

Ezkerretik eskuinera, Maite Redondo, Lorea Méndez, Eloísa Ramírez errektoreordea, David Redrado eta Ibai Eslava. Garazi Itoiz, bosgarren boluntarioa, ez da agertzen argazkian
Nafarroako Unibertsitate Publikoko bost ikaslek parte hartuko dute 2013. urte honetan nazioarteko boluntariotza programa batzuetan. Gizarte eta Kultura Proiekziorako Errektoreordetzak kudeatzen ditu programa horiek Gizarte Ekintzarako Unitatearen bidez, Graduatu hiritartasunean lelopean. Ikasleetako bat, Lorea Méndez, aukeratu dute Nazio Batuek NBE Emakumeak El Salvadorren proiekturako. Bost ikasleak hurrengo egunetan joango dira beren helmugetara.
Maite Redondo, Ibai Eslava, David Redrado eta Garazi Itoiz dira gainerako boluntarioak, eta Europar Batasuneko hainbat herrialdetako proiektuetan parte hartuko dute Europako Boluntariotza Zerbitzuaren barruan (EBZ). Europako Batzordearen Gazteria Jardunean Europar Programako 2. jarduera da. EBZ hezkuntza ez formalaren eremuko ikaskuntza-esperientzia bat da, eta esperientzia horri esker gazte boluntarioek beren garapen pertsonalerako eta hezkuntza eta lanbide garapenerako gaitasunak hobetu edo hartzen dituzte.
Jarduera horiek ez dira ordainduak eta irabazi asmorik ez dute, eta aldi jakin batean egiten dira arduraldi osoan, normalean 6 hilabetetik 12 hilabetera arte. Gizarteak hainbat gai eta arlotan dituen beharrak betetzera zuzendutako jarduerak garatzen dituen proiektu batean hasten da. Honako hauek dira gai eta arlo horiek: gizarte gaiak, ingurumenari buruzko gaiak, kultura-ondarea, garapenerako lankidetza, etab.
Urtean hiru deialdi egiten dira eta 2012ko azkenekoan NUPeko lau ikasle aukeratu zituzten. Zehazki, Maite Redondo Pragan (Txekiar Errepublika) garatzen ari diren eta urte bateko iraupena duen kultura proiektu batean hasiko da. Ibai Eslava eta David Redradok gazteekin egingo diren animazio soziokulturaleko bi proiektutan parte hartuko dute. Lehenengo proiektua Pragan egingo da (Txekiar Errepublika) eta bigarrena Vukobarren (Kroazia). Bi proiektuek urte bateko iraupena izango dute. Azkenik, Garazi Itoizek Danimarkan egingo den eta sei hilabeteko iraupena izango duen programa batean parte hartuko du.
Unibertsitateko boluntariotza NBEan
Lorea Méndezen kasua desberdina da, Nazio Batuen Boluntariotzak aukeratu baitu NBE Emakumeak El Salvadorren programan parte hartzeko urtarrilaren 12tik ekainaren 12ra. Programa honek ekimenak garatu eta sustatzen ditu arlo hauetan: gobernagarritasun demokratikoa; GIB/HIESa; emakumeen kontrako indarkeria; segurtasun ekonomikoa eta txirotasuna desagerraraztea.
Nazio Batuetako Unibertsitate Boluntariotzako Espainiar Programa Milurtekoko Garapen Helburuen aurrean Espainiako unibertsitate publikoen eta Nazio Batuetako Boluntarioen (NBB) arteko lankidetzaren emaitza da.
2006. urteaz geroztik, Nafarroako Unibertsitate Publikoa Nazio Batuetako Unibertsitate Boluntariotzako Espainiar Sareko kidea da. Sareak 26 unibertsitate ditu kide. Unibertsitateko Gizarte Ekintzarako Unitateak kudeatzen du programa, eta sei hilabeteko tartean Nazio Batuek Latinoamerikan, Asian edo Afrikan dituzten eta Milurtekoko Garapen Helburuekin lotuta dauden proiektuetan parte hartzeko aukera eskaintzen du. Proiektu horiek zerikusia dute txirotasunaren desagerpenarekin, hezkuntza unibertsalarekin, generoen arteko berdintasunarekin, haurren hilkortasunarekin, ama osasunaren hobekuntzarekin, GIB/HIESa eta garapenerako nazioarteko lankidetzarekin.
Lorea Méndezek El Salvadorren izango duen egitekoa da arlo hauetan laguntza ematea: NBE Emakumeak programaren komunikazio estrategia bat ezartzea; Hiri seguruak emakumeentzat proiektuko jarduerak koordinatzea; eta Bat egizu emakumeen kontrako indarkeriari amaiera emateko NBEaren kanpainari laguntza logistikoa.