Insectus Zomorro lanak, NUPeko Matematika Saileko irakasle laguntzailea den Asier Estevan Mugertzarenak, Espainiako Matematika Erret Elkarteak, "Imaginary, begirada matematiko bat" erakusketaren haritik antolatu duen Surfer-RSME lehiaketaren laugarren saria lortu du. Sariketan 512 lan aurkeztu ziren. Erakusketa interaktiboa bisitatu zutenei gonbitea egiten zitzaien parte hartzeko, Surfer programa informatikoaren bidez egiten ahal zituzten sorkari artistikoak bidaliz.
Surfer Kaiserslauterngo Unibertsitate Teknikoak eta Oberwolfacheko Matematika Ikerketako Institutuak Imaginary erakusketarako garatu duten programa da, eta aukera ematen du gainazal algebraiko errealak erraz sortu eta ikusteko. Asier E. Mugertzak azaltzen duenez, “aurkeztu ziren gainazal gehienak abstraktuak zirela ikustean, naturaren edo gure inguruaren zerbait aurkeztea polita izango litzatekeela pentsatu nuen, lagunek eta lankideek ikus zezaten matematika ez dela bakarrik zer abstraktu bat, baizik eta denean aplikatzen ahal den tresna bat, horretarako pixka bat pentsatzen bada eta irudimena erabiltzen bada”.
NUPeko irakasle laguntzaile honek UPV/EHUn ikasi zuen matematika, eta gaur egun NUPeko Matematika Saileko "Ordenaren Matematika" izeneko ikerketa taldean lan egiten du, han egiten ari baita doktoretza tesia. Lehiaketan parte hartu izanari dagokionez, uste du Surfer Programa “programa bat dela eta edozeinek erabiltzen ahal duela zailtasun handirik gabe. Edonork ulertzen ahal duen gauza pare bat jakitea baizik ez da behar, eta kontu pixka bat edukitzea norberak buruan daukana ekuazioien bidez errepresentatzeko garaian”. Alabaina, gaian aditua den aldetik bai uste du ezen "zabaltzeko programa denez, ekuazioak errepresentatzeko gaitasun mugatua daukala; beraz, pixka bat konplexuagoak diren ekuazioak, Insectus Zomorrokoak bezalakoak, esaterako, irudikatzeko garaian, beharrezkoa da programak pentsatzen duen bezala pentsatzea, programak alferreko kalkuluak egin ditzan galarazteko".
Imaginary erakusketa, zeina Espainiatik zehar ibili zenean Iruñean egon baitzen duela urtebete, Oberwolfacheko (Alemania) Matematika Ikerketako Institutuak garatu zuenaren egokitzapen bat da, eta matematikarien eta artisten nazioarteko parte-hartzearen emaitza da. Bere gai gidaria da irudia imajinatutako errealitatearen eta objektu matematiko abstraktuen bistaratze zehatzaren arteko topagunea den aldetik.
Saritutako obrak
Epaimahaiak RSME-Surfer lehiaketan aurkeztu diren 512 lanak aztertu ditu 2012ko maiatzaren 31ra arte. Lehen hiru sarien irabazleak, jatorriak eta obren izenak honako hauek izan dira: Raúl Alonso Pérez, Valdemoroko Colegio Valle del Miroko DBHko 3. mailako ikaslea, “Red esférica” obrarengatik; Carbonero el Mayorreko (Segovia) Vega del Pirón B.H.I.ko irakasle-klaustroko Margarita García Sanz, “Cubo sideral” obrarengatik; eta Hiltrud Heinrich, Biologiako eta Kimikako irakase jubilatua, “Ohne Namen” obrarengatik.
Hamabost sarik jaso dute sariren bat, eta denak ikus daitezke erakusketaren web-orrialdean http://www.imaginary-exhibition.com/concurso/index2.php. "Imaginary, begirada matematiko bat" erakusketa ikusgai dago Granadan, abenduaren 15era arte, eta ondoren Galiziara joango da.