Ezkerretik eskuinera, Irene López-Goñi liburuaren egilea, eta Eloísa Ramírez errektoreordea, Jorge Oteizaren eskultura baten ondoan
Nafarroako Unibertsitate Publikoak Iruñeko Arrosadiko campusean publikoarentzat ikusgai dauden arte-obrak biltzen dituen gidaliburua bat editatu du. Irene López-Goñi Psikologia eta Pedagogia saileko irakaslea da argitalpenaren egilea. Liburuaren izenburua "Art-te-osadía / Ausar-te-dia" da, eta hamahiru artista ezagunen hamalau obra (gehienak eskulturak) biltzen ditu. Artisten artean, Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea edo José Antonio Eslava daude. Horretaz aparte, Francisco Javier Sáenz de Oiza nafar arkitektoak diseinatu zituen campuseko eraikinen erreferentzia bat dago.
Argitalpena gaur, maiatzaren 17an, asteartean, aurkeztu da, prentsaurreko batean, zeinean Eloísa Ramírez Vaquero Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordeak eta Irene López-Goñi egileak hartu baitute parte. Aurkezpena Museoen Nazioarteko Eguna ospatzen den astean egin da, egun hori maiatzaren 18an izango baita. Izan ere, Unibertsitateak ere egun hau ospatuko du. Aurtengo egunaren leloa hauxe da: "Museoak mundu aldakor batean. Erronka berriak, inspirazio berriak". Unibertsitateak bat egingo du ospakizunarekin, eta horretarako “Ar-te-osadia / Ausar-te-dia” gidaliburuak biltzen dituen lanak ikusteko bisita gidatua eta doakoa egingo du. Elena Eraso Fernándezek, Artearen Historian lizentziadunak eta arte-hezkuntza adituak gidatuko du bisita. Bisita 17:00etan hasiko da, ikasgelategiaren eta Arrosadiko campuseko liburutegiaren artean dagoen plazan. Bertara doazenek gidaliburua jasoko dute, opari.
Gidaliburua elebiduna da, hau da, gaztelaniaz eta euskaraz dago, eta izenburua asmatzeko, campusari izena ematen dion Arrosadia euskal toponimoan oinarritutako hitz joko bat egin da. Arrosadia izenari, gaztelaniaz, bi letra gaineratu zaizkio toponimoak "arte" hitza eduki dezan. Honek beste izen bat sortzen du, "osadia". Beste izen honen euskal itzulpena "ausardia" da, eta beste izen honi ere "arte" hitza gaineratu zaio.
Publikoarentzako ikusgai dauden obrak
66 orriko gidaliburu honetan biltzen diren obrak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arte-bilduma osatzen duten 186 obratako fondotik aukeratu dira. Bilduma honen irizpidea da Arrosadiko campuseko toki irisgarrietan egon behar dutela, mundu guztiak ikusi ahal izateko. Hauxe da eskultura askoren egoera (horietako asko kanpoan daude), baita zenbait pinturarena ere. Egile gehienak nafarrak dira edo Foru Erkidegoan bizi dira, edo nolabaiteko harremana eduki dute lur honekin.
Horrela, gidaliburuak campuseko lorategietan erakusten diren eskulturak biltzen ditu: “Esfera partida", Faustino Aizkorberena,; “Argi Izpia eta Oreka”, José Ramón Andarena; “Doctor Navarro. Homenaje a Martín de Azpilicueta”, Nestor Basterretxearena; “Círculo del deporte”, Josep Blasco i Canetena; “Empatía II”, Henriette Boutensena; “Ritmo Vital”, Henri Lenaertsena; “Fuga”, Javier Murorena; “Encuentro”, Clemente Ochoarena; “Homenaje a Sáenz de Oiza. Participación del espacio por oposición de dos diedros”, Jorge Oteizarena; eta “La proa de la poesía. Homenaje a Joan Brossa”, Ricardo Ugarterena.
Atari zabaleko museo honi liburutegi barruko obrak gaineratzen zaizkio: “Rey Teobaldo” eskultura, José Antonio Eslavarena, eta “Inochi (Cocoro)-Vida (Corazón)” eta “Nozomi (Kiboo)-Esperanza (Anhelo)” bi hoirma-kaligrafiak, nazioartean ospea bildu duen ekialdeko kaligrafia-maisua den Bokuden Matsuda japoniarrarenak. Jantokietako eraikuntzaren barruan, bestalde, Josep Guinovart i Bertranen "Entorno a la fiesta de San Fermín" horma-irudia dago.
