Joan eduki nagusira

zoom ezkerretik eskuinera, Francisco Javier Aramburu, Alfonso Carlosena eta José Torres, hitzarmena sinatzeko unean

ezkerretik eskuinera, Francisco Javier Aramburu, Alfonso Carlosena eta José Torres, hitzarmena sinatzeko unean

Nafarroako Unibertsitate Publikoko, “la Caixa” Fundazioko eta Nafarroako Ingurumen Kudeaketako ordezkariek lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Nafarroako bioaniztasunaren zaintza jarduerak garatzeko. Hitzarmen horren bitartez, NUPek 30.000 euroko diru ekarpena jasoko du “la Caixa”tik “Lurzoruaren erabilera iraunkorreko tekniken efektua, karbonoaren zikloan, nekazaritzako eskualde erdielkorretan” izeneko proiektua garatzeko. Alberto Enrique Martín, Edafologia eta Nekazaritza Kimikako irakaslea, izango da proiektua zuzenduko duena.

Ikerketa proiektua 2013ko ekainean amaituko da eta bere helburua da ebaluatzea karbonoaren zikloan lurzoruaren erabilerarako teknika desberdinen eragina, eta jakitea zein neurritan murrizten diren eskualde erdielkorretako nekazaritza produktuen karbono aztarnak. Horretarako aztertuko dira, batetik, nekazaritzako teknika desberdinen erabilera jarraikia izan duten Nafarroako eskualde erdielkorretako hainbat lurzati, eta, bestetik, azken 17 urteetan lurzoruaren erabilera ohikoa izan duen lekuko-lurzatia

Alberto Enrique Martín irakaslearekin batera, Paloma Bescansa Miquel, Iñigo Virto Quecedo eta María José Imaz Gurruchaga nekazaritza ingeniari doktoreek lan egingo dute proiektuan, bai eta María Concepción González Rego Kimika Zientzietan doktoreak ere.

Hitzarmena sinatzeko ekitaldian parte hartu dute NUPeko Ikerketa errektoreorde Alfonso Carlosena Garcíak; Francisco Javier Aramburu Anduezak “la Caixa” ordezkatuz; eta José Torres Ruizek Nafarroako Ingurumen Kudeaketaren izenean.

Hitzarmenaren arabera, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoaren bitartez, bere gain hartzen du aurreikusitako jardueren kudeaketa. Hortaz, enpresa publiko hori izango da “la Caixa” Fundazioak ematen dituen diru funtsak jasoko dituena eta, aldi berean, bioaniztasunaren zaintza jarduerak garatzeko erabiliko dituena.

Karbonoaren aztarna

Karbonoaren aztarnak ematen du ondasun edo zerbitzu baten ekoizpenaren baliokide den CO2 tona kopurua. Nekazaritzako jardueraren ondorioz ekoiztutako elikagaien kasuan, espero da ikerketa proiektu honen emaitzek ahalbidetuko diotela nekazaritzako elikagaieen arloari elikagaien ekoizpenean sorturiko berotegi efektuko gasen igorpena murrizteko neurriak hartu ahal izatea.

Lurzorua, gehienbat, osagai ez-organikoez osatua da, baina osagai organikoak dira ezinbesteko zeregina betetzen dutenak lurzoruak egonkortzeko eta haietan bizitza garatzeko. Karbono organikoa, nagusiki, landare hondakinen (landarearen lurpeko eta lurrez kanpoko zatien hondakin hilak) eta medeapen organikoen bidez iristen da lurzorura. Gai organikoen edukiak eta kalitateak adierazten dute landutako lurzoruen kalitatea, batik bat eskualde erdielkorretan eta elkorretan.

Landutako lurzoruetan karbono organikoaren zikloaren oreka aldatua da, batez ere landare biomasaren zati bat urtero esportatzen delako sistematik (uztatua), eta laborantzak aldaketa fisikoa dakarkiolako. Izan ere, karbono organikoaren galera da nekazaritza lurzoru anitzen degradazioaren jatorria. Horregatik, ikertzaileak saiatzen dira jakiten lurzoruaren erabilerarako zein sistemak ahalbidetzen duten lurzoruan dagoen gai organikoaren maila kontserbatzen eta handiagotzen eta, beraz, nekazaritzako etekinak areagotzen.