Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialak katedra bat sortu dute industria ingeniaritzaren arloetan jakintza sorrarazteko xedez, unibertsitateko ikasleei eta arloko profesionalei zuzendutako prestakuntza eta ikerketa jardueren bidez.
Industria Ingeniarien Katedra sortzeko aukera eman duen lankidetza hitzarmena Julio Lafuente Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, eta Miguel Iriberri Vega Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialeko dekanoak sinatu dute. Ekitaldian izan dira baita Alfonso Carlosena García Ikerketako errektoreordea, eta Ignacio Matías Maestro (TIIGMET) Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendaria ere, besteak beste.
Katedra sortu da NUPen eta Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialaren arteko lankidetza garatzeko xedez, jakintza berrien sorrera errazteko asmoz. Hitzarmenaren xedea da ikerkuntza aurreratua sortzea, mundu akademikoa eta enpresen mundua modu egokian integratzen laguntzen duena, unibertsitateko ikasleen eta sektore honetako profesionalen prestakuntza praktikoa mesedetzen duena, eta unibertsitate zabalpeneko jarduerak (kultura, kirol eta gizarte arloetakoak) laguntzen dituena.
Ikasleen prestakuntza praktikoa enpresetan
"Bilatzen dugun helburua da unibertsitatea (ikasleak, ikertzaileak...) hurbiltzea enpresetara eta, horretarako, elkarrekin eta batera lan egin behar dugu bi instituziook" dio Nekazaritza Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialeko dekanoak. Horretarako, katedrak ikasketen amaierako proiektuak enpresetan egitea sustatuko du, bai eta fabrikak bisitatzea ere, beren produkzio prozesuak eta eraikuntza lan esanguratsuak ezagutzeko. Gainera, NUPeko ikasleak elkargoaren lan poltsan sartuko dira.
Hitzarmenean aurreikusten diren jardueren artean daude industria ingeniarien eremuko ikerketa proiektuak laguntzea, doktoretza tesiak egitea, ikasketen amaierako proiektuak eta master edo gradu amaierako lanak egitea, eta ikasleen praktikak sustatzea enpresetan. Halaber, sustatu nahi dira profesionalen etengabeko prestakuntza, eta zuzendaritzakoek eta kolegiatuek NUPen parte hartzea izandako esperientziak partekatzeko.
Azkenik, komunikazio eta prestakuntza jarduerak sustatzea, diseinatzea eta antolatzea ere pentsatua dago hitzarmenean, eta horien artean hitzaldiak, mintegiak eta ikastaroak daude. Gainera, bi entitateek zilegi dute sariak eta bekak emateko ados jartzea. Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialak urtero emango dizkio 20.000 euro katedrari.
Parte bakoitzaren bi kidek osatutako batzorde misto bat arduratuko da katedraren zuzendari bat izendatzeko proposamena egiteaz, urteko jardueren programa proposatzeaz, eta hori betetzen dela gainbegiratzeaz.