Joan eduki nagusira

zoom Alberto Catalán eta Eloísa Ramírez “Conversaciones 25 Solasaldiak” zikloaren aurkezpenean

Alberto Catalán eta Eloísa Ramírez “Conversaciones 25 Solasaldiak” zikloaren aurkezpenean

Sortu zenetik 25 urte bete direnez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak hasiera emango dio, irailaren 20an, “Conversaciones 25 Solasaldiak” zikloari. Ziklo honetan gaurkotasunezko hainbat gairi buruzko mahai-inguruak eta eztabaidak izango dira, interesgarriak direnak bai gizartearentzat, orokorrean, baita zientzia-arloan dabiltzanentzat ere. Saio hauek Unibertsitateak eta Nafarroako Parlamentuak elkarrekin jarduerak aurrera eramateko izenpetu duten lankidetza-hitzarmenaren barruan daude, eta gaur aurkeztu dira prentsaurreko batean. Alberto Catalan Higueras Nafarroako Parlamentuko buruak eta Eloisa Ramirez Vaquero Unibertsitateko Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordeak aurkeztu dute zikloa.

Bost mahai-inguruk osatuko dute zikloa. Urteko azken lauhilekoan izango dira, 19:30ean, foru-legegilearen egoitzan. Saio hauen helburua da eztabaida bultzatzea eta gizarteari gaurkotasunezko gaiak hurbiltzea, honako hauek esaterako: adimen artifiziala, genomika, lurralde-eredua, osasun-sistemaren iraunkortasuna edo humanitate-ikasketen garrantzia XXI. mendean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile batek koordinatuko du mahai bakoitza, eta mahai-inguruetan parte hartuko dute beren arloetan adituak diren zientzialariek eta ikertzaileek, mahai-inguruan ukitzen den gaian kudeatzeko ardurak eduki dituen pertsona bat eta moderatzaile gisa arituko den kazetari bat.

Programa irailaren 20an, ostegunean, 19:30ean, hasiko da, mahai-inguru honekin: "Adimen artifiziala: makina bat izan al daiteke adimentsua?". Humberto Bustince Sola NUPeko Adimen Artifizialeko eta Konputazio katedradunak koordinatuko du, eta honako hauek izango dira parte-hartzaileak: Francisco Herrera Triguero, Granadako Unibertsitateko Konputazioren Zientziak eta Adimen Artifizialeko katedraduna; Ramón López de Mántaras Badia, Bartzelonako CSIC-eko Adimen Artifizialaren Zentruko zuzendaria, eta Enric Trillas Ruiz European Centre for Soft Computing-eko ikertzaile emeritua eta Ikerketa Zientifikoaren Plan Nazionalaren idazkari nagusia.

Hurrengo mahai-ingurua urriaren 11n izango da eta gaia hauxe izango da: "Eredu politiko deszentralizatuak Europako ikuspegitik: krisia, eraldatzea, gainditzea?" José Luis Iriarte Ángel Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedradunak koordinatuko du saioa, eta gonbidatuak honako hauek izango dira: José María Gil Robles, Europako Parlamentuko buru ohia; Javier García Roca, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Konstituzio Zuzenbideko katedraduna, eta Pablo Zalba Bidegain, Talde Popularreko eurodiputatua.

Azaroan bi mahai-inguru izango dira. Asteazkenean, hilaren 7an, honako hau: "Zer erronka eta zer aukera dakartza genoma ezagutzeak?". Iñigo Lasa Uzcudun Mikrobiologia katedradunak koordinatuko du, eta gonbidatuak honako hauek izango dira: Manuel Hidalgo, Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionaleko zuzendariordea, eta Roderic Guigó Serra, Bioinformatika Genomikako laborategiaren ikerketa zuzentzen duena. Azaroaren 22an mahaigaineratuko den auzia honako hau izango da: "Iraunkorra al da gure osasun sistema?" Juan Manuel Cabasés Hita Ekonomia Aplikatuko katedradunak koordinatuko du.

