Ezkerretik eskuinera, Eloísa Ramírez errektoreordea, Josu Eguaras eta Edurne Almirantearena saridunak, Alberto Catalán Parlamentuko presidentea eta Joquín Mencos, Jaime Brunet Patronatuko presidenteordea.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak ostegun honetan, ekainaren 7an, eman die Giza Eskubideak Sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria 2011 Nazioarteko Bake Brigadei (Peace Brigades International, PBI). Epaimahaiak erabaki du 2011ko saria Nazioarteko Bake Brigadei ematea, beren "lan eskergagatik", giza eskubideen defendatzaileei lagun egin eta nazioarteko babesa emanez "eraso edo mehatxu handiak pairatu eta egoera larri eta ahulenean dauden tokietan".
Saria 19:00etan eman da Errektoretzako eraikineko patioan eta han izan dira, beste agintari batzuen artean, Alberto Catalán Higueras Parlamentuko lehendakaria eta Jaime Brunet Fundazioko ohorezko lehendakariordea, Eloísa Ramírez Vaquero Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordea eta Fundazioko patronatuko kideak. Unibertsitateko Abesbatzak parte hartu du ekitaldian.
Jaime Brunet Saria 2011ko epaimahaiko erabakiaren irakurketak hasiera eman dio hasiera ekitaldiari. Javier Blázquez Ruiz Fundazioko idazkariak irakurri du erabakia. Sariak Nazioarteko Bake Brigadetako boluntarioen zeregina aitortzen du. Boluntario horiek, hautaketa eta prestakuntza prozesu baten ondoren "begirale eta laguntzaile lana egiten dute gatazkan dauden eskualdeetan, giza eskubideen defendatzaileek pairatzen dituzten mehatxuak eragozteko, eta, horrela, giza eskubideak babesteko ez ezik, gizartea askoz ere irekiagoa eta askotarikoagoa bihurtzeko".
Epaimahaiak nabarmendu ditu Nazioarteko Bake Brigadetako boluntarioen "ahalegin eta aritzea", mehatxupean dauden pertsona eta erakundeak babesteko; horretarako laguntza lanak egiten dituzte, egunean 24 ordutara arte, eta elkarrizketa kanpainak, herrialde eta eskualde mailakoak, edozein gatazkatan dauden legezko solaskide guztiekin, horiek izanik mehatxupean dauden indigenen herrixkak, giza eskubideen aldeko erakundeetako buruzagiak, abokatu defendatzaileak, edo diskriminatuta dagoen edozein talde sozial."
Gero, saria eman da: 36.000 euroko diru-kopurua, ziurtagiri diploma bat eta "Sáenz de Oizari omenaldia" Jorge Oteizak egindako eskulturaren erreprodukzio bat. Jatorrizkoa Arrosadiko Campusean dago. Saria Edurne Almirantearena Larrañeta eta Josu Eguaras Gurbindok jaso dute, Nazioarteko Bake Brigaden ordezkariak Nafarroan.
Beren hitzaldian, Edurne Almirantearena eta Josu Eguarasek Jaime Brunet Fundazioak emandako sariagatik eskerrak eman dituzte. Azaldu dutenez, sariak "gure burua, eskuak eta, batez ere, gure bihotza elikatzen ditu". Oso garrantzitsua da, gauden abagune historiko honetan, giza eskubideak beste premia eta krisi batzuen menpe baitaude, NUP bezalako erakunde batek benetan garrantzitsua denaren aldeko apustua egiten jarraitzea, gure eskubideen alderdi gizatiarraren alde egitea, alegia, adierazi dute GKEak Nafarroan dituen ordezkariek. Beren aburuz, saria eskainita dago "lagun egiten diegun giza eskubideen defendatzaileei, bizia arriskatzen baitute egunero beren mundua pixka bat bidezkoagoa egiteko".
Lagun egiten espezializatutako GKE bat
Nazioarteko Bake Brigadak GKEa 1981ean sortu zen. Giza eskubideen defentsan eta gatazkak indarkeria ezaren bidez konpontzeko sustapenean lan egite du. Bere espezialitatea da nazioarteko behaketa eta lagun egitea, giza eskubideen urraketak eragozteko tresnak baitira. Bere bulego nagusia Londresen dago (Erresuma Batua) eta 14 herrialdetan ditu egoitzak.
GKE honek begirale estatusa du Nazio Batuen aurrean; nazioarteko begiraleak bidaltzen ditu krisian eta gatazkan dauden eskualdeetan lekuko izateko. Boluntarioen taldeek haien presentziaren bidez babesa ematen diete indarkeria politikoagatik heriotzaren edo bahiketaren mehatxupean dauden pertsonei. Boluntario hauek, aldez aurretik hautatu eta gaitu direnak, bertan egoten dira.
