Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Paloma Vírseda, Alberto Enrique eta Carlos Buxadé

Ezkerretik eskuinera, Paloma Vírseda, Alberto Enrique eta Carlos Buxadé

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Jokatzeko aziendari buruzko VIII. jardunaldietan ostiral honetatik, azaroaren 23tik, zezenketaren munduan gaurkotasuna duten zenbait gai aztertuko dira; esaterako, zezenketen etorkizuna, osasunaren kontrol osoa edo NPB berriak jokatzeko aziendan izango dituen eraginak. Jardunaldiak Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak antolatu ditu Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko (UPM) izen bereko eskolarekin lankidetzan; gaur goizean hasi dira Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan eta larunbat eguerdira arte luzatuko dira. Inaugurazio ekitaldiko buru izan da Paloma Vírseda Ikasleen Gaietarako errektoreordea, eta bertan egon da Alberto Enrique NIGMETeko zuzendaria, eta ekitaldi honen zuzendariak, Antonio Purroy (NUP) eta Carlos Buxadé (UPM) Animalia Ekoizpeneko katedradunak.

Topaketa honen helburua da ezagutzera ematea mota honetako aziendaren hazkuntzaren eta ustiapenaren alderdi garrantzitsuenak bai ikasleei, abeltzainei, profesionalei, zaleei eta zezenketen inguruan interesa duten pertsona guztiei. Topaketa bost blokeren bidez garatuko da, eta horietan adituek ponentziak aurkeztuko dituzte. Ponentziak solasaldi eta mahai-inguruekin amaituko dira.

zoom Parte-hartzaileen irudi bat

Parte-hartzaileen irudi bat

Lehen blokeak "NPB eta elikadura" izenburua dauka. Carlos Buxadé Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan Animalia Ekoizpeneko katedradunak hasiera eman dio jardunaldiari jokatzeko azienda eta NPB berriari buruzko hitzaldi batekin. Bestalde, Ángel Fernández albaitari eta nutrologoa "Jokatzeko aziendaren elikadura praktikoa"ri buruz mintzatu da. Bigarren gai blokea osasunaren ingurukoa izan da. Izan ere, Luis Gascón Animalia Patologiako katedradunak Zaragozako Unibertsitatean, jokatzeko aziendaren azkeneko transumantzia aztertu du, eta Lucas Domínguez Animalia-osasuneko katedradunak Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, "zezenen osasunaren kontrol osoa" gaia izan du ardatz.

Zezenketen oraina eta etorkizuna

Alfredo Casas kazetari eta zezenketa kritikaria arduratuko da gaur arratsaldean, 16:00etatik aurrera, "Zezenketen garrantzia" izeneko blokeari hasiera emateaz. Bere hitzaldian aztertuko du zezenen oraina eta etorkizuna Euskal Autonomia Erkidegoan. Bestalde, Luis María Gibert enpresaburu eta zezenketa kritikariak "Zezenketa Katalunian Legegintzako Herri Ekimena (LHE) baino lehen eta ondoren" izeneko hitzaldia emango du. Ondoren, solasaldi bat egingo da, eta Javier Fernández Madrilgo Las Ventas zezen plazako albaitaria izango da moderatzailea.

Lehen saio hau amaitzeko, bi hitzaldi emango dira: Mercedes Varela Animalia Ekoizpeneko irakasleak Sevillako Unibertsitatean, "zaldia jokatzeko aziendan eta hondarrean" gaiari buruzko hitzaldia emango du, eta Paco Ganuza, Pablo Hermoso de Mendoza zaldi gaineko zezenketariarekin dabilen albaitaria, zaldi gaineko zezenketarako zaldien prestakuntza eta zainketei buruz mintzatuko da.

Amaitzeko, Juan José Padilla zezen-hiltzailea

Bigarren saioa bihar, larunbatean, azaroaren 24an egingo da, eta aziendaren biodibertsitateari eustea aztertuko duen gai-blokearekin hasiko da. Ondoren, hainbat hizlarik, horien artean albaitariak, zezen-hiltzaileak, Juan José Padilla esaterako, eta zezenketa kritikariak, "Zezenketaren defentsa" gaiaren inguruan eztabaidatuko dute.

Jardunaldien programan bi jarduera paralelo daude. Hauek dira: Agenda Taurina 2013 liburuaren aurkezpena (Vidal Pérez Herrerok argitaratua) eta argazki erakusketa “Zezenen ibilbideetan barna” izenburua duena. Jardunaldietako programa osoa helbide honetan kontsulta daiteke: http://www.unavarra.es/jornadas_lidia/