Zikloa abenduaren bigarren astean amaituko da, honi buruzko eztabaidarekin: "Humanitateak zer prezio daukaten eta zenbat balio duten gaurko munduan". Mahai-inguru honetan diziplina hauek zer toki betetze duten hausnartuko da, baita unibertsitatea zergatik ezin den garatu diziplina hauek alde batera utzirik. Juan Carrasco Pérez Erdi Aroko Historiako katedraduna izango da saio honetako koordinatzailea.

Makinak eta erabakiak hartzea

Lehen eztabaida, irailaren 20an izango dena, adimen artifizialari buruzkoa izango da. Konputazio zientzien adar honek simulatzen du, sistema informatikoen bidez, gizakien pentsatzeko modua. Makina bat adimentsua izan ote daitekeen gaia hartuta, Humberto Bustince katedradunarekin batera, Francisco Herrera, Ramón López de Mántaras eta Enric Trillas arituko dira gogoetan. Rafael Aguilera kazetaria izango da saioaren moderatzailea.

Francisco Herrera Triguero, Granadako Unibertsitateko Konputazioren Zientziak eta Adimen Artifizialeko katedraduna da, eta "Soft Computing eta Informazio Sistema Adimentsuak" ikerketa taldea zuzentzen du. Bere ikerketa eremuak honako hauek izan dira: hitzen bidezko konputazioa eta erabakiak hartzea, algoritmo genetikoak eta algorimo memetikoak, inurritegien algoritmoak, sistema lausoak, ikasketa ebolutiboa, sailkapen ez balantzatua, instanzien aukeraketa, datu ez perfektuak, datuen aldez aurretiko prozesamendua, cloud computing-a eta neurri bibliometrikoak.

Hainbat ikerketa-kontratu zuzendu du, konputazio-adimenaren, datu-meatzaritzaren eta konputazioa hodeian izeneko teknikak zenbait enpresatan aplikatzeko (Caja Granada, Nafarroako Kutxa, INCITA, INDRA eta Banca Cívica). Konputazio-adimenaren eta datuen meatzaritzaren teknikak garatzeko eta aplikatzeko, eta datu meatzaritzako eta bibliometriako alorretan software tresnak garatzeko hainbat proiektu zuzendu ditu: KEEL eta SCiMAT.

Ramón López de Mántaras Badia aintzindaria da Espainian adimen artifizialaren alorrean. Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiko (CSIC) ikerketa-irakaslea da, eta CSIC-eko Adimen Artifiziala Ikertzeko Institutuko zuzendaria. Bartzelonako Informatikako Fakultateko irakasle titularra izan zen, eta Pariseko Pierre et Marie Curie Unibertsitateko katedraduna da.

250 argitalpen zientifikoren egilea eta egilekidea da, eta Ellis Horwood-ek bere “Artificial Intelligence Series” sailean argitaraturiko “Approximate Reasoning Models" liburuaren egilea. Gaur egun. Ramón López de Mantaras beren inguru fisikoarekiko elkarrekintzaren bidez ikasteko gai diren robot autonomoen kasuetan oinarritutako ikasketan eta arrazonamenduan ikertzen ari da (“developmental robotics”) eta musikari aplikatutako adimen artifizialean.

Enric Trillas European Centre for Soft Computing-eko ikertzaile emeritua da. Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiko (CSIC) burua izan zen, Ikerketa Zientifiko eta Teknologikoaren Plan Nazionalaren idazkari nagusia eta Zientzia eta Teknologiako Ministerioen arteko Batzordeko (CICYT) idazkari nagusia. Zientzietan doktorea da Bartzelonako Unibertsitatean, irakaslea izan da Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan. Azken honetan adimen artifizialeko irakaslea izan zen 2006ko irailera arte. Era berean, Teknologia Aeroespazialeko Insitutu Nazionaleko (INTA) zuzendari nagusia izan da, eta Ingeniaritza Aeroespaziala eta Zerbitzuak (INSA) enpresako burua.

Berrehun artikulu baino gehiago argitaratu ditu aldizkarietan, hitzaldien eta liburuen egilea da. Gaur egun, bere ikerketa-eremuak honako hauek dira: multzo lausoen teorien oinarriak eta logika lausoa, eta arrazonamendu-metodoak: aieruak, hipotesiak eta ondorioak.