Ana Rodrigues Pinto Universidade do Minho unibertsitatean (Portugal) Fisikan lizentziadunak kristal fotonikoko zuntzezko sentsore berritzaileak garatu ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoan bere doktoretza tesian. Azaldu duenez, "zuntz hauek, duten egituragatik, telekomunikazioetan erabiltzen diren ohiko zuntz optikoak ez bezala, diseinatzeko eta aplikazioetarako askatasuna ematen dute".
Azken urteotan gero eta kezka handiagoa egon da ohiko zuntz optikoek zituzten mugak gainditzeko propietate fisikoak, kimikoak eta biologikoak neurtzeko erabiltzen diren zuntz optikozko sentsoreak egiteko xedez. 1996. urtean, Philip Russell ikertzaile britainiarrak estreinakoz garatu zituen kristal fotonikoko zuntzak, eta Ana Pintok ikerketa egonaldia egin zuen berarekin 2011. urtean.
"Zuntz honen egituran badaude hainbat zulo oso interesgarriak direnak sentsoreak egiteko, barrunbe horiek sentsorearekin neurtu nahi ditugun likido edo gasekin bete daitezkeelako". "Egitura honek, era berean, aukera ematen du argia bideratzeko hutsik dauden nukleoetan eta material bakar batean fabrikatzeko —beira, gehienbat—. Hori ezinezkoa da ohiko zuntz optikoarekin, eta horregatik zuntz hauek oso teknologia interesgarria eskaintzen dute zuntz optikoko laser aplikazioetarako eta potentzia handiko transmisioetarako".
NUPen egin duen doktoretzan Ana Pintok tenperatura eta desplazamendua neurtzeko sentsoreak garatu ditu. Horretarako, Institute of Photonic Technology (Jena, Alemania) institutuaren laguntza izan zuen, bertan fabrikatu baitziren munduan bakarrak diren kristal fotonikoko zuntzak. Tesiaren ekarpen garrantzitsuenen artean dago bi ikerketa lerro berri ireki dituela Nafarroako Unibertsitate Publikoan: kristal fotonikoko zuntzetan oinarritutako sentsore fisikoen lerroa eta sentsoreak monitorizatzeko zorizko laserren lerroa. Testuinguru honetan, ikertzailearen hitzak nabarmenduz "sentsoreetan aplikatzeko erabat zorizkoa den lehen laserra garatu dugu".
“Photonic Crystal Fibers for Sensing Applications” (kristal fotonikoko zuntzak sentsoreen aplikazioetarako) izenburua duen doktoretza tesia Manuel López-Amo Sainz Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko katedradunak zuzendu du, eta Gai cum laude kalifikazioa eta Europako doktorea aipamena erdietsi du. Doktoretza tesi honi esker, 8 artikulu argitaratu dira Journal Citation Reports taldeko nazioarteko aldizkarietan eta 4 ekarpen egin dira nazioarteko biltzarretan.
Ana Pinto Fisikan lizentziadun egin zen 2006. urtean eta 2008. urteko abuztura arte ikerketa bekadun jardun zuen InescPorto-ko (Oporto-Portugal) Optoelektrika eta Sistema Elektronikoen Unitatean. 2008ko irailean Iruñera etorri zen Komunikazioetako Masterra egiteko eta NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailean doktoretza egiteko. Ikasketa hauek egin bitartean, hiru ikerketa egonaldi egin ditu ondoko lekuetan: InescPorto (Portugal, 2009), Vrije Universiteit Brussel Unibertsitateko B-Phot (Belgika, 2010) eta Max-Planck Institute for the Science of Light institutuko Russell Dibisioan (Alemania, 2011).