Miguel Ángel Gómez Laso eta José María Lopetegui Beregaña Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen taldea telekomunikazio sateliteentzako ezaugarri handiko osagaien belaunaldi berri bat diseinatzeko proiektu batean parte hartzen ari da. Valentziako Unibertsitate Politeknikoarekin eta Novalti eta Aurorasat enpresekin lankidetzan, mikrouhin gailuetan eta espazioko aplikazioetan daukaten ikerketa-ibilbide handia jarri dute proiektuan.
Gómez Laso Tecnología Elektronikoko irakasle titularrak azaldu duenez, proiektu honen helburua da “satelitearen osagaietako batzuk enpresen eta ikerketa taldeen elkartze eraginkor, malgu eta hurbil-errazago batek bitartekaririk gabe diseinatzeko aukera eskaintzea azken bezeroari”. Unibertsitateek beren berrikuntza-gaitasuna jartzen dute ezaugarri handiko mikrouhinen osagaiak diseinatzeko teknika berrien bidez. Mikrouhin horiek telekomunikazio sateliteen barruan dauden goi maiztasuneko blokeetan erabiliko dira.
"Sateliteko zama erabilgarrirako osagaien diseinua" izenburua duen proiektua INNPACTO azpiprograman dago eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatzen du. Novalti euskal enpresa da proiektuaren buru, eta Aurorasat valentziar enpresak ere parte hartzen du proiektuan. Lehenengo enpresak esperientzia handia du ekipo eta osagai aeronautiko eta aeroespazialen diseinu, garapen, ingeniaritza eta fabrikazio mekanikoan. 20tik gora urte daramatza sektore horretan lanean eta proiektuak garatu ditu enpresa liderrentzat. Bestalde, Aurorasat sektore espazialeko enpresa bat da, eta bere jarduera nagusia da mikrouhinen osagaien diseinurako merkataritzako softwarearen garapena.
Oraingo proiektuan, betetze-epea 2013ko abenduan amaitzen da. Novaltik gailuak egiteko ardura du, eta Aurorasatek simulazio elektromagnetikoak egiten ditu, gailuek funtzionamendu egokia dutela egiaztatzeko.
Honako hauek dira NUPen proiektu honetan parte hartzen duten beste ikertzaile batzuk: Fernando Teberio Berdún, Iván Arregui Padilla, Israel Arnedo Gil, Aintzane Lujambio Genua eta Magdalena Chudzik.
INNPACTO programaren helburu nagusia da proiektuak sortzea ikerketa erakundeen eta enpresen arteko lankidetzaren bidez, I+G+b proiektuak egiteko, jarduera berritzailea bultzatu, inbertsio pribatua mugiarazi, enplegua sortu eta herriaren balantza teknologikoa hobetzeko.