Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Camino Paredes, María José Irigoyen eta Eloisa Ramírez, Lizarrako erakusketaren inaugurazioan

Ezkerretik eskuinera, Camino Paredes, María José Irigoyen eta Eloisa Ramírez, Lizarrako erakusketaren inaugurazioan

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, sortu zenetik 25. urteurrena bete denez, erakusketa ibiltari bat antolatu du, arte garaikideko bildumaren parte bat erakusteko. Erakusketa gaur, uztailaren 5ean, ostegunean, zabalduko da, eta ikusgai egongo da irailaren 30era arte, Lizarrako Gustavo de Maeztu Museoan, gero, datozen hilabeteetan, Tuterako María Forcada Fundaziora eta Iruñeko Nafarroako Museora joateko. Hiru erakundeek, beren Udalen eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin, lankidetza estuan jardun dute erakusketa garatu eta hartzeko.

"Pintura eta Unibertsitatea. NUPen bilduma, bere 15. urteurrenean" da erakusketaren izenburua. Gaur aurkeztu da, Gustavo de Maeztu Museoan. Aurkezpenean honako hauek egon dira: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordea, Eloísa Ramírez Vaquero, Lizarrako jarduneko alkatea, María José Irigoyen Aznárez, eta Camino Paredes Giraldo, Lizarrako aipatutako museoaren zuzendaria eta erakusketaren koordinatzailea.

Hain zuzen ere, Camino Paredes izan da 25 pìezak aukeratu dituena (bat Unibertsitatearen urte bakoitzeko), "Nafarroako azken hamarkadetako pinturaren ikuspegi zehatza baino osatu gabea ikusteko" helburuarekin, erakusketaren katalogoan idazten duen bezala, bere ustez "norbanakoen eta taldekoen aukeren batuketa askotarikoa" dena, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren bildumakoak izatea baita lokari bakarra.

Honako hau da obra erakusten duten (pintura, marrazkia edo "collage" grafikoa) artisten zerrenda: José Ignacio Agorreta, Rafael Alberti, Juan José Aquerreta, Ángel Arbe, Alfonso Ascunce, Pedro Azqueta, Javier Balda, José Miguel Corral, Fco. Javier Ezquieta, Luis Garrido, Elena Goñi, Joaquín Ilundáin, Fernando Iriarte, Carlos López, Pedro Manterola, Xabier Morrás, Ignacio Muro, Pedro Osés, Belén Puyo, Mariano Royo, Pedro Salaberri, Dora Salazar eta Koldo Sebastián. Horietaz gainera, Antonio Eslavaren eta Jorge Oteizaren eskulturak daude.

"Haiek eta haien obrek -esaten digu Camino Paredesek katalogoan- ireki dizkiete ateak Nafarroako pintura modernoari", zeina baita, Gustavo de Maeztu Museoaren arabera, "Espainiako pinturaren indarguneetako bat", eta "jakiteko eta disfrutatzeko erreferentzia puntu bat". Izan ere, "aniztasun nabarmena gorabehera", Paredesek azken urteetan Foru Erkidegoan egin diren obrei batasuna ematen dieten konstante batzuk aletu ditu: "ofizio piktorikoaren aldeko grina", "materiaren erabilera neurtua eta sotila", "izadirako hurbilketa erreala edo irudimenezkoa", "kolorearen eta bere eraginaren tratamendu neurtua eta fina" eta "argiaren presentzia, gehienetan inguratzailea eta oso espirituala", besteak beste.

Unibertsitatearen ondarea zabaltzea

Unibertsitatearen historian lehen aldiz, unibertsitatearen arte-fondoak Nafarroako hiru museo hauetara eramateko ekimenaren helburua, unibertsitatearen ondarea Nafarroako gizartera hurbiltzea da; izan ere, unibertsitateak gizartearen zerbitzuan garatzen ditu irakaskuntza, ikerketa eta unibertsitate zabalpeneko jarduerak, Nafarroako Parlamentuak, 1987. urtean sortu zuenean, agindu zuen bezala.

Ez da ahaztu behar Unibertsitatearen ardura ez dela bakarrik ondare artistikoa sortzea eta zaintzea, baizik eta unibertsitate komunitatearen eta are gizarte osoaren heziketa artistikoaren alde lan egiten duela, eta horretarako hedapena-ekintzak egiten ditu. Horregatik, erakusketa, Lizarran egon eta gero, Tuterako María Forcada Fundazioan egongo da, urriaren 5etik azaroaren 18ra, eta ondoren, Nafarroako Museoan, azaroaren 27tik otsailaren 10era.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, hasieratik, konpromisoa eduki du artearekin, eta horren ondorioz arte-bilduma propio baten jabea da. Bilduma honen ezaugarrietako da, batez ere, arte garaikidea izatea, eta beste bat, bertan Foru Erkidegoko artistek, edo bertan bizi direnek, presentzia handia daukatela. Bilduma hau 1990. urtean hasi zen egiten, Rafael Alberti poetak eskerrak eman zituenean Unibertsitatea bisitatzera gonbidatu zutelako; eskerrak emateko, bere uso ezagun horietako bat marraztu zuen errotuladorez, eta Unibertsitateari eskaini. Ordutik aurrera, Nafarroako Unibertsitate Publikoak obrak batzuk erosi, beste batzuk opari moduan jaso eta beste batzuk enkargatu ditu, egun daukan arte-bilduma osatu arte.