bat aurkeztuz, Unibertsitateak ikasturtero Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiaren bidez antolatuko duen maila egiaztatzeko azterketa bat gaindituz; lehen aipatutako lau hizkuntzetako batean mugikortasun programa batean parte hartuz, betiere ikasketa konpromisoan integratutako 18 ECTSak gainditzen badira; lau hizkuntzetako batean emandako titulazioko ikasketa planeko 18 ECTS gaindituz gutxienez ere, dagokion egiaztapen-txostenean definitutako titulazioaren ikasketa-planeko atzerriko hizkuntzako irakasgia gaindituz, B1 edo gehiagoko hizkuntza-gaitasuna lortzeko helburuarekin; edo, azkenik, hizkuntzetako bat erabiliz Gradu amaierako lanaren oroitidazkian eta defentsan.

Lehen aipatutako hizkuntzetako bat ez den beste batean hizkuntza gaitasuna lortzeko aukera ere ezartzen du arautegiak, baina titulu edo ziurtagiri ofizial bat aurkeztuz edo aipatu baldintzetan mugikortasun programa batean parte hartuz baizik ez da lortuko.

Unibertsitate Publikoko graduatu titulua eskatu baino lehen egiaztatuko da hizkuntza gaitasuna. Titulu eta ziurtagiri ofizialak Unibertsitateko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira.

Bere xedapen gehigarrietan, arautegiak ezartzen du lehen eta bigarren zikloetako iraungitako ikasketetatik egokitutako gradu ikasleek ere hizkuntza gaitasunaren maila bera egiaztatu beharko dutela, bai eta aurretiaz diplomatura edo ingeniaritza tekniko batean tituludunak izanda gradura egokitzeko ikastaroan matrikulatuta dauden ikasleek ere. Beste unibertsitate batean edo Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasitako beste gradu ikasketa batzuetatik datozen ikasleei ere maila bera eskatuko zaie.

Unibertsitateko errektoreak edo hark eskuordetutako errektoreordeak ebatziko dute onetsi berria den arautegian arautu gabeko egoerak, eta arautegiak 2012-2013 ikasturtean hartuko du indarra Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.