Guztira 41 pertsonak parte hartu dute Tesiak 3 minututan lehiaketaren lehen edizioan. Lehiaketaren helburua da komunikazioak eta zientzia zabalkundeak duten garrantzia ikertzaileei txertatzea. Lehiatzaileek espezializatu gabeko ikus-entzuleei azaldu beharko diete beren ikerketaren garapena, zergatik den garrantzitsua eta zer eragin izango duen gizartean, eta 3 minutura mugatutako parte-hartze baten eta hizkera erraz eta ulergarri baten bidez egin beharko dute. Jendaurreko saio irekia izango da, eta azaroaren 15ean, 19:30ean egingo da Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako ekitaldi-aretoan.
NUPeko Ikerketako Errektoreordetzak sustatu du lehiaketa Kultura Zientifikoaren Unitatearekin, Komunikazio Zerbitzuarekin eta Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiarekin batera, eta FECYT Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazioaren finantzabidea dauka. Jarduera honen helburu nagusiak hiru dira: gizartearen zientzia kultura zabalago bati ekarpena egitea, zientziaren zabalkundea egiteko beharra ikertzaile gazteei txertatzea eta diziplinetako ikertzaileen arteko harremana sustatzea.
Lehen edizio honetan deialdia Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile eta ikasleei dago zuzenduta, eta hiru modalitate daude. Doktoretza tesien modalitatean 21 pertsonak izena eman dute; Masterraren amaierako lanetan 15 pertsonak; eta Karrera amaierako proiektuetan 5 pertsonak. Horietatik 19 emakumeak dira eta 22 gizonak. Beren lanen diziplinei dagokienez, era guztietako gaietan daude: ingeniaritzak, pedagogia, gizarte lana, zuzenbidea, filologia eta hizkuntzaren didaktika, soziologia, natura-ingurunearen zientziak eta osasun zientziak. Finalaurreko sailkapen saio bat egingo da.
Lehiaketan sarituko dira ikus-entzule ez espezializatuei honako hau hobekien azaltzen dioten ikasleak eta ikertzaileak: zergatik den beren lana garrantzitsua eta gizarteari zer ekarpen egiten dioten. Sari bat emango da modalitate bakoitzean: Doktoretza Tesi baten Komunikazio hoberenari, 1.000 euroko saria; Masterraren Amaierako Lanaren Komunikazio hoberenari, 500 euroko saria; eta Ikasketen Amaierako Proiektuaren Komunikazio hoberenari, 500 euroko saria.
Lehenbiziko "Tesia 3 minututan" lehiaketa 2008an egin zen Queensland Unibertsitatean (Australia). Lehiaketak harrera oso ona izan zuen, eta 2010. urtean Australiako, Zelanda Berriko eta Fijiko hainbat unibertsitatek nazioarteko lehenbiziko lehiaketa egin zuten, eta urtez urte, gero eta parte hartzaile gehiago dauzka.
Lehiaketa nola egingo den
Parte hartzaileek hiru minutu edukiko dituzte aurkezteko beren ikerketaren gaia, zein arazo identifikatu duten, beren ikerketak nola laguntzen duten irtenbide bat bilatzen eta zein eragin izango duten beren lanak gizartean oro har, edo zehazki, komunitate akademiko eta ikertzailean. Laguntzeko elementu gisa, soilik erabili ahalko da diapositiba baten proiekzioa.
Hiru minutuko gehienezko denbora gainditzen duten lehiatzaileak automatikoki baztertuko dira. Lehiaketaren azken fasea bideoz grabatuko da eta aurkezpen irabazleak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean egongo dira ikusgai.
Epaimahaikideak izango dira Alfonso Carlosena García Ikerketarako errektoreordea, eta beste lau kide hauek: José Miguel Múgica Grijalba eta Joaquín Sevilla Moroder NUPeko ikertzaileak eta Unibertsitatetik kanpokoak diren eta zientzia dibulgazioarekin eta komunikazioarekin lotutako lanbide-profila duten beste bi pertsona. Javier Armentia Iruñeko Planetarioko koordinatzailea eta Milagros Vidondo Onda Ceroko kazetaria.