Joan eduki nagusira

zoom Miguel Martínez de Espronceda

Miguel Martínez de Espronceda

Miguel Martínez de Esproncedak ikertu du, bere doktoretza tesian, gailu medikoen eta norberaren osasunerako komunikazioen estandarraren inplementazioa nola hobetu. Izan ere, haririk gabeko teknologien aurrerapenak eta telefono adimendunek asko handiagotu du gailu hauen erabilera.

Gaur egun badira norberaren osasunerako gailuak, esaterako tentsiometroak eta glukometroak. Gailu hauen ezaugarria da gaixoaren datuak automatikoki jartzen dizkiotela eskuragarri mediku espezialistari, Bluetooth bezalako haririk gabeko teknologiei esker, datuak gailutik "hodeira" doazelako. Zoritxarrez, gailu hauen komunikazio-protokoloa ez da beti berdin, fabrikatzaile bakoitzak berea erabiltzen baitu, eta datuak trukatzea zaila izaten da. Hori gainditzea da erronka. “Nire tesiak —azaldu du ikertzaileak— elkarren arteko operabitate-estandar bat garatzen lagundu du, mota honetako gailuen arteko komunikazioetan hizkera eta terminologia bat definitzeko helburuarekin”.

Alor honetan jarduten duen industria sektorearen gehiengoa, Continua Health Alliance partzuergoaren bidez, elkarren arteko operabitate-estandar horren alde dago. Oso ongi funtzionatzen du eta fabrikatzaileak hasi dira onartzen. "Aditu askoren parte-hartzea izan da beharrezkoa estandar berri hau martxan jartzeko, alor honetan lanean ari garen ikertzaile guztiek metatutako esperientzia (know-how) bildu eta gero", azaldu du.

Gakoetako bat estandarraren optimizazioa da: hardware-baliabide kopuru minimoa aski da estandarra inplementatzeko. Alde horretatik, Martínez de Esproncedak laguntza-tresna bat diseinatu du, hainbat algoritmo erabiliz, estandarra inplementatzen duen iturri-kodea sortzeko gauza dena. “Tresna honekin —esan du—, gailu berri bati estandarra txertatu nahi dion garaitzaile batek oso erraza dauka. Bere eredua definitzea aski dauka, eta tresnak programaren iturri-kode guztia sortzen du, automatikoki. Gainera, emaitza oso kalitate handikoa da".

Tresna honi esker, elkarren artean operatzen ahal duten norberaren osasunerako gailuen fabrikazioaren eta garapenaren kostua izugarri murrizten da. Hau, ikertzailearen arabera, "erabakigarria izan daiteke fabrikatzaileak estandarra onartzea bultzatzeko".

Miguel Martínez de Esproncedaren tesiaren izenburua “Analysis of a novel patterns-based methodology to implement interoperability in personal health devices” da. NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko Luis Serrano Arriezu irakasleak zuzendu du, eta kalifikaziorik handiena lortu du. Martínez de Esproncedak Nafarroako Unibertsitate Publikoan lan egiten du gaur egun, proiektuaren laguntzaile. Deialdi publikoetan finantzatutako I+Gko zortzi proiektutan aritu da, eta hainbaten artean aldizkari zientifiko espezializatuetan argitaratu diren beste hainbeste artikuluren egileetako bat da. Halaber, 23 ekarpen egin ditu nazio mailako biltzarretan, eta 16 ekarpen nazioarteko biltzarretan, eta erregistro elektrokardiografikoa neurtzeko gailu baten eta aipatu gailuari atxikiriko metodoaren ustiaketa-patentearen egileetako bat da.