Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Psikologia eta Pedagogia Departamentuko Reyes Berruezo Albéniz eta Francisco Soto Alfaro irakasleek liburu bat argitaratu dute. Bertan, Foru Erkidegoan izan diren hezkuntza berrikuntzako esperientziarik onenetako batzuk, unibertsitate mailakoak ez direnak, biltzen dituzte. Liburua formatu digitalean argitaratu da, eta doan eskura daiteke Interneten, eta joan den otsailean Unibertsitatean egin zen Hezkuntza Berrikuntzako I. Mintegian aurkeztu ziren ponentziak biltzen ditu. Mintegia Irakasletzako ikasleek lanean ari diren irakasleen esperientziak ezagutu ahal izateko gogoeta-gunea izan zedin eratu zen.

Liburuaren hasieran, Reyes Berruezok eta Francisco Sotok Foru Erkidegoan 1800 eta 1936 artean izan ziren berrikuntza-esperientzien azterketa historikoa egiten dute. Horrela, egileek mugarri izan ziren esperientzia batzuk ekartzen dituzte gogora: Hezkuntzako Goi Mailako Batzarraren sorrera, 1828an, Nafarroan irakaskuntza antolatzeko eratu zen lehen erakunde politiko-administratiboa; eskolaurreko umeen lehen eskola, 1843an; edo irakaskuntza mailetan sailkatua zeukan lehen eskola (eskola mailakatua), Iruñeko San Francisco Eskolak irekitzearekin, 1905ean.

Berrikuntza ez zen bakarrik gertatu XIX. eta XX. mendeetan. Horrela, Luis Iza Dorronsorok, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle elkartuak eta hezkuntza inspektoreak, hezkuntza-adiminstrazioak 2007tik 2011ra bultzatu dituen berrikuntza-ildoak aztertzen ditu, honako hauek, beste batzuen artean: irakurmena hobetzeko plana, programa eleaniztunak edo IKT direlakoak (Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak) gelan erabiltzea.

Beste alde batetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko María Teresa Sanz de Acedo Baquedano, María Luisa Sanz de Acedo Lizarraga eta Óscar Ardaiz Villanueva irakasleek web 2.0 tresnek sormena nola pizten duten aztertzen dute.

Beste kapituluetako batek, Francisco J. Sierra Urzaizek (Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle elkartua eta Bigarren Hezkuntzako katedraduna berau) egindakoak, irakurmena aberasteko ekarpenak egiten ditu.

Irakasleen esperientziak Nafarroan

Gainerako kapituluek Nafarroako eskola publikoetako zenbait irakasleren esperientziak biltzen dituzte: Koldo Sebastián del Cerro, eta Barasoaingo Martín de Azpilicueta eskolako sormen plastikoa; Loly Martínez de Morentin Garraza, eta Barañaingo Eulza eskolako web 2.0 gunea; David Ruiz Navascués, eta Faltzesko Doña Álvara Álvarez eskolako web-gunea; Konsue Salinas Ramos, eta Iruñeko Arturo Kanpion (gaur egun Bernat Etxepare) eskolako garapenerako hezkuntza; José Ignacio Dufur Aróstegui eta Susana Diego Díez, Mendigorriako Julián Mª Espinal Olcoz eskolako ikasketa-komunitatearekin; eta Susana Fonseca Ducay eta Adriana Olóriz Goñi, Sarrigurengo eskolako hiriaren gidarekin.

Argitalpena Interneteko honako esteka honetan dago eskuragarri: https://sites.google.com/site/seminariodeinnovacioneducativa/publicacion-2