Joan eduki nagusira

zoom Gemma Piérola Narvarte

Gemma Piérola Narvarte

Emakumearen errealitate soziala diktadura frankistaren garaian, Falange eta Acción Católicako Emakumeen Atalak egindako doktrinatzea, zentsura eta errepresioa izan dira Gemma Piérola Narvartek “Mujer e ideología en la dictadura franquista. Navarra 1939-1960” izenburua duen doktoretza tesian aztertu dituen gain nagusiak. Bere lanean aipatzen duenez, "gerra amaitzean estatuaren autoritarismoa eta elizaren moralina herritarren eguneroko bizitzako gune eta denbora guztietan nagusitu ziren aldi bat hasi zen. Ez zen bakea hasi; garaipena antolatzea zen kontua".

Gemma Piérola Geografia eta Historian lizentziadunak egindako doktoretza tesia Emilio Majuelo Gil Nafarroako Unibertsitate Publikoko Geografia eta Historia Saileko Historia Garaikideko irakasleak zuzendu du, eta cum laude kalifikazioa lortu du aho batez. Bere ikerketan, Piérolak idatzizko iturriak egiaztatu ditu, eta analisia ahozko iturriekin osatu du, 55etik 96ra urte bitarteko adinetan dauden emakumeei egindako 27 elkarrizketaren bidez.
Azterketa egiteko Nafarroa aukeratu izana zor zaio "Frankismo garaiari dagokionez emakumeei buruz historiografian dagoen hutsune handiari, bai eta alderdi zehatzetara sakontasun handiagoz hurbiltzeko aukerari ere; esaterako, genero diskurtsoaren ezarpena eta zabalpena komunikabideen bidez, emakumeen erakunde ofizialen ezarpen maila, elkarrengandik aldentzen diren iritziak eta Nafarroako emakumeek berek duten hautemateko era".

Eginkizun bat esparru pribatuan

Ikerketaren egileak egiaztatu du Falangeko Emakumeen Atalak eta Acción Católicako emakumeen adarrek garrantzi handia izan zutela "emakumeen populazioaren parte handi baten prestakuntzan, doktrinatzean eta sailkapenean, erakunde haiek zituzten emakume eredu eta eskemen arabera, bere eginkizuna eta bere bizitza garatzeko guneak finkatzeko. Eginkizun horrek emakume-emazte eskema bati jarraitzen zion, etxeko esparru pribatura mugatua, eta, aldi berean, guztiz bat zetorren Eliza Katolikoak emakumearentzat proposatzen zituen irizpideekin.

Testuinguru horretan arautu zen halaber, gizarte-ardatz nagusia: familia, balio politiko handia hartu baitzuen, eta haren barnean, emakumeak, estatuko eta erlijio erakundeek honen profila nabarmendu baitzuten, eta hura betetzeko, ezkontzaren sakramentuak bedeinkatua behar zuen eta nahitaezko amatasunak definitua, halako eran non sexu gozamenaren sentimendurik ez baitzuen izan behar. Ezkontzan baino ezin zuen emakumeak bere burua gauzatu, modu naturalean, eta, kasu honetan, modu sozial eta politikoan eman zitzaion egitekoa".

Gemma Piérolak azaldu duenez, familiaren bidez emakumea erregimenaren berme eta legitimatzaile bihurtzen saiatu ziren bai emakumeen erakundeak eta bai erlijio erakundea. "Nafarroan, Falange eta Acción Católicaz gainera, Margaritas elkarteak izan ziren, emakume karlistak. Beste bi erakundeen antzeko oinarri ideologikoak bazituzten ere, planteamendu desberdinak zituzten, eta ez ziren bide beretik joan, eta sarri gatazkan eta elkarren aurka aritu ziren."

Alde horretatik, tradizionalismoa "hobeki ezarrita zegoen. Bat-egitearen arbuioa agerikoa izan zen Falangetik jasotako itsuskeri eta arbitrariotasun mordoaren aurrean. Bere Emakumeen Atalaren zuzendaritzak ezin izan zuen ulertu, zergatik ezin zitezkeen, formalki antzeko diskurtsoa izanda, bi sentsibilitateak erakunde politiko sendo batean integratu".
Ikertzaile honen iritzian, "frogatuta dago Nafarroan falangistek ez zituztela beste probintzia batzuetan adina jarraitzaile izan". Ondorioz, Nafarroako Emakumeen Atalak afiliatu gutxi izan zituen, eta eskainitako prestakuntzarekiko gogorik eza eta axolagabekeria nagusitu ziren emakumeen artean. Obeditu zen, batzuetan bete zen eta oso gutxitan bereganatu zen. Diskurtsoaren bereganatze txiki hori izango zen garapen urteetan oro har populazioak eta bereziki emakumeek hainbat esparrutatik eta helburu desberdinekin hasi berri zituzten mobilizazioen oinarri".

Geografian eta Historian lizentziaduna, Gemma Piérolak Bigarren Hezkuntzako eskolak ematen ditu egun. Bere ikerketa-ibilbidean hamabost bat artikulu argitaratu ditu, eta hizlari gisa parte hartu du emakumearen azken aldiko historiarekin eta emakumeak XX. mendean izan duen egitekoarekin lotutako hainbat hitzaldi ziklotan. Halaber, Iruñeko Udalarekin elkarlanean, hainbat ikerketa proiektutan lankidetzan aritu da.