Sormen prozesua, artearen eraketa eta suntsiketa, zoria egiturazko baliabide estetiko gisa, zeramikaren edertasuna, buztina, lurra, gai hauen plastika eta haien memoria... Hauek dira Miquel Barceló artistak Nafarroako Museoan azaldu zituen gaietako batzuk, bi aretotan jarrita zeuden 300 lagun baino gehiagoren aurrean. Jendea bi aretotan zegoen: batean aurrez aurreko hitzaldia izan zen, eta bestean hitzaldiaren proiekzioa ikusi zuten.
Barcelók (Felanitx, Mallorca, 1957) “Eskultoreak eskulturari buruz” zikloan parte hartu zuen. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Oteiza Katedrak antolatu zuen zikloa Mapfre Fundazioarekin eta Nafarroako Museoarekin batera. Zikloa "Artea eta kultura XXI. mendeko gizarteetan" izeneko programan sartzen da, eta programa horren helburua da kultura garaikideari buruzko analisia, gogoeta eta kritika sustatzea pentsamendu estetikoari eta sormen artistikoari lotutako gaiak landuz.
Lehen aulki-ilaran Vírseda eta Ramírez errektoreordeak, Calvo Serraller Oteiza katedrako zuzendariaren eta Barcelóren ondoan.
Artistak "Eskultura lana, buztina eta pintura" izenburua duen hitzaldia eman zuen, eta bertan, bere sormen prozesua azaldu zuen, eta horretan nola eragiten duen etengabeko bilaketa lanak, zoriak, kasualitateak eta norberaren berrasmatze etengabeak. Barcelók aitortu zuen buztina, haren plastikotasuna eta memoria direla bere kutunenak, nola miresten dituen Goya, Cézanne, Miró, eta Warhol artistak, eta nolako bertigoa ematen duten Oteizak hartu zuen moduko erabakiek, 1959. urtean bere bide esperimentala bukatutzat eman zuenean. Bestalde, zeramikarekiko zaletasuna azaldu zuen, eta miresten zituela XII eta XIII. mendeetako ekialdeko piezak eta Aragoiko herri artisautzako objektuak ere bai.
Ekitaldiaren lehen partean Isaki Lacuestak zuzendutako "El cuaderno de barro" dokumentala eman zen, Barcelók Maliko afrikar lantegian egiten duen lana erakusten duena. Izan ere, lana testuinguru xume batean garatzen da, termita eta eskorpioi artean, eta afrikar albinoen egoera islatzen du hondo oihal beltzen gainean lixibarekin egindako erretratu-serie baten bidez. Dokumentalean, gainera, Paso doble performancea azaltzen da, Maliko Gogolí herrian egindakoa, Barceló bera eta Josef Nadj dantzari eta koreografoa protagonista dituen proiektu esperimentala, non bi artistek horma irudi bat eratzen duten buztin freskoaren gainean, gaiarekin ia basatia den harreman baten bidez, eta afrikar tradizioan inspiratutako maskara alegorikoen dantza egiten duten.