Joan eduki nagusira

zoom Bi ikasle, ikasgelategiko ezkaratzean, saioa praktikoa burutzen ari zenean

Bi ikasle, ikasgelategiko ezkaratzean, saioa praktikoa burutzen ari zenean

Nafarroako Unibertsitate Publikoak prestakuntza saio bat egin du, gelakide ikasturte honetan unibertsitatean sartu den ikasle itsu bat daukaten ikasleei zuzendua. Saio honen bidez itsu batekin harremanetan jartzeko sortzen diren zalantza, beldur eta segurtasun faltari aurre egiteko antolatu da; izan ere, batzuetan, itsu batekin harremanetan jartzeko nola jokatu behar dugun ez jakiteak harremana bera galarazten du.

Prestakuntza saioan jokabideak, gomendioak eta praktika onen adibideak eman dira, ikasleek ikas dezaten nola jokatu eroso egoteko eta harremanetan naturaltasunez sartzeko. Modu honetan, Unibertsitatea pertsona guztientzako espazio inklusiboa izan dadin lortu nahi da.

Beste helburuetako bat zen erakustea itsu batekin edukitzen den harremana eta beste edozein pertsonarekin eduki daitekeena ez direla ezberdinak. Hala ere, kontuan hartu behar dira itsuak Unibertsitatearen barruan egin behar dituen ibilbideak egiteko erabilgarriak diren teknikak eta jokabideak. Horretarako, saioaren zati bat praktikoa izan da.

zoom Ikasle batzuk ikasgelategiko eskaileretatik jaisten ari zirela

Ikasle batzuk ikasgelategiko eskaileretatik jaisten ari zirela

NUPeko Minusbaliotasuna daukaten Ikasleei Arreta Jartzeko Programak antolatu du prestakuntza saio hau, eta izenburua honako hau izan da: "Unibertsitate inklusiboaren alde: praktika onak itsuekin harremanetan jartzen garenean". ONCE erakundeko María Jesús Echeverría Arellanok eman zuen.

NUPeko Minusbaliotasuna daukaten Ikasleei Arreta Jartzeko Programak harrera egiteko plan pertsonalizatuak, informazioa, aholkularitza, laguntza teknikoak eta pedagogia baliabide egokituak eskaintzen ditu ezgaitasuna duten ikasleak unibertsitate bizimoduan normaltasunez moldatu ahal izateko. Hori guztia osatzeko, ikaspostuak gordetzen dira titulazio guztietan, unibertsitatean sartzeko probak egokitzen dira, edo sentsibilizazio eta prestakuntza jarduerak sustatu eta garatzen dira unibertsitate komunitateko kideentzat.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ekimen ugari garatu ditu ezgaitasuna duten pertsonen irisgarritasun unibertsala lortzeko. Hala, Irisgarritasun Orokorrerako Plana dauka. Hesi fisiko eta komunikaziozkoak kentzea aurreikusten du plan horrek. ONCE Fundazioarekin eta Imsersorekin sinatutako bi hitzarmenen bidez, irisgarritasuna lortzeko lanak egin ditu. Beste gauza batzuen artean, honako hauek: NUPeko errotulu guztiak braillez jarri ditu; hesi arkitektonikoak kendu ditu; plano bat egin du braillez idatzita eta erliebean, orientabidea errazteko; eta kantoreak jarri ditu eraikinen atarietan, letraz eta braillez irakurtzen ahal diren errotuluak dituztenak.

Horretaz gainera, Unibertsitateak hainbat ikerketa talde ditu domotikari, telelaguntzari eta beste aplikazio batzuei buruz ikertzen, eta beren lanekin bizimodu autonomoaren alde egiten dute eta gaitasun-maila funtzional ezberdineko pertsonak onartzearen alde.