Joan eduki nagusira

zoom Urretxindorra Proiektuaren lehen edizioko parte-hartzaileen irudia.

Urretxindorra Proiektuaren lehen edizioko parte-hartzaileen irudia.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Urretxindorra Proiektuan parte hartzeko beste beka-deialdi bat ireki du. Ekimen honen helburua da unibertsitateko ikasleek 2012-2013 ikasturtean zentro publikoetan Lehen Hezkuntzako seigarren ikasmaila egiten ari diren adingabeei laguntza ematea, adingabeok eurentzat positiboa den eredu bat eduki dezaten.

Programa honek 14 postu eskaintzen ditu, guztira, eta 2012ko urritik 2013ko maiatzera garatuko da. Eskaerak NUPeko erregistroan aurkeztu behar dira, irailaren 12ko 14:00ak baino lehen, Gizarte Ekintzarako Unitateari zuzenduta. Oinarriak hemen daude ikusgai: http://www1.unavarra.es/unidadaccionsocial/

Proiektu honetan parte hartzen duten ikasleak hainbat testuinguru soziokulturaletako adingabeen jagoleak izango dira, eta gizartean txertatzen lagunduko diete. Aukera izango dute hainbat jarduera egiteko eta horien bidez beste itxaropen batzuk eta beste bizipen batzuk izateko.

Urretxindorra proiektua (“Nightingale” ingelesez) Europako hainbat unibertsitatetan garatu da, Suedian, 90eko hamarkadan, Malmöko Unibertsitatean zehazki, jagoletza-esperientzia honekin hasi zirenetik. Urretxindorra proiektua Gizarte eta Kultura Proiekziorako Errektoreordetzaren Gizarte Ekintzarako Unitateak sustatu du, eta lankidetza ematen dute Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko Unesco Katedrak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, Dibertsitate, Orientazio eta Kulturaniztasun Zerbitzuaren bidez. Halaber, La Caixa Fundazioaren laguntza ekonomikoa du.

Programaren helburua da unibertsitateko ikasleak eta kultura eta testuinguru sozial ezberdinetako haurrak harremanetan jartzea, abiapuntutzat hartuta haien arteko harremana aukera ona dela beste esperientzia batzuk izateko, beste trebetasun batzuk lantzeko, eta pertsonarteko beste harreman modu batzuk edukitzeko. Ikasleen eta adingabeen arteko elkarreraginak bultzatuko ditu ulermena eta aniztasunarekiko errespetua, azken urteetan sortutako testuinguru kulturaniztun berrian. Xedea da esperientziak onura ekartzea adingabeei, haien familiei, ikastetxeari, unibertsitateko ikasleei eta Unibertsitateari berari.


Jolas eta kultura jarduerak hiru orduz astean


Aukeratutako ikasleek prestakuntza jasoko dute, aniztasun kulturalari, gaztetxoekin egoerei aurre egiteari edo familiarekin harremanak izateari buruzko gaietan. Laguntzeko lana urrian hasiko da. Josteta eta kultura jarduerak egingo dira aisialdian, hiru orduz astean, eta Unibertsitateak kontrolatuko dituen irizpideei jarraikiz.

Ikasle jagoleek harreman pertsonala garatu beharko dute adingabeekin, laguntza eskaintzeko eta haiendako eredu positiboa izateko. Jagolea izateak eskatzen du gaztetxoekin kalitatezko denbora eta arreta partekatzea eta jarduerak egitea, horien bidez beste itxaropen batzuk eta beste bizipen batzuk eskaintzeko. Jarduera bukatzen denean, ikasleek haien parte-hartzeari buruzko ebaluazio-txosten bat prestatuko dute.

Parte-hartzaile bakoitzak beka bat jasoko du, jarduerak egiten diren bitartean sortutako gastuak ordaintzeko. Beka bi epetan ordainduko da: 107 euro 2012ko azaroan eta 192 euro, gehienez ere, 2013ko otsailean. Ordainketak La Caixako Gizarte Ekintzak ematen dituen dirulaguntzen menpe egongo dira.

Proiektu honetan parte hartu nahi dutenek NUPek 2012-13 ikasturtean ematen dituen irakaskuntza ofizialetako ikasle izan behar dute, eta matrikulatuta egongo dira gradu ikasketetako bigarren edo ondorengo ikasmailetan, edo lehen edo bigarren zikloko edo graduondoko ikasketetan. Halaber, pertsonen arteko harremanetarako trebetasuna eta gizarte auzientzako sentikortasuna eduki behar dute. Bestalde, arratsaldez eta zenbait asteburutan aritzeko aukera eduki behar dute.