Joan eduki nagusira

zoom Zenbait ikasle, lehenagoko Hautaprobetako deialdian.

Zenbait ikasle, lehenagoko Hautaprobetako deialdian.

Guztira 561 ikasle nafarrek azterketa egingo dute, ekainaren 27tik, asteazkenetik aurrera, Unibertsitatean Sartzeko Probaren ohiz kanpoko deialdian. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Iruñeko eta Tuterako campusetan izango da. Selektibitatea ere deitzen den proba honen lehen deialdia ekainaren 6, 7 eta 8an izan zen, eta ikasleen % 94,23k gainditu zuen.

Oraingo honetan aurkezten diren 561 ikasletatik, 448 ikaslek aldi orokorra eta aldi espezifikoa egingo dituzte. Aldi espezifikoa borondatezkoa da eta azken nota igotzeko balio du. 57 ikaslek fase orokorra baizik ez dute egingo, eta azkenik, 56 ikaslek aldi espezifikoa bakarrik egingo dute. Beste alde batetik, matrikularen arabera, 434 ikaslek gaztelaniaz egingo dute proba, eta 127 ikaslek euskaraz. Aurkezten diren guztien artean, 271 gizonezkoak dira eta 290, emakumezkoak.

Probak asteazken honetan hasiko dira, eta ekainaren 29, ostiralera arte luzatuko dira. Hiru epaimahai izango dira. Hiru horietako bi Arrosadiko campusean egongo dira (bat gaztelaniaz eta bestea euskaraz), eta hirugarrena Tuterako campusean. Ikastetxe bakoitzari zer epaimahai dagokion, edo probak zer ordutan diren jakiteko, aski da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean begiratzea: www.unavarra.es.


Notak, uztailaren 4an


Aurreikusten denaren arabera, epaimahaiek datorren uztailaren 4an emango dizkiete notak ikastetxeetako ordezkariei. Aurten izan den berrikuntzarik garrantzizkoena da ikasleek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdearen bidez begiratzen ahal dutela lortu dute nota, institutu, ikastetxe eta ikastolei eman zitzaien pasahitza sartuz gero. Norbanako pasahitz hori bera erabili behar izan dute ikasleek gaur, ekainaren 26an, bukatzen den 2012-2013 ikasturterako aurreinskripzio prozesuan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak egiten du probetarako deialdia, Nafarroako Unibertsitate barrutiko ikasleen probez arduratzen den erakundea baita.