Joan eduki nagusira

Ezkerretik eskuinera, Mikel Olazarán, Alfonso Carlosena eta Peio Ayerdi.Nafarroako ikerketa, garapen eta berrikuntza sistema (I+G+b) osatzen duten eragile eta egitura multzoak hazkunde handia izan du azken hamarkadan, eta Espainiako lehenengo eskualdeen artean eta Europako batez bestekotik gertu jarri du foru erkidegoa. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileen parte-hartzearekin egin den ikerketa baten arabera, foru erkidegoak hirukoiztu egin du I+Gn egindako gastua azken hamarkadan, eta 2010. urtean 5.200dik gora langile ari ziren arduraldi osoan esparru horretan (2001. urtean 1.685).

Azterketa honen izenburua da "Industria ETEak eta berrikuntza sistema Nafarroan", eta asteazken honetan, azaroaren 7an, aurkeztu da NUPen prentsaurreko batean. Bertan izan dira Alfonso Carlosena Ikerketarako errektoreordea eta txostenaren egileetako bi: Peio Ayerdi NUPeko Soziologia irakaslea eta Mikel Olazarán, Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia irakaslea (UPV/EHU).

Ikerketa hau Industria ETEak eskualdeko berrikuntza sisteman izeneko proiektuaren barruan egin da –Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatzen du proiektua–, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek parte hartu dute ikerketan. Honako hauek dira azterketa egin duen taldea osatzen duten beste irakasleak: Ricardo Feliú eta Iñaki Lavilla NUPeko Soziologia Saileko irakasleak eta Eneka Albizu, Beatriz Otero eta Cristina Lavía UPV-EHUko irakasleak.

I+Gk Nafarroan izan duen hazkundea aztertu du txostenak eta, bereziki, industria-enpresa txiki eta ertainen berrikuntza jarduerak. Enpresa horiek erkidegoaren garapenaren oinarrietako bat dira. Zehazki, industria ETEek beren berrikuntzak nola egiten dituzten aztertzen da, eta horretarako kanpoko eragileekin harremanak nola dituzten (hornitzaileak, bezeroak edo teknologia eragileak). Halaber, gogoeta egiten du politika publikoek, bereziki eskualde mailakoek, enpresa berrikuntzaren sustapenean bete duten zereginari buruz.

ETEen berrikuntza

Ikerketaren ondorioak hainbat informazio iturriren bidez lortutako datuen azterketaren emaitza dira. Zehazki, Estatistikako Institutu Nazionalak berrikuntzaren gainean egindako azterketak eta inkestak aztertu dira, eta 20 elkarrizketa kualitatibo egin zaizkie 50 langile baino gehiago dituzten industria ETEetako I+Geko arduradunei, eta beste 14 inkesta kualitatibo egin zaizkie I+Geko eragileei eta eskualde mailako bitartekaritza organismoei.
Txostenak agerian ipintzen du I+Gn inbertitzearen aldeko apustua egin duten 150 langile baino gutxiagoko enpresa txiki eta ertainen (ETE) ehunekoak izan duen hazkunde handia. Hazkunde hau bereziki nabarmena da 75etik 149ra arteko langile kopurua duten enpresetan. Aldiz, ETE handien eta enpresa txikien ehunekoa jaitsi egin da.

Nafarroako industria ETEek dauden elementu eta teknologien konbinazio berriak garatuz berritzen dute, azterketa honetan aipatzen denaren arabera. Azterketa agerian ipintzen du, halaber, berrikuntza prozesuen dinamika nagusia giltzarri diren hornitzaile eta bezeroen bidez gertatzen dela. Enpresek era positiboan balioesten dute teknologia zentroen eskualde mailako azpiegitura bat egotea. Nolanahi ere, unean uneko harremanak dituzte zentro horiekin.

Era berean, txostenean esaten da Nafarroako Gobernuak eginkizun erabakigarria bete duela I+Gren sustapenean eta enpresen baliabide berekien mobilizazioan, halako eran non, aipatzen denez, eragin erabakigarria izan baitu Nafarroan I+G eta berrikuntzako sistema baten sorreran. Foru gobernuari sustapen lan horretan lagundu diote erkidegoko industria kulturak, hezkuntza-erakunde garrantzitsuek (unibertsitateak eta lanbide heziketako zentroak) eta giza kapital kualifikatuaren maila handi bat izateak.
Azkenik, ikerketan aipatzen da ekimen eta egitura kooperatibo eta gehigarri sendoagoak sortzea dela etorkizuneko erronka nagusia, bai enpresen artean, bai enpresen eta teknologia eragileen artean.

Egileak

Mikel Olazaran Rodríguez (Iruñea, 1963) Soziologiako doktorea da Edinburgoko Unibertsitatean eta Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia Saileko irakasle titularra (UPV-EHU). Azken urteetan berrikuntzaren alderdi sozialei buruzko ikerketak egin ditu, zehazki eskualde ingurunearen eragina, industria ETEetako berrikuntza jarduerak eta Lanbide Heziketaren eginkizuna. 2005etik 2012ko otsailera arte Nafarroako Zientzia Politikoetako eta Soziologiako doktore eta lizentziadunen Elkargo Ofizialeko dekanoa izan da.

Peio Ayerdi Echeverri (Iruñea, 1958) Soziologiako doktorea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta NUPeko irakasle titularra NUPeko Soziologia Sailean. Visiting Fellow izan zen University of Essex-en (UK) 1997. urtean. Iruñeko UNEDeko Soziologiako irakasle-tutorea da. Ikerketak egin ditu gai hauei buruz: gizarte-ongizatea, gizarte-estratifikazioa, gazteria, enplegua eta bizi-estiloa, hauteskunde proiekzioko telefonoaren bidezko inkestak, bai eta inmigrazioaren aurreko iritzi publikoari buruz ere.