Joan eduki nagusira

zoom Jesús Hernández Aristu irakaslea eta Raquel Azanza Álvarez Gizarte Laneko ikaslea, zeina batzorde antolatzaileko kidea baita, Gizarte Lanari buruzko 15. Europar Sinposioaren aurkezpenean.

Jesús Hernández Aristu irakaslea eta Raquel Azanza Álvarez Gizarte Laneko ikaslea, zeina batzorde antolatzaileko kidea baita, Gizarte Lanari buruzko 15. Europar Sinposioaren aurkezpenean.

Heldu den urriaren 4an eta 5ean Gizarte Lanari buruzko 15. Europar Sinposioa egingo da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, instituzio beraren Gizarte Laneko Sailak antolatuta. Europako hamaika herrialdetako zenbait ikertzaile, profesional eta instituzioetako ordezkarik hausnarketa egingo dute aztertzeko nola erreakzionatu gizarte lanaren eremutik gaur egungo krisi egoeran, Espainian eta Europar Batasunean Gizarte Ongizatea bermatzeko. Bilera zientifiko horretan aztertuko diren gaietako batzuk honako hauek dira: migrazioak Kontinente Zaharrera, 15-M mugimendua, gazteen bandak, edo emakumeen papera gizartearen etorkizunean. Sinposioaren leloa hauxe da: "Gizarte Lana, ongizatearen berme Europan".

Gizarte Lanari buruzko 15. Europar Sinposioa gaur, asteartea, irailak 11, aurkeztu du Jesús Hernández Aristu Gizarte Laneko Saileko irakasle eta batzorde zientifikoaren presidenteak.

Europar Batasun osoan gizarte lana ezinbesteko erreferentzia bihurtu da Gizarte Ongizateari buruz jardutean. Kontinente Zaharreko zenbait herrialde aitzindariak izan ziren gizarte lanari buruzko hausnarketan eta hura ezartzean beren Estuetako gizarte politiketan eta, aldiz, beste batzuk lan horretan jarri ziren beren gizarteen demokratizazio prozesuaren barnean eta Ongizate Estatua ezartzeko prozesuaren barnean. Kontuan hartuz gizarte lana eta gizarte zerbitzuak gizarte justuago baten bermea direlako premisa, 15. Europar Sinposio honetako partaideek agerian jarri nahi dituzte gizarte lanean Europa osoan lortutako helburuak, aurrerapen zientifikoa eta praktika, eta diziplina honek dituen hurrengo erronkak, batetik irakaskuntza eta ikerkuntzari dagokienez Europako Unibertsitate Eremuan, eta bestetik, gizarte zerbitzuen praktika profesionalari dagokionez, Europako herritarren eskubideen eta ongizatearen ziurtatzaile diren aldetik.


Europar adituak


Sinposioa hitzaldietan, mahai-inguruetan eta lantegietan banatuko da, eta Alemania, Belgika, Danimarka, Espainia, Finlandia, Herbehereak, Hungaria, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika eta Errusiako unibertsitateetako hainbat irakaslek parte hartuko dute. Zehazki, Jan Agten irakasleak, Gizarte Laneko Elkargoen Europako Elkarteko Batzorde Exekutiboko kidea denak, hasierako hitzaldia emango du ostegunean, urriaren 4an. Hitzaldiaren izenburua honako hau da: "Gizarte Lana, ongizatearen bermea. Atzerako eta aurrerako begirada bat Europar Batasunean".

Amaiera, urriaren 5ean, Karim Ahmed-Mohamed Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiko (CSIC) Giza eta Gizarte Zientzien Zentroko ikertzaileak emango du. Hitzaldiaren izenburua honako hau da: “¿Quo vadis Bolonia? Erronkak, aukerak eta oztopoak gizarte langile berriak prestatzeko Espainian eta Europan".

Gainera, mahai-inguru batean aztertuko da gizarte lanaren garapen maila Europar Batasuneko zenbait herrialdetan, eta lehen aipatu herrialdeetako unibertsitateko irakasleek beren ekarpenak egingo dituzte.


15-Mtik gazteen bandetara


Bi egunetan zehar, lantegiak egingo dira, bertaratzen direnek talde txikiagoetan lan egin dezaten. Antolatzaileek hamar lantegi prestatu dituzte honako gai hauen inguruan: migrazioak Europan: behartsuen aterpea edo hartzaileen beharra; gazteria galdua eta gizarte iraultza: 15-M mugimendua Europan eta munduan; familiek edo nork ordaintzen ditu krisiaren kalteak; nagusiak, familiaren eta instituzionalizatzearen artean, beren bizitzaren azken zatian; pobreak, pobreagoak eta erabat pobreak: krisiak, beti eragiten die bereberei? edo, lehendik bazeuden?; mugimenduan dauden komunitateak: zer ekartzen die eguneroko lanak auzoan bizi direnei?; bandak, “killers” edo giza hondakinak (noraezean doan gizarte batean beren kasa utzitako gazteak): gizarte lanaren alternatibak hezkuntzaren eremuan; emakumeak al dira gizartearen etorkizuna?: genero kontua edo erreserbako armada; gizarte aholkularitza berria edo gizarte lanaren eremu zaharra?; eta ba al du etikak aukeraren bat gaur egungo gizartean?: mugak eta aukerak gizarte lanean portaera etiko baterako.