Nazioarteko Bake Brigadak erakundea lanean aritzen da, betiere, dagoen herrialdeko gobernuaren baimen esplizituarekin, eta estatu horren barne legeria betez. Herri batean parte hartzen hasi aurretik tokiko erakundeen eskaera espresua behar du. Gaur egun Guatemalan, Kolonbian, Mexikon eta Nepalen ari da, eta lehenagotik babes eta bitartekaritza lanak bete ditu El Salvadorren, Sri Lankan, Kanadan, Haitin, Filipinetan eta Indonesian.
Nazioarteko Bake Brigaden funtzionamendua, ia osorik, boluntarioen bidezkoa da, eta egitura ez horizontala eta ez hierarkikoa da, adostasuna erabiliz erabakiak hartzeko. Duen egitura txikia, bakar-bakarrik koordinaketak eta kudeaketak eskatzen dutena da. Espainian, esate baterako, koordinketa bulego bat du Santanderren, bi kontratudunekin, eta zazpi talde ditu, beste hainbeste autonomia erkidegotan, Nafarroa barne.
Nafarroako Foru Komunitatean Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak, eta beste zenbait udalek, Erroibarkoak, esate baterako, ematen diote finantza-laguntza Nazioarteko Bake Brigaden proiektu bati, Kolonbian giza eskubideen defendatzaileei lagun egiteko. 1994.urteaz geroztik, eta orain arte, bederatzi nafarrek hartu dute parte, boluntario gisa, Kolonbiako proiektu horretan, lagun egiteko eta "lobby"politiko gisa.
Fundazioa eta Jaime Brunet Saria
Jaime Brunet Fundazioa Kultura Fundazio pribatua da, gizarte interesa eta izaera iraunkorra dituena, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak ezabatzea. Fundazioak helburu horietara bideraturiko jarduerak eta balio horien errespetuarekin loturiko azterketak sustatzen ditu.
Fundazioak, besteak beste, Jaime Brunet Romero sarirako deialdia egiten du ondoko hauek saritzeko: lan zientifiko bat; lan literario zein ikus-entzunezko bat; edo giza eskubideen sustapenean nabarmendu den pertsona zein erakunde baten ibilbidea. Guztira, fundazioak Jaime Brunet Naizoarteko hamabi Sari eman ditu, 1998. urteaz geroztik. Azkena Yoani Sánchez Kubako kazetari eta bloguerari eman zion.
Jaime Brunet Romero Baionan (Frantzia) jaio zen 1926ko uztailaren 20an, eta 1992ko urtarrilaren 4an zendu zen Donostian (Gipuzkoa). XVIII. mendean Gipuzkoara etorritako kataluniar ekintzaileen familia batean jaio zen (han garatu zuten industria jarduera garrantzitsua), eta ideia liberaletan eta bere garaiarekiko ikusmolde kritikoan hezi zuten. Aitak bideratu zuen Zuzenbide ikasketetara. Jaime Brunet Goitia, bere aita, alderdi errepublikanoaren burua eta Udaleko alkateordea izan zen Donostian, non bere aitona eta birraitona alkate izanak baitziren lehenago. Valladolideko unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta han irakasle laguntzaile ibili zen aldi batez.
Irakurle porrokatua zen, eta hizkuntzak ikasteko grina zuen. Azken zaletasun horri esker, erraz moldatu zen egin zituen makina bat bidaiatan. Izan ere, bere garaiko zailtasunak izan arren, hogeita hamarretik gora herrialdetan ibili zen. Aitortzen zuenez, bidaia horietan konturatu zen eta ulertu zuen orain bezala zenbat diskriminazio eta bortizkeria dagoen, zenbat gehiegikeria egiten dituzten boteretsuek behartsuen aurka, eta zer-nolako erraztasunarekin urratzen diren egunero gizakiaren oinarrizko eskubideak.
Bizitzako azken urteetan giza eskubideen egoera eta herritarraren askatasunaren defentsa bihurtu ziren bere kezka nagusi, bai eta administrazio publikoaren gehiegikerien aurrean ere. Ondorengo zuzenik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurka oldarrarazten zuten sentimenduek bultzatuta, erabaki zuen bere ondarea oinordetzan uztea, bere izena izango zuen fundazio bat sortu ahal izateko bera hil eta gero. Fundazio horren helburua da giza eskubideak hedatzea, eta beren alde egindako lanarengatik aitorpen hau jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzea. Hala bada, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zen egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.