Nafarroako Unibertsitate Publikoko hamar ikasle aste honetan hasi dira Iruñeko Nicasio Landa (gaztelaniaz) eta Bernart Etxepare (euskaraz) ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako hamar ikasleri laguntzeko programa batean. Urretxindorra Proiektuan parte hartzen duten ikasleak hainbat testuinguru soziokulturaletako gaztetxoen gidariak izango dira, gizartean txertatzen laguntzeko, haiei laguntza emateko eta haientzat eredu positibo izateko. Programa 2012ko maiatzera arte garatuko da, NUPeko Gizarte eta Kultura Proiekziorako Errektoreordetzako Gizarte Ekintzarako Unitateak sustatzen du, eta garatu beharreko jardueren jarraipena egiteaz arduratzen da.
Urretxindorra Proiektuaren bigarren edizioa Programa pilotua abian jarri zen aurreko asteburu honetan, jolas jardunaldi baten bidez, eta unibertsitateko ikasleek lehen harremana izan zuten 2012-13 ikasturte osoan zehar lagunduko dituzten adingabeekin. Paloma Vírseda Ikasleen Gaietarako errektoreordea arduratu zen ongietorria egiteaz haurrei, haien gurasoei eta bi ikastegietako arduradunei.
Programaren helburua da unibertsitateko ikasleak eta kultura eta testuinguru sozial ezberdinetako haurrak harremanetan jartzea, abiapuntutzat hartuta haien arteko harremana aukera ona dela beste esperientzia batzuk izateko, beste trebetasun batzuk lantzeko, eta pertsonarteko beste harreman modu batzuk edukitzeko. Ikasleen eta adingabeen arteko elkarreraginak bultzatuko ditu ulermena eta aniztasunarekiko errespetua, azken urteetan sortutako testuinguru kulturaniztun berrian. Xedea da esperientziak onura ekartzea adingabeei, haien familiei, ikastetxeari, unibertsitateko ikasleei eta Unibertsitateari berari.
Prestakuntza eta jarraipena
Deialdi publiko baten bidez aukeratutako ikasleek prestakuntza jaso dute, aniztasun kulturalari, gaztetxoekin egoerei aurre egiteari edo familiarekin harremanak izateari buruzko gaietan. Ikasleek 19 eta 25 urte bitarten dituzte, eta hauek dira: Alex Fernandino Marí, Aitziber Galán Nieto, Maria García Castaño, Mamadou Hassimiou Barry, Oihana Hernández Van Waes, Asier Hoyuelos Napal, Ainhoa Iribarren Blasco, Leyre Mateo Alastuey eta Idoia Ullate Ballaz.
Urretxindorra Proiektuan parte hartzen ari diren hamar ikasleetatik, bederatzi Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko titulazioetakoak dira. Izan ere, bost Gizarte Lana, hiru Irakasletza, eta bat Soziologia ikasten ari dira. Hamargarrena Informatika Ingeniaritza ikasten ari da.
Languntzeko lana 2012-13 ikasturte osoan zehar egingo da. Jolas eta kultura jarduerak egingo dira gaztetxoen aisialdietan, hiru orduz astean, eta Unibertsitateak gainbegiratuko dituen irizpideei jarraikiz. Berrikuntza gisa, bigarren edizio honetan, Pablo Sotés eta Fernando Trebol Psikologia eta Pedagogia Saileko irakasleak ere gainbegiratzeaz arduratuko dira.
Ikasle gidariek harreman pertsonala garatu beharko dute adingabeekin, laguntza eskaintzeko eta haiendako eredu positiboa izateko. Gidaria izateak eskatzen du gaztetxoekin kalitatezko denbora eta arreta partekatzea eta jarduerak egitea, horien bidez beste itxaropen batzuk eta beste bizipen batzuk eskaintzeko. Jarduera bukatzen denean, ikasleek haien parte-hartzeari buruzko ebaluazio-txosten bat prestatuko dute. Parte-hartzaile bakoitzak 300 euroko beka bat jasoko du, jarduerak egiten diren bitartean sortutako gastuak ordaintzeko.