Joan eduki nagusira

zoom Unibertsitate parte-hartzaileetako ordezkariak, Osasun Ikasketen eraikinean.

Unibertsitate parte-hartzaileetako ordezkariak, Osasun Ikasketen eraikinean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan topaketa bat egingo dute aste honetan Europar Batasunak kofinantzatutako nazioarteko proiektu baten ordezkariek. Proiektuaren helburua da Latinoamerikako herrialde batzuetako erizaintzako laguntzaileen prestakuntza hobetzea. Ekimen hori Alfa III Europako programari atxikita dago, eta EBko eta Latinoamerikako goi mailako hezkuntzako erakundeen arteko elkarlanera zuzenduta dago. Proiektuak hiru urteko iraupena du eta bere izenburua hau da: "Alfa Funda Erizaintza: Eritzaintzako laguntzaileak profesionalizatzeko unibertsitateko prestakuntza. ISALUD-Argentina Unibertsitateak, proiektuaren liderrak eta Italia, El Salvador, Paraguai eta Peruko goi mailako hezkuntzako zentroek parte hartzen dute. NUP proiektuaren lehentasunezko bazkidea da eta bere eginkizuna izango da parte hartzen duten Latinoamerikako herrialde bakoitzeko profesional horien prestakuntzari buruzko irakaskuntza curriculuma diseinatzeko proiektua koordinatzea.

Topaketa azaroaren 16an, hurrengo ostiralean, egingo da Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolan, eta unibertsitatearteko partzuergo bat eratu zenetik egiten den bigarrena da. Astelehen honetako jardunaldia Paloma Torre Eskolako zuzendariaren eta Blanca Marín NUPen proiektua koordinatzen duen Osasun Zientzien Saileko irakaslearen ongietorri ekitaldiarekin hasi da. Aste osoan, unibertsitate parte-hartzaileetako ordezkariek NUPen ematen den Erizaintzako titulazioko ikasketa plana eta hainbat irakaskuntza gida, tutoretza plana eta irakaskuntza metodologia ezagutuko dituzte, esate baterako, NireIkasgelategia.

Horrez gainera, Nafarroako osasun antolaketaren analisi bat egingo da, bai eta Lehen mailako Arretako eta Arreta Espezializatuko osasun erakundeetako erizainen eskumenak ere. Halaber, ordezkaritzak Nafarroako Ospitaleguneko Kardiologia eta ama-haurren arloa bisitatuko ditu.

NUPez eta ISALUD-Argentina Unibertsitateaz gainera, unibertsitate hauek parte hartuko dute: Universitá degli Studi di Pavia (Italia), Universidad Peruana Cayetano Heredia (Peru), Universidad Nueva San Salvador (El Salvador) eta Gran Asunción Unibertsitatea (Paraguai).

Soslaia: emakumeak landa ingurunean

Osasun arloko langileen gabezia aspaldiko arazoa da Latinoamerikako zonalde txiroenetan, eta Milurtekoko Helburuetan ezarritako osasun arloko helburuak ez dira erdietsiko, zonalde ahulek oinarrizko eta kalitateko zerbitzu publikoetara duten sarbidea hobetzen ez bada. Latinoamerikako gizarteek ahalegin handia egin dute prestakuntza programak sustatzeko eta erizaintzaren arloa arautzeko, baina erizain gehienek hiri guneetan lan egiten dute, haietan baitaude osasun zentro gehienak.

Aldiz, landa guneetan eta gune ahulenetan erizaintzako laguntzaileek ematen dituzte zerbitzuak, haiek baitira gune horietan dauden langile bakarrak, eta, oro har, profesionalei dagozkien eginkizunak betetzen dituzte. Langile gehienak ekonomia maila apaletakoak dira eta lanean oso gazterik hasi ziren emakumeak dira.

NUPen partaidetza duen proiektu honek langile horien gaitasunak hobetu nahi ditu beren ezaugarrietara egokitzen diren eta landa eremuan betetzen dituzten eginkizunekin bateragarriak izango diren goi mailako ikasketen bidez. Hala, gune horietako biztanleek dituzten osasun zerbitzuen kalitatea hobetu nahi da, eta, aldi berean, enpleguetan segurtasun handiagoa eta lansari hobeak lortu.