Joan eduki nagusira

zoom 1.	Argazki oina: Alfonso Carlosean Ikerketa errektore ordea (ezkerrean) eta Miguel Laparra, NUPeko irakaslea eta CIPARAIISeko zuzendaria

1. Argazki oina: Alfonso Carlosean Ikerketa errektore ordea (ezkerrean) eta Miguel Laparra, NUPeko irakaslea eta CIPARAIISeko zuzendaria

Nafarroako Unibertsitate Publikoak "Krisialdiaren eragina 2007-2011. Nafarroako desberdintasunari, pobreziari eta gizarte bazterketari buruzko I. txostena" izeneko argitalpena aurkeztu du. Berdintasunerako eta Gizarte Integraziorako Ikerketa Zentroak (CIPARAIIS) egin du txostena. Txostenak Nafarroako egoera sozialari buruzko informazio sistema sistematizatu baten beharra ikusten du, eta Foru Erkidegoaren erradiografia bat eskaintzen du. Horren arabera, desberdintasun adierazle txiki samarrak daude, baina pobrezia larria bikoiztu egin da azken urteetan, eta 30.000 pertsona inguru daude egun pobrezia larrian.

CIPARAIIS zentroa lankidetza plataforma bat da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako biztanleria baztertuenari laguntzen eskarmentua daukaten hainbat erakunde sozialen artekoa: Caritas, Gurutze Gorria, Gaztelan Fundazioa, Ilundain Fundazioa eta Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren aurkako Sarea. Desberdintasun, pobrezia eta bazterketa arazoei, haiek sortzen dituzten arrazoiei eta haiei aurre egiteko behar diren konponbideei aplikatutako ikerketa soziala da bere helburua.

Lehendabiziko txosten hau lankidetza estu honen emaitza da. NUPeko 17 ikertzailek eta gizarte erakundeetako 40tik gora profesionalek parte hartu dute lan horretan.

Txosteneko datuen arabera, Nafarroak pobrezia adierazle txiki samarrak ditu: biztanleriaren % 20a 4,4 aldiz aberatsagoa da txiroenen % 20a baino –Danimarkak duenaren pareko maila–, eta Gini adierazlea (herrialde bateko diru-sarreren desberdintasunaren adierazlea) 0,25 da, Suediak eta Finlandiak dutenaren artekoa. Desberdintasun orokor hori oraindik ez da asko hazi Nafarroan krisialdiarekin. Diru-sarrera eskasak dituzten biztanle kopurua ere ez da hazi (batez besteko baliokidearen % 60ren azpitik): % 7,3 estatuko mailaren azpitik eta % 17 eskualdeko atalasearen azpitik.

Baina pobrezia larria bikoiztu egin da: 2008ra arte % 2,3 inguruan zegoen, eta 2009-10 aldian % 4,2 ingurukoa izatera igaro da. 25.000tik 30.000ra bitartekoa da pobrezia larriaren eskualde atalasearen azpitik dauden pertsonen kopurua, Europar Batasuneko datu okerrenetako bat. Haurren pobrezia larria batez bestekoa (% 9,1) halako bi baino handiagoa da. Bakarrik dauden pertsonak (% 8), langabetuak (% 13,6) eta kide gehien dituzten familiak (% 16, bost kide edo gehiago dituzten familietan) dira kaltetuenak. Emakumeen pobrezia larria ere gizonena baino handiagoa da (% 4,7), eta egoera irauli egin da krisialdiaren aurretik zegoen egoerarekin alderatzen badugu.

Halaber, txostenak erakusten du txiroak orain txiroagoak direla, diru-sarreren defizitak nabarmen egin baitu gora: % 29 zen 2006-08 aldian, eta orain % 50 da. Txiroek egun dituzten diru-sarrerak bikoiztu beharko lituzkete, beraz, txiro izateari uzteko.

