Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gobernu Kontseiluak onetsi du egoitza elektronikoaren sorrera eta haren arautegia, unibertsitateko kideen eta oro har herritarren administrazio harremanak errazteko xedez. Era berean, Gobernu Kontseiluak ontzat eman du Unibertsitateko Erregistroaren arautegia, organo guztientzat, zerbitzu guztientzat eta administrazio unitate guztientzat sistema informatizatu bakar eta komun bat sortzea aintzat hartzen duena eta erregistro elektronikoa ezartzea ere jasotzen duena.
Neurri hauek Unibertsitateak duela urte batzuk hasitako modernizazio prozesu baten barnean hartzen dira, orain Administrazio Elektronikoaren proiektu batekin jarraitzen duena, eta hortik antolatzeko eta zerbitzuak emateko modu berri bat eratorriko da. Helburuak hauek dira: prozesuak automatizatzea, paperetik balio juridikoa duen dokumentu digitalera pasatzea eta kudeaketa hobetzea.
Hasitako prozesuak aukera emango du laster tramitazio telematikorako prozedura berriak martxan jartzeko egoitza elektroniko berriaren bidez, eta www.unavarra.es webgunearen bidez iristeko. Unibertsitatea une honetan egoitza elektronikotik jarduteko aukera emango duen lanaren metodologia eta azpiegitura teknologikoa jorratzen ari da, eta 2013. urtean ezartzea aurreikusten da.
Egoitza eta erregistro elektronikoaren arautegiaren testuingurua Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak eta 2007ko ekainaren 22ko Herritarrak zerbitzu publikoetara sartzeari buruzko 11/2007 Legeak definitzen dute.
Esparru horretan, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren erabakiaren bidez egoitza elektronikoa sortzea onetsi da eta haren ezaugarriak eta oinarrizko edukiak erautzen dira: egoitzari buruzko informazioa; bide elektronikoen bidez tramitatu daitezkeen administrazio prozeduren katalogoa; erregistro elektronikora sartzea; erreklamazioak eta iradokizunak egiteko kanal baterako sarbidea; datuak babesteko politikari eta pribatutasun politikari buruzko argibideak; erabiliko dituzten ziurtagiri digitalen eta sinadura elektronikoko sistemen tipologiak; arautegia; iragarki-oholak, eta abar.
Erregistro Elektronikoa
Bestalde, Gobernu Kontseiluak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistroaren Arautegia onetsi du, eta bertan ezartzen da Erregistro Elektronikoaren sorrera.
Unibertsitateak hartu edo bidali dituen eskaera, idazki eta komunikazioen dokumentu fluxua, idatziz jasotzeko horretarako ezarritako erregistro sisteman sarrera eta irteera idazpenak eginez, Unibertsitate Publikoak erregistro sistema informatizatu, bakar eta komun bat edukiko du organo, zerbitzu eta administrazio unitate guztientzat. Unibertsitateko Erregistro Orokorrak, Tuterako Erregistro Laguntzaileak eta Erregistro elektronikoak osatuko dute sistema hau. Erregistro bulego guztiak elkarrekin lotuta egongo dira, halako eran non, idazpena, zeinahi bulegotan egiten dela ere, Erregistro Orokorrean integratuko baita era automatikoan.
Arautegiak erregistroaren funtzioak eta hainbat xedapen arautzen ditu, esaterako, aurkezteko lekuak, idazpenak, zenbaketa, aurkeztearen ondorioak, erregistra daitezkeen dokumentuak, administrazio unitateen arteko komunikazioa, konpultsak, kopia elektronikoak, eta abar. Halaber, ezartzen ditu erregistro elektronikoaren funtzionamendua, sartzeko modua, interesdunaren identitatea akreditatzea, dokumentuen aurkezpena, dokumentu onargarriak, dokumentazio erantsia, epeen zenbaketa, bermeak, eskakizun teknikoak, segurtasuna, eta abar.