

Ezkerretik eskuinera: Julián Imaz Quintana (cofundador de Menú Sanae), M. Elena Aramendía Muneta, Iñigo Muro Larumbe, Noemí Torrecillas Sánchez, Alba Urriza Irigoyen eta Mikel Lacunza Arraiza (Menú Sanae enpresako kide fundatzailea), enpresaren egoitzan Iruñean.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresen Admininistrazio eta Zuzendaritzako Lizentziaturako (EAZL) ikasle-talde bat Google Online Marketing Challenge lehiaketaren finalera iritsi da. Unibertsitateko eta graduondoko ikasleek egiazko marketin jarduera batean esperientzia har dezaten sustatzea da mundu mailako lehiaketa honen helburua. Edizio honetan, lehiaketak 75 herrialdetako ia 4.000 ikasle bildu ditu guztira, 2.874 taldetan (119 espainiarrak). Lehiaketa honen finalera 20 ikasle iritsi dira eta eremu geografikoetan banatuta daude. Izan ere, talde nafarra izan da hain urruti iritsi den Espainiako talde bakarra, eta hortaz, nazio mailako txapelduna da.
M. Elena Aramendía Muneta (Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresen Kudeaketa Saileko irakaslea) izan da taldearen zuzendaria eta taldea, alfabetoaren hurrenkeran, honako hauek osatzen dute: Itziar Labayen Azparren, Iñigo Muro Larumbe, Noemí Torrecillas Sánchez eta Alba Urriza Irigoyen, taldeko buru gisa aritu zena. Online marketin kanpaina Menú Sanae markarekin menu osasungarriak merkaturatzen dituen Corporación Alimentaria Sanae, S.L.L. nafar enpresarentzat diseinatu zen.
Lehiaketa honen mekanika honako hau da: ikasleen taldeek 250 dolarretako poltsa eskuratzen dute, hiru astetan gastatu behar dutena, Google Adwordsen bidez online egiten den publizitate eta marketineko zuzeneko kanpaina batean. Talde bakoitzak tokiko enpresa bat aukeratu behar du, eta online marketinaren kanpaina diseinatu, estrategia bat pentsatu, kanpaina bat burutu eta emaitzak ebaluatu. Halaber, antolatzaileei bi txosten aurkeztu behar dizkie, ingelesez, bat aurrekanpainarako eta beste bat kanpainaondorako. Talde bakoitzaren emaitzak eta txostenak mundu osoko akademikoek osatutako epaimahai independente batek epaitu ditu.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko taldea Europa eremurako finalera iritsi zen Poloniako bi talderekin batera (haietako bat lehiaketaren irabazle nagusia izan da) eta Alemaniako beste birekin. Gainera, bost talde iritsi ziren finalera ondoko eremu geografiko bakoitzean: Amerika, Asia-Ozeano Barea eta Ekialde Ertaina-Afrika.
Parte hartu zuten beste hiru talde
Nafarroako Unibertsitate Publikoak beste hiru talde ere aurkeztu zituen, EAZLko eta Enpresa Zientzietako ikasleek osatuak, haiek guztiak M. Elena Aramendía irakaslearen zuzendaritzapean. Kasu horretan, munduko 259 lehen taldeen artean gelditu ziren (% 9 hoberenen artean).
Lehen taldeko kideak ziren Laura de Antonio Latienda (kapitaina), Edurne Echarri Sembroiz, Gonzalo Eciolaza Ferrando eta Alba Vega Calero. Taldeak kanpaina bat diseinatu zuen Asunción Peña izeneko enpresarako, emakumeentzat janzteko osagarriak fabrikatzen dituena, andaluziar jaiarekin eta flamenkoarekin lotutakoak barne.
Bigarren taldeko kideak ziren Leyre de la Rúa Rumí, Leyre Díaz Pinillos, Erika Mª Escobar Tupac, Amaia García Barberena, R. Alejandra López Pérez de Urabayen (kapitaina) eta Itziar Uriz Salas. Kasu horretan, kanpaina bat diseinatu zuten EBM Foto izeneko enpresarako (Eduardo Blanco Mendizábal, natura eta bidaietan espezializatua dagoen argazkilaria).
Azkenik, hirugarren taldeak kanpaina bat asmatu zuen Nafarroako Antzerki Eskolarako. Taldeko kideak ziren Amaya Adrián Lizásoain, Cristina Goñi Sánchez, Sarai Manjón Chaparro (kapitaina), Amanda Pastor Ollobarren eta Jaione Unanua Lizarraga.
Google Online Marketing Challenge lehiaketak aurten bosgarren edizioa bete du, eta Asociación Americana de Marketing elkarteak, Marketing Education Awards sarien barnean, bikaintasun berritzailea eta hezkuntza oihartzuna aitortzen dizkio.