Joan eduki nagusira

José Luis Rodríguez Zapateroren agintaldien azken Hezkuntza ministroak, Ángel Gabilondok, bihar, uztailak 25, asteazkena, hasiera emango dio hezkuntza berriz pentsatzeari buruz Nafarroako Unibertsitate Publikoak Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko Unesco Katedraren bidez antolatu duen udako ikastaroari. Harekin batera egongo da Juan Carlos Tedesco, Cristina Fernández de Kirchner presidentearen agintaldian argentinar gobernuko Hezkuntza Ministerioaren titularra izan zena 2007 eta 2009. urteen artean.

Ikastaroa uztailaren 27ra arte luzatuko da eta Iruñeko Arrosadiko campuseko Sario eraikineko Fernando Remacha Aretoan emango da "Hezkuntza berriz pentsatzea, berrikuntzaren eta ekitatearen bidez. Eskola berria haur guztientzat" izenburupean. Ikastaroa Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen XII. edizioko programan dago. Udako ikastaroak Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren babesarekin sustatu dira.

Monografiko honek errealitate aldakor bat aztertuko du: eskola sisteman ematen den hezkuntza, aldaketak eta eraldaketak jasaten dituena. Izan ere, eskolan eragina duten gertaerak dira krisi ekonomikoa, familia guneen aldaketak, migrazio mugimenduak, kulturartekotasuna mundu globalizatuan, eta informazioaren gizartean irakasteko eta ikasteko moduan gertatzen diren aldaketak, besteak beste. Hortaz, eremu horretan dauden disfuntzioak aurkitzeko aukera ematen duten osagaiak iradoki, eta praktika berritzaileei buruz mintzatuko da ikastaroan.

Ikastaroaren hasierako hitzaldia emango du 2009 eta 2011. urteen artean ministro izandako eta egun Madrileko Unibertsitate Autonomoko katedradun Ángel Gabilondok. Hitzaldiaren izenburua da “«Ados»: hezkuntzan elkar ulertzearen balioa eta beharra” eta bihar hasiko da goizeko 9:30ean. Gero, 10:45ean, Juan Carlos Tedescok, San Andrés eta Nacional de San Martín Argentinako unibertsitateetako irakasleak, hartuko du hitza eta “Krisiak eta pobreziak. Gizarte ezberdintasun berriak, hezkuntza ezberdintasun berri eta zaharrak?” izenburuko hitzaldia eskainiko du.

Hezkuntza esperientzia Finlandian

Ikastaroan izango dira nazioarteko beste zenbait aditu ere, esaterako, Reijo Laukkanen, Finlandiako Nazioko Hezkuntza Batzordeko kontseilari eta irakaslea, herrialde nordiko horretako hezkuntza esperientzia azalduko duena. Hamabi hitzaldiez gain, zenbait gai aztertuko dira: aniztasuna ikasgelan, hizkuntza aniztasuna, 2.0 webgunearen garaiko irakaskuntza, edo gazteen prestakuntza DBHren ondoren, eta hiru mahai inguru egingo dira. Horietan erakutsiko dira besteak beste García Galdeano eta Sanduzelai (biak Iruñean) ikastegi publikoetan eta Udalaren haur eskoletan egindako esperientzia pedagogikoak.

Ikastaroaren zuzendariak dira Concepción Corera Oroz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko Unesco Katedraren zuzendaria eta Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko irakaslea; Jaume Funes Artiaga, psikologo, hezitzaile, kazetari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko graduondoko irakasle laguntzaile ere badena; eta Rubén Lasheras Ruiz, aipatu Katedrako kudeaketari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea dena.

Unibertsitatearen webgunean (www.unavarra.es) udako ikastaro honen egitarau osoa ekar daiteke behera. Lankidetzan aritu dira Nafarroako Unesco Zentroa, Herrikoa (Nafarroako Ikasleen Gurasoen Elkarteen Federazioa) eta Sortzen Ikasbatuaz elkartea, eta Nafarroako Kutxa-Banca Cívicaren finantzazioa izan du, besteak beste.