Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, proiektuan parte hartu duten NUPeko ikertzaileak: Eduardo Jaunsaras, Ignacio Matías eta Juan Manuel Galindo

Ezkerretik eskuinera, proiektuan parte hartu duten NUPeko ikertzaileak: Eduardo Jaunsaras, Ignacio Matías eta Juan Manuel Galindo

Etxebizitzetarako domotika sistemak abeltzaintza ustiapen intentsiboetan erabiltzea kontrola eta segurtasuna hobetzeko. Horixe izan da duela hiru urte hasitako “Erabilgarritasun handiko telezerbitzu zentroa, abeltzaintza ustiapen intentsiboetarako, soluzio domotikoetan eta telekomunikaziokoetan oinarritua" izeneko proiektuaren helburua. Proiektua Nafarroako Gobernuak finantzatua dago, eta Nafarroako Oskotz herrian abian jarri den proba pilotu batean gauzatu da. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ignacio Matías, Eduardo Jaunsaras eta Juan Manuel Galindo ingeniariak arduratu dira sistema diseinatzeaz eta dauden abeltegien behar eta eskakizunetara egokitzeaz.

Ignacio Matías Maestro Teknologia Elektronikoko katedradunak dioenez, "kudeaketarako teknologia mugikorra erabiltzea aukeratu dugu, horrela, abeltzainak interneten edo telefono aplikazio baten bidez, abeltegiaren erabateko kontrola eduki baitezake". Zehazki, NUPeko ingeniariek etxebizitzetan erabiltzen diren domotika sistemak egokitu dituzte hainbat motatako abeltzaintza ustiapen intentsiboetara: ardiak, behiak, untxiak, oiloak, e.a. "Etxebizitza batean erosotasuna da funtsezkoena, eta abeltzaintza ustiapen batean, aldiz, animalien segurtasuna eta kontrola —azaldu du Eduardo Jaunsaras Munarriz industria ingeniari eta proiektuaren laguntzaile nagusiak—. Erabiltzaile bakoitzak ezartzen ditu parametro kritikoak, ustiapen mota bakoitzak bere ezaugarriak dituelako: hegazti granja batean tenperaturaren kontrola funtsezkoa da arrautzak jartzeko; aldiz, beste batzuetan, esaterako, gas metaketa monitorizatu behar da, gas metaketak abere guztiak itota hiltzea ekar dezakeelako".

Instalazioaren diseinuan bi motatako gailuak daude: sentsoreak, aldagaiak atzemateko, eta eragileak, zein ekintza egingo den erabakitzeko. Adibidez, sistemaren akats edo aldaketa baten aurrean, sentsoreek atzeman egiten dute, eta eragileek erabiltzaileak aurrez ezarritako ekintzak beteko dituzte: leihoak ireki, gasa eten, ur hornidura moztu, tenperatura igo, e.a. “Alarma jotzen hasten denean —dio Ignacio Matíasek—, abeltzainak erabakitzen du nola nahi duen jardutea. Teknikoki, dena gauza daiteke: ateak edo leihoak ireki, tenperatura igo edo jaitsi, e.a.".

Kontrola sakelako telefonoaren bidez

Sistema interneten bidez edo abeltzainak bere sakelakoan deskargatzen duen aplikazio baten bidez kontrolatzen da. Etxaldean webcamak instalatu baditu, kamarak grabatzen ari direna ikus dezake. Gainera, sentsoreek jasotzen duten informazio guztia dauka eskura (tenperatura, hezetasuna, gasa, e.a.) eta berogailua areagotu dezake tenperatura baxua bada. Gainera, alertak programa ditzake, sakelakoan abisu bat jasotzeko egoera ohiz kanpokoren bat badago. Esaterako, atzematen bada pertsonak dabiltzala ibili behar ez diren lekuan, edo aretoaren hezetasun maila aurrez ezarritako muga baino handiagoa bada, e.a.

"Garrantzitsuena da abeltzainek jakitea badela horrelako teknologia, etxalde bakoitzean aplikatu eta egokitu daitekeena, eta opor egunak har ditzaketela ingurua kontrolpean dagoelako ziurtasunaz, eta, zerbait gertatzen bada, azkar jarduteko aukera edukiko dutela", diote ingeniariek.
Horren harira, proiektu honetan jarduteak "kolektibo baten beharrei buruzko ezagutza ekarri digu, izan ere, ezagutzen ez genituenak. Adibidez, ez genekien behien ustiapenean beharrak desberdinak direla behiak haragitarako badira edo esnetarako badira. Era berean, ez genekien etxalde bateko instalazioan egon daitekeen akats batek oilo guztiak hiltzea ekar dezakeela. Horrelakoak nahikotan gertatzen dira, eta batzuetan, seguruek ez dute holako gertaeren aurrean erantzuten. Akats horiek saihets daitezke teknologia berriaren bidez".

Hainbat eragile sartu dira proiektuan: Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Elkarteak eta Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegitura Institutuak arloari buruz duten ezagutza ekarri dute, eta ezarri dute zein parametro diren garrantzitsuak etxalde mota bakoitzerako; aldiz, Ingeniería Domótica eta EGA Informática enpresak arduratzen dira informatikaren instalazioaz eta kontrolaz, hurrenez hurren. “Gu —dio Eduardo Jaunsarasek— instalazioaren diseinuaz arduratzen gara. Hortik aurrera, enpresak arduratuko dira garatutako produktua merkaturatzeaz eta instalatzeaz".

Oraingoz, sistema Oskotzen ari da funtzionatzen. INTIAk Hazi-Jartzeko Zentro bat dauka bertan, eta funtsean txerriak eta untxiak hazten dira. Sistema etxaldeetara egokitzean ingeniariek aurkitu dituzten desberdintasunen artean daude etxebizitzetan erabiltzen ez diren zaintzarako webcamen kokapena, instalazioen konplexutasuna, etxeetan elektrikari batek egin dezakeena; eta behar diren sentsoreak desberdinak direla, ez daudelako aterpean.

Ignacio Matíasek hau nabarmentzen du: "berrikuntza egin behar da: existitzen dena erabiltzen saiatu, inguru berrietara egokituta, esaterako etxaldeetara". Gainera, beste berezitasun bat da "orain arte egon diren kontrol sistemak sistema itxiak direla, eta horrelakoetan ez dagoela jarduteko aukerarik. Adibidez, abeltzainak ezin du esan bere etxaldea hegoaldera begira dagoenez, gauza bat behar duela baina ez bestea, eta proiektu honen bidez bai erantzuten diegula banakakoen horrelako eskaera eta beharrei.