Langabeziaren eragin handiagoa eta babesik eza

Bestalde, txostenak langabeziaren eragina aipatzen du, askoz ere txikiagoa baitzen Nafarroan (% 14) Estatuan baino (% 23) 2011. urtearen amaieran. Nolanahi ere, gaztigatzen du Nafarroan langabeziak eragin handiagoa duela zenbait familia behartsuetan: Nafarroako familia aktiboen % 6,5ek kide guztiak langabezian dituzte. Hortik dator Biztanleria Aktiboaren Inkestak (BAI) jasotzen duen diru-sarrerarik gabeko familien ehunekoa. 2007an % 1,4 ziren, eta % 2,9ra igo da, estatu osoko ehunekoaren antzeko proportzioan (% 3). Horrek esan nahi du Nafarroako 7.000 familiatan langabeziak daukan eragina ezin dela konpentsatu beste pertsona batzuen lanarekin.

Txostenak aipatzen du, halaber, Espainiako babes sozialerako sistemak, langabezia egoerak eta premia sozialeko egoerak estaltzeko iraungitze epea baitauka, frogatu egin duela bereziki desegokia dela iraupen luzeko krisialdi batek sortutako premiei erantzuteko.

Oinarrizko Errentak diru-sarrerarik gabeko familia kopuruaren hazkundea eragotzi beharko zukeen. Baina, frogatu da programako sarrera eta irteeren intentsitateak, tramitazioan izaten diren atzerapenek (4.000 familia zeuden itxaron-zerrendan 2011ko amaieran) eta araudi berriek babes arloan ekarritako murrizketek badirudi sistemaren estaldura gaitasuna nabarmen mugatu dutela. Izan ere, gizarte erakundeen arabera, dagoeneko 3.000 familia gelditu dira programaren babesik gabe, dagoeneko 24 hilabetez izan dutelako babes hori. Arazo honek ez die atzerritarrei eragiten soilik, baizik eta bertakoei ere bai, eta ez da mugatzen nagusietara, haurrak dituzten familietara ere hedatzen baita.

Gizarte erakundeei egindako eskaera-kopurua % 35 hazi da, eta arazo premiazkoenetan jarri behar izan dute arreta laguntzazkoak gehiago diren erantzunekin (laguntza ekonomikoak, janaria, arropa...), eta horrek ekarri du bigarren mailan utzi behar izatea bestelako esku-hartze mota bat, gizarte sustapenera bideratuagoa dagoena eta epe luzean eraginkorragoa dena. Bestalde, txostenak dio, diru-sarreren murrizketak ez diela bizi-baldintzei bakarrik eragiten, baizik eta pertsonen osasunari eta buru estimuari ere bai, gainkarga fisiko eta mentalagatik, eta arazoak denboran zehar luzatzea eta bizikidetzan gatazkak areagotea ekar dezake horrek.

CIPARAIISeko erakundeetako ordezkariak NUPeko campusean.Beste arrisku batzuk: genero berdintasuna eta etorkinak

Emakumeek hobeki egin diote aurre krisiari, eta enplegu-tasari eutsi diote, are igoeraren batekin ere (% 48,8 2011n), eta gizonekiko aldea erdira baino gutxiagora jaitsiarazi dute (10 puntu 2011n), txostenak adierazten duenez. Soldaten aldea ere txikiagotzen ari da, nahiz eta 2009an % 21,1 izan. Langabezia, krisirik gabeko garai onetan, bi aldiz handiagoa zen emakumeen artean gizonen artean baino, eta urte hauetan, aldiz, berdindu da, ia-ia: puntu bat gehiago baino ez da (% 13,3 2011n). Hala ere, etxea emakume batek aurrera eramaten duenean, probabilitate handiagoa da familia hori diru-sarrerarik gabe geldi dadin, gizon batek eramaten duenean baino (% 2,5 eta % 2, hurrenez hurren). Pobrezia larriaren tasa, berriro ere, handiagoa da emakumeen artean, eta 2009-10 epean % 4,7ra iritsi zen. Emakumeen enplegua prekarioagoa izatea eta gizarte-babeserako sarrera txikiagoa izatea dira horren arrazoiak.

