Joan eduki nagusira

zoom Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle talde bat, lanerako prestakuntza ikastaro batean

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle talde bat, lanerako prestakuntza ikastaro batean

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitate-Gizarte Fundazioak bere Enplegu Arloaren bidez kudeatutako ikasleentzako eta tituludunentzako prestakuntza-praktiken kopurua % 6,8 hazi da. Programa hauetan parte hartu dutenen laneratze-indizea % 47koa da.

Unibertsitate-Gizarte Fundazioak argitaratutako azken jarduera-txostenak biltzen dituen datuetariko batzuk dira horiek. Erakundeak 2011. urtean egindako jardueren balantzea aztertu du lanak.

Txosten horren arabera, 124 lankidetza hitzarmen berri izenpetu ziren 2011n. Beraz, osotara, 1.755 hitzarmen daude indarrean hainbat enpresa eta instituziorekin. Beken bidez 4,3 milioi euro baino gehixeago ordaindu zituen fundazioak, eta osotara 613.793 euro jaso zituen enpresa eta instituzioen aldetik praktikak eta lan eskaintzak kudeatzeagatik. Aurreko urteko kopuruarekin alderatuz, % 4 hazi da aurten.

Aztertu den denbora tartean, 4.409 lagunek jaso zuten lan-orientabidea Enplegu Arloaren bidez; izan ere, aurreko ikasturtean baino % 14 gehiago. Era berean, 657 banakako tutoretza egin ziren laneratzea errazteko, eta 149 pertsonak parte hartu zuten ikasturte osoan lan bila modu aktiboan aritzeko egin ziren 12 lantegietan, eta nazioarteko praktikak kudeatu ziren europar erkidegoko eta erkidegotik kanpoko 16 herrialdetan.

Gogobetetasun mailari buruzko datuak ere biltzen ditu txostenak, eta erakusten du bekadunen % 98 pozik dagoela bere praktikarekin, eta % 99k praktika programa gomendatuko luketela.

Balantze positiboa

Enplegu Arloan 2011n lortutako datuen balantze positiboa egin du Fundazioak, praktiken jarduera nabarmen hazi baita.

2011n egin ziren gauza garrantzitsuen artean daude Fundazioak Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin sinatu zuen hitzarmena datuak trukatzeko eta unibertsitateko egresatuen laneratzea aztertzeko aukera ematen duena, edo Gaitasun Profesionalak Ebaluatzeko Sistema praktiken prestakuntza programetan.

Bere Enplegu Arloaren helburu nagusia da unibertsitateko ikasketak amaitu dituztenei enplegu kualifikatuetarako sarbidea erraztea, eta xede horrekin antolatzen du bere jarduera nagusia: praktikak enpresetan edo instituzioetan. Beste jarduera batzuk osagarri eta lagungarri dira helburu hori lortzeko, hala nola lanbide-orientazioa, unibertsitate-gizarte topaketak sustatzea, lan eskaintzak kudeatzea eta enpleguaren behatokia.