Nafarroako Unibertsitate Publikoko gizonezkoen futbol taldea, brontzezko domina Espainiako Unibertsitate Txapelketan, Espainiako Futbol Federakundearen Las Rozaseko (Madril) Futboleko Hirian.
Guztira 3.353 pertsonak parte hartu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2011-2012 ikasturte bukatu berri honetan antolatutako kirol jardueretan. Kopurua % 12 gehitu da aurreko ikasturteko datuekin konparatuta, aipatu ikasturtean 2.984 pertsonak parte hartu baitzuten. Kirol Atalak egindako 2011-2012 ikasturteko txostenak jasotakoaren arabera, instalazioen erabilera librea ere gehitu egin da, 244.810 erabileratatik 269.203 erabileratakoa izatera igaro baita, eta erabilera horien erdia unibertsitateko ikasleei dagokie (% 57,9).
Erabiltzaile gehien dituen unibertsitateko kirol programa kirol eskolak izenekoa da, guztira 1.298 parte-hartzaile baititu. Batez ere, ikasleei zuzentzen zaizkie –irakaskuntzako kredituak lortzeko aukera dute–, eta Kirol Atalak guztira 24 kirol modalitate eskaini ditu. Ikaskuntza eta ezagutza tekniko eta taktikoa lortzera eta, aldi berean, ariketa fisikoa egitera bideratuta daude modalitate horiek.
Kirol eskoletan, parte-hartzaileen % 58 emakumeak dira, eta gehiengoa dira hainbat modalitatetan, hala nola aerobic edo pilates, eta, horrez gainera, beraientzat baizik ez diren programak dituzte. Esaterako emakumezkoen pilota. Alabaina, gizonak gehiengoa dira beste kirol batzuetan, hala nola eskubaloia eta golfa (guztira duten kopuruaren % 42).
Kirol praktika zuzenduaren beste programak, ikastaroenak, 228 parte-hartzaile izan ditu bi irakaskuntza seihilekoetan, eta parte-hartzaileak golfa, pilatesa eta "fitnessa" ikasi dituzte.
Eskaintza hori osatzeko, naturan egiteko jardueren eskolak antolatuta, guztira hamabi mendi-irteera eta naturarekin lotura duten gaiei buruzko bost hitzaldi egin dira. Jarduera hauetan guztietan 375 pertsonak parte hartu dute.
Txapelketak eta lehiaketak
Eskoletatik eta ikastaroetatik at, antolatutako kirol praktikako programak daude eskaintzan (txapelketak eta lehiaketak). Horietan, 1.015 pertsonak parte hartu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoaren XXIII. Txapelketan, bederatzi kirol modalitatetako 142 taldetan banatuta.
Horrez gain, guztira 218 kirolari aritu dira Unibertsitateko hamaika talde federatuetan (hiru berekiak; eta beste zortzi, hitzarmenen bidezkoak), eta sei kirol modalitatetan lehiatu dira. Nafarroako Golf Txapelketa irabaztea izan da atal honetan lortutako emaitza aipagarrienetako bat.
Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoak urtero parte hartzen du Espainiako unibertsitate txapelketetan. 2011-2012 ikasturteko edizioan 208 kirolarik parte hartu dute. Horietatik 54 banakako hamar kiroletakoak ziren, eta beste 154 saskibaloi, eskubaloi, futbol, 7ko futbol, areto-futbol, errugbi eta boleiboleko bederatzi taldetakoak (erdia, emakumeak).
Hauek izan dira Espainiako Unibertsitate txapelketako lorpen aipagarrienak: Xabier Errea Mayo bigarren postuan geratu da golfean; Gabriel Echeverría Izura hirugarren postuan taekwondon (minieuli mailan); eta gizonezkoen futbol taldearen brontzezko domina.
Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoak hamaika kirolari bidali zituen Zabalki Euskal Pilotako Nazioarteko Txapelketara. Txapelketa Baionan (Frantzia) egin zen, eta sailkapen orokorrean bosgarren gelditu zen taldeka.
Kirol instalazioak
Unibertsitatean kirola egiteko aukeren artean dago, halaber, kirol praktika librea. Tuterako eta Osasun Zientzietako campusetan kirol jarduera batzuk egiteko tokiak badituzte ere, berezko kirol instalazioak Iruñeko Arrosadiko campusean daude, eta bertan 66.000 metro koadroko eremu eraikia dute. Arrosadiko campusean daude Nafarroako Unibertsitate Kiroldegia (igerileku estalia, rokodromoa, frontoi estalia eta muskulazio gela ditu beste gune batzuen artean), golf praktiketarako zelaia, futbol eta errugbi zelaiak, tenis pistak eta kirol anitzeko pistak, toki nagusiak aipatzearren.
Instalazioetan sartzeko, 2011-2012 ikasturtean, guztira 1.981 pertsonak zuten kirol txartela bere hiru modalitatetako batean (urtekoa, seihilekoa eta hilekoa), eta kopuru horri gehitu behar zaizkio hamar hilabeteko epean egunero saldutako 1.964 sarrerak. Bai txartela dutenek, bai eguneroko sarrera dutenek instalazioen 269.203 erabilera egin dituztela zenbatu da, eta azaroa izan zen eskari handieneko hilabetea (39.424).
Bukatzeko, Nafarroako Bigarren Hezkuntzako zortzi ikastetxetako 701 ikaslek parte hartu dute "Kantxa Irekia" programan. Jarduera horri esker, unibertsitateko kirol instalazioak bisitatzeko eta erabiltzeko aukera izan dute unibertsitate mailetakoak ez diren ikasleek eta beren irakasleek. Bisitaldian, parte-hartzaileek kirol praktika egiten dute goizean zehar, teknikari kualifikaziodunek lagunduta, eta beren ikastetxeetan egiten ez dituzten kirol modalitateak irakasten dizkiete langile horiek.