Beste alde batetik, krisiak atzerriko biztanleriari eragin dio, batez ere, eta hori leungarria izan da gainerakoentzat. Uneren batean (2008-2011) langabezian gelditu diren pertsonen % 30 atzerritarrak dira, eta atzerritarra izateak % 80 gehitzen du langabeziak jota gelditzeko probabilitatea. Europako erkidegotik kanpoko etorkinen langabezia-tasa 3 aldiz handiagoa da Nafarroan espainiar nazionalitatekoek daukatena baino: % 24, 2011n. Beren enplegu-tasa (% 60), 12 puntu beheratu da; izan ere, ia hirukoiztu egin du bertakoena, baina oraindik handiagoa da erkidegotik kanpoko biztanlerian.

Familian diru-sarrerarik ez daukaten familien ehunekoa, atzerriko biztanlerian (% 6,4), lau aldiz handiagoa da bertako biztanleriaren kasuan baino (% 1,6). Urte hauetan azken hauen artean arazo honek ez du igoerarik izan, ia. Orain den ereduaren arabera, etorkinen biztanleriak, gizartean txertatzeko, lan-merkatuan arrakasta eduki behar duenez gero, txostenak dio langabezia-esperientziek auzitan jarriko luketela gizarteratzeko prozesua. Bereziki talde hau kontuan hartzen duen informazio askorik ez dago, baina nabarmena da osasunaren pertzepzioan dagoen eragina: kanpoko biztanleriaren 2/3ek baizik ez dute esaten beren osasun-egoera ona edo oso ona dela, 2008. urtean baino 23 puntu gutxiago.

Gizarte egoerari buruzko informaziorik ez dago

Txostenak salatzen du Nafarroan ez zaiola krisiaren eragin sozialari era sakon eta sistematikoan aurre egin; hau da, ez dela hartu diru-sarrerarik gabeko familien kopuruaren edo pobrezia eta bazterketa egoeran dagoen biztanleriaren daturik. Aldiz, oso bestela jokatu da BPGri, enpleguari edo foru erkidegoaren defizitari dagozkion erakusle ekonomikoak jarraitzeko garaian. Txostenaren egileentzat, hau gertatzen da, neurri handi batean, Nafarroak ez daukalako kalitatezko informazio-sistemarik, etxe ahulenen bizi-baldintzak nolakoak diren jakiteko. Ez dago, ezta ere, gizarte zerbitzuetara joaten diren herritarren gaineko informazio publikorik, eta ez dago jakiterik zeintzuk diren sare honen arazoak, erantzuteko gaitasuna, eskaintzak, edo, azken batean, pobrezia eta bazterketa egoeran dagoen biztanleriaren balizko eskaera.

Hutsune hauen aurrean, CIPARAIIS zentroak bi helburu dauzka. Alde batetik, eta dauzkan ahalen arabera, noski, Nafarroako gizarteak, bere lehentasunak ezartzeko, behar duen informazioa biltzea. Eta beste alde batetik, administrazio publikoei eskatzea behar diren baliabideak ipin ditzaten informazio garrantzizko hau hiritarren eskura jartzeko, eremu honetako erabakiak arrazoiz har daitezen.

Gizarte eredua mehatxupean

Azkenik, txostenak dio krisia, urte hauetan guztietan, sorrarazten ari den gizarte-tentsioak, eta bere luzapenak, hasieran inork uste zuenaren aurka, auzitan jartzen dutela gizarte-eredua, eta hamarkada askotako gizarte-lorpenak desegingo dituztelako mehatxua dakartzatela. Txostenaren egileen arabera, prozesu honek giza-kapitalaren eta gizarte-kapitalaren galera dakar, eta honek oso modu larrian baldintzatuko ditu suspertzeko aukerak, eta gerora agian sortuko diren ekoizpen-eredua eta gizarte-eredua. Horregatik, uste dute oso interesgarria dela hartu diren neurriak berraztertzea, eta krisiak gehien jo dituen gizarte-sektoreentzako erreskate-plan bat prestatzea.