Gidaliburuak badauka, baita ere, Francisco Javier Sáenz de Oiza arkitektoak diseinatu zituen Arrosadiko campuseko eraikin-multzoen deskribapen bat. Liburutegia hartzen da aintzat, batez ere. Irene López-Goñik dioenaren arabera, "katedralaren arima dauka", eta "NUPen egiazko bihotza da".
Mila gidaliburu inprimatu dira. Horretaz aparte, honako helbide honetatik jaits daiteke, baita ere: http://www1.unavarra.es/cultura/patrimonio-artistico. Gidaliburuaren egitura berdina da, obrak ezagutu eta testuinguruan jartzeko: egilearen biografia bat, obra bakoitzaren deskribapena, argazkiekin, eta artista bakoitzaren obra publikoaren laburpen bat.
Unibertsitatearen arte bilduma
Nafarroako Unibertsitate Publikoak, hasieratik, konpromisoa eduki du artearekin, eta horren ondorioz arte-bilduma propio baten jabea da. Bilduma honen ezaugarrietako da, batez ere, arte garaikidea izatea, eta beste bat, bertan Foru Erkidegoko artistek, edo bertan bizi direnek, presentzia handia daukatela. Bilduma hau 1992. urtean hasi zen egiten, Rafael Alberti poetak eskerrak eman zituenean Unibertsitatea bisitatzera gonbidatu zutelako; eskerrak emateko, bere uso ezagun horietako bat marraztu zuen errotuladorez, eta Unibertsitateari oparitu. Ordutik hona, Unibertsitateak hainbat obra erosi ditu, eta beste batzuk oparitu dizkiote; azkenean, lehen esan bezala, 186 obra daude bilduman.
Eloísa Ramírez errektoreordeak gidaliburuaren hitzaurrean idatzi duenaren arabera, "irizpidea izan da, uneoro, artea dela, hain zuzen, kulturaren adierazpen esanguratsuenetako bat, eta sustatu eta balioetsi behar dela, eta gizarte osoarengana hurbildu. Eginkizun hauek zentzu osoa hartzen dute unibertsitate batean". Eginkizun horiek betetzeko, Unibertsitateak hainbestean behin erakusketak antolatzen ditu Iruñeko eta Tuterako campusetan, publikoarentzat irekirik ez dauden bulego eta aretoetan dauden obrak ere ikusgai egon daitezen.
Irene López-Goñiren curriculuma
Gidaliburuaren egilea da Irene López-Goñi. Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV-EHU) Pedagogian lizentziaduna eta doktorea da. Nafarroako ikastolen historia izan zen bere doktoretzaren tesiaren gaia; gero liburu bat argitaratu zuen, tesia oinarri hartuta. Liburuaren izenburua hauxe zen: “Ikastola: un movimiento popular y pedagógico” (Fundación Euskara Kultur Elkargoa). Gaur egun Nafarroako Unibertsitate Publikoko Psikologia eta Pedagogia Saileko irakasle elkartua da López-Goñi, eta Nafarroako Ikastolen Elkarteko aholkulari pedagogikoa da.
Ikertzailea den aldetik, López-Goñi irakaslearen espezializazio-eremuak honako hauek dira: hezkuntzaren historia, hezkuntza konparatua eta irakasleen prestakuntza. Bere lanak bi liburutan eta hainbat artikulutan argitaratu dira. Artikulu horietako batzuk nazioarteko aldizkarietan argitaratu dira. Esaterako, History of Education” eta “History of Education Quaterly” aldizkarietan. Horretaz gain, Nafarroako Gobernuak finantzatutako ikerketa-proiektu bat zuzendu du, Europako hainbat herrialdetako irakasletza-curriculumei buruzkoa.
Halaber, artearekin eta hezkuntzarekin zerikusia zuten proiektu batzuetan lan egin izan du. Gaur egun proiektu horietako batean dago sartuta, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa talde batekin, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren finantzazioarekin. Proiektu horren helburua ikusizko kultura eta artea aztertzea da, eta honako hau da izenburua: “Jóvenes productores de cultura visual: competencias y saberes artísticos en Educación Secundaria”.