Miquel Barceló Mallorcako artista protagonista izango da heldu den azaroaren 13an Nafarroako Unibertsitate Publikoko Jorge oteiza Katedrak antolatzen duen "Eskultoreak eskulturari buruz" zikloaren edizioan. Ekitaldia arratsaldeko 18:30ean egingo da Nafarroako Museoan eta sarrera doan da. Hitzaldia emango den aretoaren aforoa 180 aulkikoa da; sarreran beste 120 aulki jarriko dira, eta hortik ere ekitaldia zirkuitu itxiaren bidez jarraitzeko aukera egongo da. Lekuak Nafarroako Museora iristeko hurrenkerari jarraikiz esleituko dira.
Miquel Barcelók "Eskultura lana, buztina eta pintura" izenburua duen hitzaldia emango du, eta Rafael Calvo Serraller, Jorge Oteiza Katedrako zuzendariak, egingo du aurkezpena. Saio horretan Isaki Lacuestak zuzendutako "El cuaderno de barro" dokumentala emango da, Barcelók Afrikan garatzen duen lana erakusten duena.
Ziklo hau Mapfre Fundazioarekin lankidetzan antolatu da, "Artea eta kultura XXI. mendeko gizarteetan" izeneko programan sartzen da, eta urtez urte nazioarteko proiekzioa duen eskultore bati deitzen zaio jendaurrean azal ditzan bere lana eta sormen ibilbidea. Ziklo honetan parte hartu izan dute Richard Serra, Richard Deacon edo Waltercio Caldas eskultoreen mailako artistak.
Artista garaikidearen eredu
Miquel Barceló Felanitx-en (Mallorca) jaio zen 1957. urtean. 1974an egin zuen bere lehen bakarkako erakusketa Mallorcako Picarol Galerian. Nazioartean azaldu ondoren 1981ean Sâo Pauloko Biurtekoan eta Kasselgo Documenta VIIean 1982an, Miquel Barcelóren karrera sendotu besterik ez da egin, bere jarduera Barrokotik mendebaldeko pintura tradizio handiarekin lotzen duen artista garaikidea denez gero.
Paris eta Mallorca artean bizi da, eta laurogeiko hamarkadatik Afrikara egin dituen bidaia ugariek bere imaginarioa irudiz eta mitoz elikatzen dute. Laurogeiko hamarkadaren hasieratik hasi zen Europako eta Estatu Batuetako museo eta galeria ospetsuetan erakusketak egiten, espainiar artista baliotsuenetako bat bihurtu arte nazioartean. Erakusketak eskaini dizkiote instituzio hauek: Bordeleko CAPC, Valentziako IVAM, Jeu de Paume, Centre Pompidou, Pariseko Musée des Arts Décoratifs eta Museé du Louvre, Erromako Galleria Nazionale d’Arte Moderna, Bartzelonako Museu d'Art Contemporani eta Madrilgo Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía.
Berriki interbentzio handiak burutu ditu. Esaterako, Mallorcako Katedraleko Sant Pere Kapera zeramikaz estali du, bai eta Genevako Nazio Batuen Jauregiko XX. aretoko kupula ere. Bere ibilbidean zehar hainbat sari jaso ditu, esaterako, 1986an Arte Plastikoen Sari Nazionala, eta 2003an Arte Plastikoetako Asturiaseko Printzea Saria.
Miquel Barceló hirurogeiko hamarkadaren amaieran hasi zenetik, pintura berreskuratzeko korronte espresionistari atxiki zitzaion, zeini mediterraneotasun ukitu bereizgarria eman baitzion. Bere heldutasuneko lehen lanak artistaren intimitatea eta pintatzeko ekintza zituzten ardatz. Geroago, bere lanen gaia zabaldu egin du eta natura hilak, liburutegietako eta museoetako irudiak egin ditu, eta horietan azaltzen du pinturaren Historiari buruz eta lurreko eta itsasoko floraz eta faunaz betetako paisaiei buruz duen interesa. Paraleloki, bai eskultura bai zeramika lanak sortu ditu. Garrantzi berezia hartu dute bere marrazkiek, bidaia egutegi gisa antolatuta daudenak, eta horietan lurraldeari eta pintura materialei buruzko azterlan paraleloa egin zuen.