José Miguel Múgica Grijalba Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedraduna da 1993. urtetik, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (1984), eta NUPeko Doktoretza Eskolako zuzendari izendatua izan da. Eskola horrek bilduko ditu doktoretzako ikasketa eta jarduera guztiak, doktoretza baita kalitatezko ikerketa zientifikoarekin lotutako gaitasunak eta trebetasunak eskuratzeko unibertsitate ikasketa ofizialen hirugarren zikloa.
Doktoretza Eskola —joan den maiatzean onetsi zuen NUPeko Gobernu Kontseiluak bere sorrera— diziplina anitzekoa eta diziplina artekoa izango da, eta edozein jakintza arlotako doktoretza programak bilduko ditu. Zehazki, Unibertsitatean prestakuntzan dabiltzan ikertzaile guztien topagune eta elkarreraginerako gunea izango da, eta zientzien, ingeniaritzen, giza zientzien eta gizarte zientzien arteko elkarrizketa sustatuko da.
Múgica Grijalba Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziadun egin zen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (1977), eta doktore titulua bertan erdietsi zuen 1984an. 1978 eta 1980. urteen artean graduondoko ikasketak egin zituen Madison-Wisconsin Unibertsitatean. Prestakuntza akademiko eta ikertzailea bukatu ondoren, irakasle titular lanean jardun zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan 1993. urtera arte, urte hartan Nafarroako Unibertsitate Publikoan hartu baitzuen Merkaturatzea eta Merkatuen Ikerketako katedradun lanpostuaren jabetza. Ordutik erakunde honi lotuta egon da, nahiz eta 2003tik 2005era zerbitzu eginkizunetan jardun zuen Madrilgo Carlos III Unibertsitatean, eta 2006tik 2011ra Aragoiko Unibertsitate Kalitaterako eta Prospektibarako Agentziako zuzendaria izan zen.
Ikerketa jarduerari dagokionez, aldizkarietan argitaratutako 50 lanetik gorako egile-kidea eta liburuen lankidea da, eta biltzar eta konferentzietan aurkeztutako 50 baino komunikazio gehiagoren egilea da. Jarduera horrek CNEAI Ikerketa Jarduera Ebaluatzeko Batzorde Nazionalaren aldeko txostena du, eta bost seiurteko ditu aitortuak jarraian 1981 eta 2011. urteen artean. José Miguel Múgica ikerketa proiektuen ikertzaile nagusia eta koordinatzailea izan da nazio mailako deialdietan, ikerketa jarduera ebaluatzeko batzorde nazionaletan parte hartu du eta nazioko eta nazioarteko zientzia aldizkari batzuetako argitalpen kontseiluko kide izan da.
Azkenik, NUPen unibertsitate kudeaketan bete dituen kargu nagusiak Enpresen Kudeaketa Saileko zuzendari (1996-1999) eta Plangintza eta Gai Ekonomikoetarako errektoreorde (1999-2003) karguak dira.
Doktoretza Eskola
Doktoretza ikasketen arau berriek, 2011n gai horri buruzko Errege Dekretu bat onetsi baitzen, unibertsitateei doktoretza eskolak sortzeko aukera aitortzen die, doktoretzaren inguruan dituzten estrategiak sustatzeko. Estatuko legeria honetan biltzen dira Europako gomendioak doktoretzari dagokionez, doktoretza, ikerketa karreraren lehen etapa izateaz gain, inguru konplexuetan aurrera egiteko gai diren, eta ekiteko eta erabakitzeko ahalmena duten, eta jakintzan oinarritzen den hazkunde ereduan laguntzen duten profesionalak sortzen dituen unibertsitate zikloa izan dadin.
NUPeko Doktoretza Eskola saiatuko da doktoreen prestakuntza hobetzen, bai ikerketarekin bai zeharkako gaitasunekin lotutako alderdietan. Gainera, eskolak doktoreak gizartean eta ehun produktiboan txerta daitezen lagundu behar du, eta haien arteko lotura iraunkorrak sortu, doktoreen geroko bizitza profesionalean.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak badu asmoa Eskolaren jardueretan parte har dezaten kanpoko entitateek, ikerketa zentro publikoek, enpresa publiko edo pribatuek eta gizarte-erakundeek, lortzeko doktoretza hobeki egokitzea gizartearen beharretara.